Ainhoa Agirreazaldegi

Internetik gabeko bertsolaria

Internetik gabeko bertsolaria –

Denbora neraman neure buruaz kezkatuta: azken urteotan, ikaragarri jaitsi da irakurri dudan liburu kopurua. Lehen, libre nuen tarte guztietan, ia seguru aldean eramango nuen libururen bati itsatsiko nizkion begiak. Azken urteotan, ordea, beste zereginik gabeko denbora-tarte guztiak telefono mugikorrera itsatsita igaro ditut: egunkarietako, aldizkarietako, eta sare sozialek bideratutako hango eta hemengo helbideetako berri edo artikuluak irakurtzen.

Internetik gabeko bertsolaria“Desengantxatu beharra daukazu”, esaten nion neure buruari. Baina nire barruko bertsolaria zen desengantxatzen uzten ez zidana. Nire barruko bertsolaria, artikulugilea, euskara-irakaslea… Azken-azken berriak, Euskal Herriko zein mundu mailako informazioa, gertutik jarraitu beharra neukala esaten zidana. Irakurri, liseritu, zeurea sortu. Badakit ez nagoela nire iritzia etengabe eskatzen didaten ataka horretan, ez nabilela plazarik plaza, baina informatuta egoteko beharrak ez du plaza kopuruaz ulertzen. Nahikoa da bi hilabetean behin saio bat izatea, urte osoa aktualitatearen menpe emateko.

“Telefonoarekiko menpekotasuna –ongi esanda, informatuta egon beharrarekiko menpekotasuna litzateke, baina–, telefonoarekiko menpekotasun hori errotik moztu behar duzu” esaka nenbilela iritsi da udako oporraldia, eta etorri naiz kanpinera denbora luzerako. Hemen ez dago, gune jakin batean ez bada, etxean bezala, 24 orduz wifirik.. Eta Internetik gabeko bizitza esperimentu gisa probatu duten guztiena bezalaxe, nire bizitza ere asko aldatu da.

Denbora irabazi dut. Denbora lineala, Interneten etenik gabeko denbora. Orain eta hemen egoteko denbora. Neure buruarekin egoteko denbora. Ingurukoekin egoteko denbora. Irakurtzeko denbora. Eta gogoa. Orain eta hemen, neure buruarekin nahiz ingurukoekin egoteko gogoa. Irakurtzekoa.

Laugarren liburuarekin ari naiz oraintxe. Egunean ez ditut 5 minutu egiten sare sozialetako loturei tiraka. Proportzionalki zuzenak dira bi gertaerok. Baina ez nago erabat lasai agendan hurrengo asteko bertso-saioa markatuta ikusten dudanean.

Internetik gabeko bertsolaria