Kristona

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2017-08-21

Kristona –

Eta bat-batean, plazarik plaza urteak daramatzan bertsokideak esaten dizu: “uste duzunean leku posible denetan abestu duzula, hona iristen zara”. Harriduraz eta hunkiduraz ari gara, Donamariko klausurako mojen komentuan. Ez da gutxiagorako, herriko hirurogei gazte ditugu parranda betean gure bueltan eta mojak parean, eurei kantuan eta eurekin kontutan.

Donamarin urtero egiten den saio hau ezaguna da bertsolarien artean, berezitasun horrexegatik. Herri bazkari jendetsuaren ostean saiotxo bat egin eta kalejiran joaten dira gazteak komentura, mojei bisita egitera. Klausurako komentuak ate-zabalik itxaroten du zita, lehen trikiti-doinuari txaloka edo dantzan erantzunez. Hamar segundoan eraldatzen da gela, isiltasunetik kantu-hotsera, patxadatik desfasera. Bertsoaldiak mojen abestiekin eta gazteen dantzekin tartekatzen dira, bisitan zehar. Ziurrenik bertsotan ikusi dudan kontrasterik nabarmenena, ederra bere bakarrean.

Bertsoak beti izan du lekua elizaren bueltan, izan meza berezietan edo jai egun seinaleetan; edo izan leku aproposagorik ezean eliza bertso-areto bilakatu duten kasuetan. Antolatzaile batzuen kezka izaten da horrelakoetan ea bertsolariek ze jarrera hartuko duten, agian sinestun izan ez eta elizan kantatzea desegoki ikusiko duten … eta beste aldetik ere pentsa liteke, zenbait elizkoik kezka izan dezakeela festetako bertso saio arrunta elizara ekartzean, bertan abestu litezkeen ideia “desegokiengatik”.

Bertsolarien artean oso iritzi desberdinak egongo dira gai honekiko seguru asko, erlijioarekiko lotura desberdina den heinean. Nik ere nire zalantzak nituen komentura kantura sartzean, pentsatzen dudana kanta ote nezakeen, ze jarrera topatuko ote genuen. Baina bertsolaritzaren mikro-munduan hain pertsona desberdinak kabitzen bagara, zergatik ez da berdin izango komentuan?

Esaerak dio urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Kasu honetan gerturatzean aurreikusi baino gehiago eta mamitsuagoak ziren. Eta hantxe bi bertsolari, eurei kantuan, gure inpresioa  bertsoz azalduz, komunitate horrekiko zenbait irudi berreraikiz. Eta tira, aurreiritziak hobeto irensten dira mojek egindako erroskilekin.

Kristona
Kristona