Fredi Paia
Fredi Paia

2021-04-07

Itzulpen bat irudimenaz

Itzulpen bat irudimenaz –

“Irudimen” eta “irudimentsu” hitzak erabili ohi ditugu, zalantzarik egin gabe, erraz bereizi ezineko ezaugarri komunak ei dituzten hainbat fenomeno adierazteko. Iruditzen zaigu ironia, umorea, pikardia, komedia, zuhurtasuna, asmakuntza, originalitatea, parodia, txistea, erdibideko adierazpenak, bizitasuna, satira zein eleberria irudimenari datxezkiola. Ikasketa prozesuak errealitate horiek guztiak bateratu ditu gure oroitzapen linguistikoan. Zer dute, baina, komunean? Wittgensteinek nagikeria xaloz erantzun zuen: “familia bereko kideek izan ohi duten antzekotasuna”. Izan ere, “familia antzekotasuna” erabilgarritasunik gabeko irizpidea da, neurrigabeki malgua delako. Esaterako, txinatarrekin alderatuta europar guztiok dugu nolabaiteko “familia antzekotasuna”; eta krokodiloekin erkatuta, gizaki guztiok dugu zelanbaiteko elkarren antza. Inork esan izan balio Freudi norbanako baten amets guztiek nolabaiteko “familia antzekotasuna” dutela, ez entzunarena egingo ziokeen. Harago heldu nahi bait zuen, irudimen onirikoa arautzen zuen logika sekretua ulertzea zuen helburu.

Irudimentsua den adierazpen ororekin ondoen uztartzen den adjektiboa “freskoa” omen. Hartan ere, jatorri alemaniarreko “freskura” hitzak berarekin gorde ditu sustrai etimologikoak: “gaztetasun”, “trebetasun” eta “bizitasun” kontzeptuak. Freskoak oraindik erabilia izan ez denaren jasa dauka, ur geldi bihurtu gabe biziberritzen da etengabe, ez die uzten errutinei zirkuito bihurtzen. Freskura bat-batekotasuna da, aurrez jakin uste dugunaren mugarik eza, existentzia ebazlea. Baina ezaugarriok instituzionalizatu-kaiolatu gura direnean, freskurak keinu pikaroa hartu ohi du; bizitasun dibertigarrirako joera garatzen du. Bertute buruarinaren eta pekatu baimenduaren artean jolasten da, zabuka. Eta jarrera hori hartzen duenean, Kierkegaarden modukoak haserretzen zaizkio. Pascali jarraituz, duintasun tragikoari iskintxo egin eta libertimenduetan jardutea egozten diote marmartiek freskurari, hots, irudimenari. Beste behin ere, “familia antzekotasun” bat egozten diete pertsona irudimentsuei: ez dira serioak, ez diote olgatzeari uzten, etengabe aldatzen dira eta ezinegon horren iturburua da: a ne se savoir pas se tenir en repos dans une chambre. Edo freskuraz esanda: egunerokoaren monotonia jasateko ezintasuna.

Ondorioz, Marinaren esanetan, ondokoa litzateke irudimenaren definizio posible bat: Inteligentziak, jolasten bizitzeko, ontzen duen egitasmoa. Haren helburua sortzeko askatasuna erdiestea da, gurtza interesatu eta arau zurrunetatik urrun. Bere metodoa: errealitatearen debaluazio orokorra. Askatasuna, loturen ondoriozko abantaila-promozioaren arbuioa, errealitatearen debaluazioa eta jolasa.

 

Itzulpen bat irudimenaz

Itzulpen bat irudimenaz