Eneko Fernandez
Eneko Fernandez

2023-11-23

Oinak bidean

Oinak bidean –

Sarritan gertatzen da helburu sinple batetik abiatuta, lanak berak maitemindu eta katramilatzen zaituela eta azkenerako hasierako helburu sinple hura proiektu konplexu batean bilakatu ohi dela. Hori da Oinak Bidean-Lesakako Bertsolaritzaren Ibilbidearekin gertatu zaiguna.

 

Oinak bidean
Arg: Ttipi-Ttapa

 

Badira 2 ikasturte Lesakako Irain Eskolan bertsolaritzaren aldeko apustu sendoa burutu genuela, bertsoa gure jardunaren erdigunean kokatuz eta erreminta didaktiko gisa duen balioa aitortuz eta baliatuz. Ordudanik, lan eta proiektu ezberdinak gauzatu ditugu, bertsolaritzaren lotutakoak. Lehenik, proiektuaren oinarria izanen zen dokumentua osatu genuen, mailaz maila, adinaren arabera, 2 urtetik 12 urtera bitartean, gelan lantzeko baliagarriak izan zitezkeen bertso ariketak, doinuak, kantuak… sailkatuz eta maistra eta maisu guztien esku utziz. Horretan www.bertsoikasgela.eus web orria bidaide izan genuen, bertan dauden hainbat ariketa zoragarri erabili baititugu gelaz gela.

Ipuinak Bertso proiektua jarri genuen martxan ondoren, hasieran ipuin klasikoak bertso bihurtzea zena, paper eta bideo formatuan bilakatzen ditugunak, eskolako ikasle guztien partaidetzarekin. Momentuz 17 bertso ipuin ditugu eginak eta liburutegia handitzen doa pixkanaka. Hurrengo pausoa, ipuin klasikoetatik ikasleek idatzitako ipuinetara salto ematea da, gure liburutegi propioa osatu arte.

Eta proiektu osoaren hirugarren hanka, momentuz, Oinak Bidean-Lesakako Bertsolaritzaren Ibilbidea izan da. Eta proiektu honegatik nioen helburu sinpletik proiektu konplexura sarritan egiten dugula salto. Hasieran mendi itzuli soil bat irudikatzea genuen helburu, leku konkretu batzuk aipatuz eta testu sinple batzuk txertatuz. Azkenerako, web orri, QR, audio eta aurkezpen bideo, dron eta guzti!!!

Ibilbideak 7,49 km ditu eta izaera zirkularra du. Lesakako Harriondoa Kultur Etxean hasi eta bertan bukatzen da. Lesakako bertsolaritzarekin harreman estua duten 9 leku lotzen ditu. Web orrian topatuko dituzue 9 leku horien deskribapena, ikasleek idatzitakoak, eta garrantzia Lesakako bertsolaritzan, ibilbidearen profila eta ibilbidearen tracka

 Lesakako historian topatu ditugun bertsolariak ere zerrendatu ditugu web orrian. Ikasleek bertsolari guztien biografiak idatzi dituzte.  XIX mendearen bukaeran jaiotakoetatik gaur egunera arte. Ziur gaude ez daudela izan diren guztiak (saiatuko gara falta direnak aurkitzen) baina seguru egon dauden guztiak direla.

Azkenik, bertsolari bakoitzaren bertso sorta bat izanen duzue eskuragai, audio formatuan eta formatu idatzian. Hamaika doinu ikasteaz gain, bertso horiek aipatutako hainbat gertaera ezberdin ezagutu dituzte ikasleek

Ikusten duzuen bezela, lan itzela burutu dute ikasleek. Eta lan guzti hori, Oinak Bidean-Lesakako Bertsolaritzaren Ibilbidean aurkitu dezakezue. Informazio osoa ondoko estekan topatuko duzue.

https://sites.google.com/educacion.navarra.es/oinak-bidean

Beraz, Lesakara hurbiltzen bazarete, ez galdu bertso ibilbide hau burutzeko aukera. Ibilbidea prest dago, bere ikur eta norabide gezi. Zuen zain gaude!!!

Oinak bidean