Oihartzun mutuak

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2022-02-18

Oihartzun mutuak –

Badira inork esan beharrik gabe entzun ditzakegun hitzak. Zerbait ahoskatzen dugunean, beste zerbait ere esaten dugu isilka. Badakigu testuak beste esan dezakeela para-testuak, gorputz espresioak, testuinguruak, arnasak, hautatu dugun doinuak. Esaten duguna ukatzen era badaki oihartzunak sarri.

 

Oihartzun mutuak

Arg: Atarian

 

Baina bertsotan, amaiera kantatu eta publikoak erantzuten duen errepika nola, badira barrurantz gertatzen diren erreplikak ere. Askotan, saioan bildu garenok osatzen dugun komunitate horretan, bada gauzak ulertutzat emateko beste oinarri. Bada zoru komun bat eta batzuetan esan beharrik ez dago, memoria kolektiboari kilima egitea aski delako. Amua eman eta guk gure baitan entzuten dugu esaldia osatzen.

Kode konpartituek ahalbidetzen dute hori, eta bertsolaria kode horiek sumatu nahian ibiltzen da saioan zehar, horiek baliatzeko: izan berresteko, izan tenkatzeko, izan puskatzeko.

Horixe gertatu zitzaigun aurtengo Atariaren aldeko saioan, Amets Arzallusek kantatu zuen agurrarekin. Afaltzen ginela gogoratu nahi izan genuen ze kanta eta zenbat sartu ote zituen azken hamarreko handi hartan, eta orduan eta buelta gehiago eman, orduan eta sorta luzeagoa osatzen zitzaigun. Ez zelako kantatu zuena, baizik entzun genion oihartzuna.

Hemen bertsoa (saioko gai batean Hertzainak taldearen abesti bat izan zuen gai):

 

“Beti bakean utzi arte gu

hain heziak beldurrean

baina maitia aska gaitezan

azkenengo agurrean

denboraren orratzak plegatzen

hala gabiltza geurean

bizitzan onena izan zerala

zeu Leidorreko lurrean

ta ea berriro noiz uzten duten

elkar maitatzen gauean”

 

Guk, barrurantz beste hainbat esaldi entzun genituen, bakoitzak bere modura: “ez dira betiko garai onenak”, “Estatuari gerra”, “larru beltzak josi asmoz”, “ezin izango zaitudala ahaztu inoiz”. Eta mezua entzuleek osatu zuten, entzuleoi osatu zitzaigun. Arzallusek gure memoriari dei egin ziolako, bakoitza une, oroimen edo kontzertu batera eramanez.

Ez zuen hori dena esan, baina hori dena esan zigun. Eta irteeran sirenotsa garraisi bakarra gauean…

Oihartzun mutuak