Ainhoa Agirreazaldegi

Nola iritsi finalera?

Nola iritsi finalera? –

Urte askotako lana. Horra hor, plazaz plaza dabiltzan eta gure zentzumenei aldiro ale gogoangarriak uzten dizkieten bertsolarien sekretu nagusia: lana. Zer esanik ez Txapelketa Nagusia datorrenean.

Nola iritsi finalera?Bertsolari bakoitzak bere-berea duen modura egiten duen lana, bertsolari berak sasoi berean modu eta sistema anitzetan egiten duena, bertsolari batek bere ibilbidean zehar hain bide desberdinetan egin izan duen lana…

Lan ez beti aitortua. Urte asko igaro ziren halakorik irakurri ahal izan genuen arte:

“[Txapelketa] Abieran, koaderno bat etxeko mahai gainean zabalduta geratu da, utzita bezalaxe. Ia azkenera arte betea, koloretako errotulagailuen arrastoak, hitzak eta hitzak, eta esaldiak, eta bertsoak, geziak gora behera. Ezinezkoa du bertsoak ordenagailuz egitea. Ahozkoa eskuz. Lanketaren arrastoa paperean. Abenduaren 12an gelditua betirako” (Maialen Lujanbio in Bertsolari aldizkaria, 2009ko negua).

Ez dut erraz ahaztuko lagun batek orduan esana: “bazen garaia norbaitek bere koadernoa aipatzekoa!”

Geroztik bertsolarien prestakuntzaren aitortza gehiago ere izan ditugu. Maialenek berak 2013ko Txapelketa Nagusiaren  baitan eman zituen azalpenak ditut gogoan: “Nahi nuke lurrari lotutako bertsokera bat egin, gure inguruari, pertsonei, eta gure errealitateari lotutakoa, horri buruz hitz egingo duena. Egia da gauza hauek perspektibatik ikusten direla, baina lehen ere egin nuen nire ahalegina, eta orduan bertsoa edertzen saiatu banintzen, orain idortzen saiatu nahi nuke. Baita hizkuntza aldetik ere” (2013ko abenduaren 7an Berria egunkariari emandako elkarrizketan esana).

Handik ia urtebetera, Xilabako txapela jantzi berritan, honela erantzun zion Sustrai Colinak Beñat Zamalloa kazetariaren galderari: “Zein izan duzu jarrera aldaketarako lanketa praktikoa? Hasteko, neure burua definitu dut, eta nire bizitzan bisturia sartu dut: zer izan naizen, nola izan naizen, nondik natorren, zein heziketa jaso dudan… Egin dut iraganari lotutako autodefinitze lana ere. Eta badago beste autodefinitze lan bat etorkizunari lotua dagoena: nola agertu nahi dudan, nolakoa izan nahi dudan…” (Berria, 2014-11-18)

Horra hor txapelketa baterako prestaketa-lanen inguruko hiru erantzun aski ezberdin. Hala ere, esango nuke oraindik ere bertsolari gehienek errezeloz hitz egiten dutela beren entrenamenduen inguruan: “Ari gara biltzen, kantatu ondoren bertsoaldiez hitz egiten dugu, hainbat gairen inguruko gogoetak egin izan ditut…” eta horrelakoak dira, gehientsuenetan, irakurtzen/entzuten ditugun xehetasunak.

Bada, nik eskertuko nuke aurtengo Txapelketa Nagusiaren inguruan bertsolariak egiten ari diren bakarkako lan horren berri emango lukeen erreportaje bat. Badago nondik hasia: Igor Elortzak sare sozialen bidez jakinarazi du hilabete honetan, egunkarietako zenbait artikulu eta elkarrizketa berrartu eta horien inguruan gogoeta egitea bere prestakuntzaren parte dela.

Txapelketetako bertsogintza aztertzeko, iruditzen zait hainbat pista emango lizkigukeela bertsolarien lan-moduen berri izateak. Eta denboraren perspektibatik, ezin informazio interesgarriagoa izango litzatekeela.

Nola iritsi finalera?