Iker Gorosterrazu
Iker Gorosterrazu

2020-05-27

Kontraerranak

Kontraerranak –

KontraerranakZeinen garestia den liburu bat! Zenbat kobratzen duten musikariek! Ordubeteko antzezlanerako hainbertze ordaintzea ez al da gehiegi? Bertsolari batek hainbertze irabazten badu saio bakoitzeko erraz aberastuko da! Koadro batengatik ezin da hainbertze eskatu! Marrazkiak egitetik soilik bizi da?! Zenbat kostatzen da bada kartel bat egitea? Pelikula ziztrin bat ikusteko kartera hustu dut!

Zeinen garrantzitsua den sormena lantzea eskoletan. Arazoei aurre egiteko irudimena beharrezkoa da. Herriaren izana kulturaren bidez garatzen da. Norberaren garapenerako sorkuntzaren balioa ezinbertzekoa da. Sortzaileen lana gutxiegi baloratua dago.

Esaldi guzti hauek bere burua ezkertiar, aurrerakoi, abertzale, komunista, sozialista…tzat duen lagunei entzundakoak dira. Denok ditugu kontraerranak eta onartzea bertzerik ez dagokigu (ala aldatu ez bada gutxitu ditzakegu, ezta?).

Ez dut txaparik sartuko kontu honekin, sentitzen dudana adierazi nahi nuke bakarrik. Tristura, pena, amorrua, haserrea, kezka, egonezina,… sortu ohi didate lagunarteko eztabaidetan horrelako solasek. Irudipena dut beti justifikatzen ari naizela justifikatu beharrik ez duen zerbait. Are gehiago, ulertezina iruditzen zait jarrera kontraerrankor hau.

Datorren gizarte berri honetan sortzaileen inguruko hausnarketa gure etxe zein ingurunetik behar den bezala hasteko unea da. Kanpora begira denbora gehiegi daramagu eta etxetik hasi gaitezen herri honen kultur zein sormen ekoizpenak baloratzen. Izan ere, euskal kulturaren alde guztiok omen gaude, baina nork egiten du gero bere alde? Instituzioen zain egon gabe badago zer egin.

Eta bai, hausnarketarako lehenengo premisa argi eduki behar genuke: herri kultura ezin da inoiz dirutan baloratu. Edo bai? Zertan eta zertarako xahutzen dugu gure dirua?

Testu hau ere niri iritziaren antzera kontraerranez beteta dago baina aitzinera begira sentitzen dudana adierazi nahi nuke bakarrik: ilusioa, gogoa, poza, motibazioa,…

Kontraerranak