Ni naiz txakurra deitu zizuna

Xabier Silveira

Xabier Silveira

2021-08-13

Ni naiz txakurra deitu zizuna –

 

 

Kaixo Felix ni naiz lesakarra

txakurra deitu zizuna

modu polita ez zela aldez

aurretikan jakituna

baña lortu dut bai lortu ere

horrrekin bilatzen nuna

eztabaidari bide eginez

hona nere erantzuna.

 

 

Dena ez dela ongi egina

ez da hausnarketa txarra.

Kazetariek zabaldu duten

bertsio bat ta bakarra

zalantzan jarri ezina bera

ez al da bitxi xamarra

zertara dator ados ez dena

ixilarazi beharra?

 

 

Zuk telebistan, irratietan

eta egunkarietan

lau haizetara zabaldu duzu

beldurra modu denetan

sentiaraziz bizitza bera

beldurgarria benetan

eta iaz hil ziren adina

hil zen aurreko urtetan

 

 

Donostiako hospitaleko

ZIUek nolako sona

hartu duten zu zaren ezkero

bertan buru den gizona

bapatean uy, gogoratu dut

han larri gaixo dagona

eta zu niri bertsoak jartzen

ze gusto txarreko broma

 

 

‘Burua martxan ipini eta

errespetuan hitzegin’

erabat ados naukazu Felix

zuk botatako hitzekin.

Antolatu zen eztabaida bat

euskal zientzilariekin

zu gonbidatu ta azaldu ez

eta hori gu ezjakin.

 

Negazionista diozunean

argudiotan urria

gelditzen zara, nahiz ta iraina

ez den taktika berria

gaitza inorrek ez du ukatzen

baina bere jatorria

isolatu ez den birus bat da?

ze igerlek igerria?

 

 

PCR-a diagnosian

erabiltzeko hautua

nik bezain ongi dela dakizu

maltzurkeriz gauzatua

hola nahieran darabilzue

intzidentzi metatua

egoera bat marrazteraino

arras manipulatua

 

 

Gorritu gabe aipatze hutsa

asintomatikoena

lehen algara ta gero datoz

haserrea eta pena

mediku batek ez ote daki

ume batek dakiena

ez dela inoiz gaixoa izan

sintomarik ez duena

 

 

Txerto esaten diozun horrek

zer du? barruan zer dakar?

ez du sendatzen, ez du babesten

ta hainbat ondorio txar

sortzen ari da

nik ez dut sartu

baña hartu zure bizkar

-idatziz noski- ardura oro

ta txertatuko naiz bihar

 

 

Zuk badakizu farmakogintzak

gutxi daukala ‘santa’tik…

iaz espainian 600 miloi

medikuek hauengandik

jaso zituzten -publikoa da-

nik horrexegatik dakit

Euskal Herrira zenbat iritsi

ote dira hoietatik.

 

 

Nahiz ni ez naizen zientzilaria

bertsolariak bagara

entzuten ez den ahotsarentzat

bozgorailu eta aba.

Juanjo Martinez mediku eta

zirujau sonatua da

bion arteko eztabaidara

animatuko al zara?

 

 

Hitzak zer duen helburu, haren

baitan da edo ez irain

noski ni ez naiz nere burua

zuritzen hasiko orain.

Ulertzeko gai bazara xapo!

ta bertzela ere bikain

gaizki esanak barkatu eta

zure erantzunaren zain

 

 

P.D.

KOMUNIKABIDEETAN

JANGOIKOA ZARA

NI BERRIZ LEPROSO BAT

ALDE HAUNDIA DA

GURE ERRONKA BERTSO

ERRONKA’RE BADA

JEISTEKO PREST BAZAUDE

ZERUTIK PLAZARA

JOKATU GENEZAKE

EHUN BERTSOTARA

 

Ni naiz txakurra deitu zizuna

 

Xabier Silveiraren erantzuna Felix Zubiaren bertsoei.

Ni naiz txakurra deitu zizuna