Mikeli

Elixabet Etxandi

Elixabet Etxandi

2020-07-10

Mikeli –

Doinua: Ama Euskadi

 

Mikeli

Arg: @imiquelestorena

Uda giroko goxotasuna,

haizearen asperena,

Errobiko ur dirdiratsua,

larre berdetan barrena,

Artzamendiko bista ederrak,

Goxokiko Heinekena,

Larunbatetan ordu luzeak,

lagun baten aldamena:

Baina bitxiki aldatu dira

duguna, bagenuena

Dena badugu Itsasun  baina

alta falta zaigu dena.

 

Hartu digute Mikel Barrios

gaztea eta azkarra,

Lagun bikaina, auzo xumea

denen gisa herritarra,

Lorentxa hartu zuten bezala

eta bere irrifarra

Hartu digute genuen dena

eta genuen bakarra.

Hartu diguten guziagatik

dugu irauli beharra

Ezin baitute sekula hartu

borrokarako indarra.

 

Negoziatzen dugu epea

eta aske izatea,

Lau paretetan han edo hemen

zapalduen ematea.

Baina etsaiak ongi badaki

nola giltzatu atea;

Nola bahitu Mikel ta nola

normalizatu kaltea.

Nahiz ta herritik erakusten den

dialogo borondatea:

Alde bateko prozesu batek

ez du ekartzen bakea.

 

Etortzen dira asteburuak,

bidai luze, bide fresak,

Negar isilak, kontrol zorrotzak,

sarekadetan estresak.

Baina oraindik ez dira preso

Euskal herriko ametsak:

Aske garenok gogoz bihurtu

beharko ditugu kesak.

Zirenentzako, bagarelako,

ta izanen direnentzat,

Segiko dugu borrokan Mikel,

zurekin eta zuretzat!

Mikeli