Enare Muniategi
Enare Muniategi

2022-03-15

Kantuz

Kantuz –

“Kantatzera noazu bertso edo bat edo bi, herenegun jarriak” bizitzarekin topo egin duen gazte arruntari.

 

Kantuz

 

“Gure txikitako kantak, kanta ederrenak gaur egun entzuten ez direnak” izaten dira askotan ezin izaten ditugunak burutik kendu, umezaroan “kantari eskolara” joaten ginenean ikasitakoak. Baina, bizitzak aurrera egin du, denbora ez da alperrik pasa eta nahiz eta “oi kanta berri” ugari ezagutu orain, jakina da “nola kanta hala bizi” garela.

Pirritx eta Porrotxek ondo erakutsi digute “kantatzen ez duenak zorionik ez du”-ela, eta ume hori barrutik irteten zaigu, nahi baino maizago batzuei, eta nahi baino gutxiagotan besteei.

Nerabezarora pasa, eta kaskoen barruan inork ez molestatzeko moduko bolumenean jarritako doinuak sartzen ditugu gure burmuineko discoduroan. Erromerietan borobilean egoten ginen kuadrillan,, oihu eta dantza, “kantatzen duen herria ez da inoiz hilko” eta goizaldeko hirurak momentu aproposa da bizirik sentitzeko. “Kantuz daramazkit nik gauak, kantuarekin” horrela joaten ziren larunbat gauak, lehenengo tragoarekin eta azkenengoarekin, etxera orduz heltzearekin nahiko izaten genuen sasoian.

Eta esan bezala, denbora ez da alperrik pasa, eta konturatu orduko ez zahartzaro, ez helduaro, ez nerabezaro eta ez umezaro, hanka bat juergarako gogotsu eta bestea ostirala noiz iritsiko deskantsatu ahal izateko. Lanez gainezka egotearen gurpilean sartuta, nahiz eta pentsatu: “ezin nauzu hain errez bihurtu numero”, eta umoretsu “kantari esnatzen naiz goizero goizero”, nahikoa ete da ostiralera bizirik heltzeko?

Ostiralera ez dakit nola helduko naizen, baina, badakit gaurko egunera nola iritsi naizen. Bertsoan eta bizitzan dena ez da goxoa eta batzuetan “kanta garratz mikatza” tokatzen zaigu, baina, bizitzak estutu arren, edonoiz bueltatu gaitezke umetako kantuetara, “cantar, a la vida cantar” baino ez baitugu egin behar penak alegratzeko.  Eta hori egin beharko dugu, oholtzan zein dutxa azpian, kantatu, “porque cantando se alegran, cielito lindo, los corazones”, eta gogor eta osasuntsu beharko ditugu bihotzak, bizitzarekin topo egiteko beste aro baten ere.

“Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi” hemendik aurrera ere.

Kantuz