Maite ditut

Oihana Bartra

Oihana Bartra

2017-02-13

Maite ditut

Balendin deunari diodan debozioak bultzatuta, hauxe.

Maite ditut bertsolariak. Pentsarazten dizutenak: espero dena esan beharrean aulkian saltotxo bat emanarazi eta deseroso sentiarazten zaituztenak. Maite ditut bertsolari umoretsuak, euren ateraldiekin eguna alaitzen dizutenak. Beren buruaz barre egiten  dakitenak. Maite ditut bertsolari bihurriak, burutsuak, politikoki ez oso zuzenak, jendeak ulertzen ez dituenak. Apasionatuak. Zorrotzak. Teknikoki oso onak direnak, euren akats eta guzti hunkitzen nautenak, euren bertsoekin ere hunkitzen direnak. Maite ditut bertsolari konprometituak, plazan eta plazatik kanpo ekarpen etengabea egiten dutenak, bustitzea modan egon ez arren bustitzen direnak. Maite ditut behin baino gehiagotan jausi eta beste hainbestetan altxa diren bertsolariak. Beti hobetu nahian dabiltzanak, beti bide berrien bila, geldigaitz. Maite ditut bertsolari sentitzen ez diren bertsolariak.

Maite ditut bertsokideak. Bertsokide eskuzabalak, norbera luzitzeko albokoa zapaldu baino bidea elkarrekin egitea nahiago dutenak. Maite ditut ondo egiten duzunean zoriontzen zaituzten bertsokideak, ia zertan hobe dezakezun esaten dizutenak adina. Maite ditut saioaren aurretik zelan zauden galdetzen dizutenak, edo gaur triste zaudela nabaritu dutela esaten dizutenak. Maite ditut bertsokide apalak, zu baino askoz hobeak direla dakiten arren inoiz erakutsiko ez dizutenak. Beti emateko eta erakusteko zerbait daukaten bertsokideak maite ditut. Zure bertsoa adi entzun eta mimoz erantzuten dutenak. Maite ditut kide sentitzen diren bertsolariak.  

Guzti-guztiak.

Maite zaituztet.

(Irakur: bertsolari = pertsona; bertsokide = bizitza kide)  

 

Maite ditut
Maite ditut