Arkaitz Estiballes
Arkaitz Estiballes

2021-07-02

Lekanda

Lekanda –

Goiz jaiki naiz gaur. Beharbada, ekainaren 30a delako eta oraindik zutabe hau idatzi gabe neukalako. Enkarguak “biharko” utzi zale naiz, “bihar” hori noiz helduko zain. Ohetik jaikitzerakoan bi gauza ikusten ditut goizero, eskailerapean bizikleta eta sukaldeko leihotik Lekanda mendia. Badakit bizikletaren kateei buruz hitz egin behar nizuela baina “izorrai, hi ere biharko” pentsatu dut bizikleta zaharrari begira; akaso uztailean hustuko dizkizuet barren horiek. Sukaldetik Lekandara begira jarri eta ordenagailua piztu dut, goizeko 6.30ak dira.

 

Lekanda

 

Lainotuta esnatu da Lekanda, nire gogoa bezala. Mendi miresgarria iruditu zait beti Gorbeiari so dagoen haitz handi hori. Umetatik izan diot miresmena eta Gorbeiari baino maitasun handiagoa eskaini diot, beharbada Gorbeiako tontorrean gurutzea dagoelako eta Lekandan Atxularko igarobidea. Mitologikoagoa iruditu zait beti Itxinako ingurune hori, misteriotsuagoa da Lekanda.

Ez da misterioa, baina gutxik jakingo duzue CEOE-ko (Confederación Española de Organizaciones Empresariales) lehendakariaren bigarren abizena Lecanda dela, Antonio Garamendi Lecandaz ari natzaizue, hain zuzen ere. Getxoztarra da Antonio, enpresari familia baten oinordekoa, Rafael Garamendi Aldecoaren semea. Zuretik ezpala. Nire Lekandatik bere Lecandara dezenteko aldea dagoela iruditu zait eta ahopeka kantuan hasi naiz: Lekandapean urduri, otsoek hainbet ulubi, herri bakarra bagara ere ikusten dodaz mundu bi…

Antonio Garamendiren izena bolo-bolo ibili da hedabideetan azken asteotan, Kataluniako preso politikoak indultatzearen karira. “Indultuok Kataluniara estabilitatea eta normaltasun egoera balekarte, ongi etorriak bitez” esan zuen hedabideen aurrean, eta txistuak jaso zituen. Bere hitzak gaizki ulertu zirela esan zuen hurrengo egunean, baina horrek ez zuen oihartzun bera izan. Handik egun gutxira, 200 enpresariren aurrean jasotako elkartasuna eskertu zien Antoniok eta 199 txaloka hasi ziren, Garamendik negarrari ekin zion. “¡No llores, que eres vasco!” oihukatu zion enpresari batek.

Ez dakit Garamendik inoiz negarrik egin duen langileengatik: lan istripuz hil direnengatik, lan baldintza duinik ez daukatenengatik, amiantoak gaixotutakoengatik, hilabete bukaerara iristen ez direnengatik… Garamendik jasan duen presiogatik egin omen zuen negar. Negar egin bezperan, erregearen besarkada jaso omen zuen. Ahopeka kantuan hasi naiz berriz ere: enperadorearen zaldirik onenek negar egin omen zuten…

Bertsolariok ere, negar, ahopeka egiten dugula esango nuke, oholtzatik jaitsi ostean eta konfiantzazko laguna parean suertatuz gero. “Orain dela 30 urte kobratzen genuena ari gara kobratzen egun ere”, “Lehengoan saiotik bueltan istripua izan nuen”, “Alokairua ordaintzeko zailtasunekin nabil”, “Mikrofonorik ere ez ziguten jarri saio hartan”.  Holako esaldiak sarri entzun ditut. Ez dakit ohartzen garen, baina lan baldintzez, soldata duinaz, prekarietateaz ari gara hizketan. Kultura ekoizten dugu baina ez du gainbaliorik, inor gutxiri axola dio zein prezio eta baldintzatan sortzen den euskal kultura orohar.

 Horregatik, gehienetan geure artean egiten dugu negar, gure negarrak bistaratuz gero laster legokeelako “¡No llores, que ere vasco!” oihukatu zuen haren antzekoren bat honako esaldiren batekin: “Zuok bertsolariok, bai bizi!”, “Zuok ere beti negarrez!”.

 

Nik gaur bizikletaren kateei buruz idatzi nahi nizuen, Bertsolari aldizkarian ordaintzen didatenarengatik konpromiso lar zen, hurrengo hilabeterako utziko dugu. Gaur Garamendik bezala negar egitea erabaki dut, biok euskaldunak omen eta.

Antonio Garamendi Lecandak abizen euskaldunak ditu, gure agintari askok bezala, baina haientzat hutsaren hurrena gara gu, ez zaie euskal kultura interesatzen eta ez dute gehiegi ezagutzen. Antonio Garamendi Lecanda euskaltzalea balitz, 199 enpresariren aurrean malkoak sikatu, zutitu eta kantuan hasiko litzateke:

Anai-arrebak ez otoi pentsa

neure gustura nagonik,

poz gehiago izango nuen

albotik beha egonik,

zuek ez bazerate kontentu

errua ez daukat, ez, nik,

txistuak jo dituzute baina

maite zaituztet oraindik.

Lekanda Lekanda