Merzedesi –

Doinua: Zarauzko balearena
Adinean nagusi
bihurtzearekin,
gidabaimenerako
aukera etekin.
Kuneta zulo edo
errepide erpin,
hasi baginen hasi
kilometroekin,
bidea daramagu
biok elkarrekin.
Jarlekuan eseri
bolantean hatzak,
palankari eragin
aldatzeko martxak,
gerrikoa lotzean
hasten dira dantzak,
abiadura zein den
diola orratzak.
Zuk ni naramazu ta
nik zu zaramatzat.
Igarotzen denean
urte bat inguru,
olioak kolore
iluna hartu du.
Filtro, pastila eta
mantentze liburu,
zirkulazio zerga
eta aseguru.
Bidelagun garesti
samarra zaitugu.
Asteburuan toki
ezberdinen izu,
bidegurutze edo
radarren abisu.
Goizero garajera
bila noakizu,
lantokira bidean
lankide beti zu,
bihurgune guztiak
buruz dakizkizu.
Petroleoa bota
ezkero tankera,
kea darizu ihes
hodietan behera.
Hiriburuetako
parkinen atera
ezin ninteke sartu
zurekin batera;
ta zu gabe ezin naiz
herritik atera.
Bizikleta garraio
modu litzateke
bidegorririk balitz
euriz bustitzeke.
Distantzia luzean
ibilia neke,
trena berandu eta
autobusa bete,
Lau gurpilek hegoak
eman ditzakete.
Udaran furgoneten
inbidi sanoa
eta neguan berriz
todoterrenoa.
Duzu ordezkatuko
zaitudan susmoa,
baina, aurrekontuan,
daukadan asmoa
ez da kabitzen; eta
zuregana noa.
Gasolindegiaren
mangera aurrean
litroz hornitzen zaitut
modu samurrean,
motorrak bira dezan
pistoiko garrean.
Bata besteagandik
gaude beharrean,
ez nazazula utzi
bide bazterrean

