Enare Muniategi
Enare Muniategi

2023-11-03

Kargatzen

Kargatzen –

Hartzen ditugun ardurak, berez datozenak, etorri datozela jakin ez eta konturatu gabe gure kolkoan daramatzagunak.

 

Kargatzen

 

Hartzen ditugun erabakiak, edo besteek esleituak, beste zerbait erabakitzeko bidean albo kalte bezala egokitzen direnak.

Geure buruari jartzen dizkiogun mugak, gure bilurretatik sortutakoak, kanpo estimuluetatik babesteko ezarritakoak.

Geure buruari jartzen dizkiogun etiketak, ingurukoek jarritakoak, gure ustezko ezaugarriek definitutakoak.

Ardurak, mugak, etiketak, geure erabakiz (edo ez) hartutakoak, jarritakoak, jasotakoak. Izen bat zein beste jarri, presioa mozorrorik gabe etortzen da sarri, eta sorbalda gainean daramagu egun osoan zehar, hainbat egunetan zehar. Demagun puntuatzen diren saioeri buruz nabilela hitz egiten, baina, bizitzara are aplikagarriagoa da.

Gure helburuetara heltzeko (edo egitekoak duintasunez betetzeko) erritmo jakin bati eutsi behar izaten zaio, eta kargak eusteko pilak oso kargatuta eduki behar dira; are gehiago, plazan, jendaurrean; eta zer esanik ez txapelketa garaian. Baina, Duracell-eko untxia bat baino ez dago, besteok pertsonak gara, eta sorbalda gaineko dena eutsi eta eramateko, martxan egon behar da, burua exigentzia maila altuetan edukitzeko gasolina tankea beteta egon behar izaten da. Tamalez edo zorionez, batzuetan kotxea aparkatzen dugu. Beste batzutan mandoaren pilak atera, berriro jarri eta pare bat buelta emanda martxan jartzen da berriro, halan da ere, karga amaitzen danean aldatu egin behar izaten dira pilak, ostantzean, aparatua ez da piztuko.

Erritmoa, presioa, karga, zama, eustea, eramatea. Hartutakoa, jarritakoa zein jasotakoa. Ez gara makinak, ez gara aparatuak, eta entxufatuta ere ez gara energiaz betetzen. Tamalez edo zorionez batzuetan deskargatuta gaude, apur baten baketan bizitzeko baino ez bada ere.

Kargatzen