Ikasturte amaierako koplak

Oihane Perea

Oihane Perea

2021-07-05

Ikasturte amaierako koplak –

25 urte izango dira bertsoaren didaktikaz lehen aldiz hausnartu nuenetik, lehen aldiz bertso-eskola baten ardura hartu nuen garaia eta nerabezaroaren azken txanpa batera etorri zitzaizkian. Orduan Xabier Amurizaren hausnarketak ziren helduleku bakarrak eta hortik tiratuta hasi ginen, intuizioz beste ezer baino gehiago, beste asko bezala. Bat-batekotasuna garrantzitsua zela bagenekien eta idatziz bertsoak ongi egiten ikasteak ez zuela bermatzen salto hori, batzuetan salto erraldoi ere bilakatzen zena. Baino ez ginen ausartzen oro har paperak alde batera uztera.

Azken urteetan ordea uretara salto egin, lehendik eraikitako gauza asko hankaz gora jarri eta metodologiari astindu bat eman diogu, bat-batekotasuna ardatzean jarriz. Mikel Artola izan da guzti horretan probokatzaile nagusia, eta gure soroslea ere bide batez. Kontuak kontu bertsolaritzaren irakaskuntzari astindu ederra ematen ari gara Euskal Herri osoan.  

Pertsonalki aldaketa honek orain arte egindako gauza asko kuestionatu eta 0-tik hastera behartu nau, eta jakin badakit nik inork baino hobeto hori zeinen gogorra den adin batetik aurrera. Ustez dena kontrolpean daukazunean 20 urte zenitueneko babesgabetasunera bueltatzea, dena asmatzeke dagoeneko garaira atzera egitea, hasierako kasilara nolabaiteko buelta. Baino ez dugu bakarrik egin zorionez eta kalitate handiko aholkulari, jarduera eta materialak izan ditugu bidelagun. Irakasle bezala erabat gaztetu nau prozesu honek eta hori ere ez da makala, beste hainbeste urtez irakaskuntzan segitzeko indarra eta bizipoza eman dizkidala sumatzen dut eta.

Emaitzei begiratzeko unea ere bada ikasturte amaiera, eta Araban ari da bere fruituak ematen, balorazioei begiratu azkar bat emanez eskolak oso pozik daude metodologiari eman diogun bultzada berriarekin, euskararentzako txute bikoitza izan baita bat-batekotasuna  lehenestea. Eta ikasleak ere txoratzen daude oro har. Baita hizkuntzarekin konfiantza falta eta zailtasunak dituztenak ere.  Bertso-eskola berriak atera dira hainbat herritan, ikasleak bat-batekoarekin “biziatu” egin dira eta.

Bertso-eskoletan ere horretan sakontzeko ahalegina egin dugu eta Arabako bertso-eskoletako irakasle taldea buru belarri sartu da berrikuntzan.  Horren adierazgarri da  14 urtez azpiko eskolartekoan 5 eskualde ezberdinetatik etorritako 51 haur izan ditugula inprobisatzen. Erokeria eder bat. 

Kopla asko entzun ditugu aurten. Kopla ez baita zortziko erdi bat, txikia izan arren. Eta tamainaz zer esango dizuet nik ba…  Txikia bai baino eskasa ez. 
 
Ikasturte amaierako koplak

Gasteizko Txusta tabernan Gasteizko Bertso-eskola. Urtea: aspaldi!

Ikasturte amaierako koplak