Eneko Fernandez
Eneko Fernandez

2022-08-29

Oporretan

Oporretan –

Uda beti izaten da garai ezberdina, arraroa, ederra. Eguraldi onari (egin dituen beroaldiak “eguraldi on” gisa hartu al ditzakegu?) herrietako festak gehitzen zaizkio eta ondorioz, gehiengoaren opor garaia, izan hainbat bulego, lantegi… ixten direlako, izan haur eta nerabeek irailera arte oporrak dituztelako.

Oporretan

Nik ere, Lehen Hezkuntzako maisua izaki, uda partean dut nire oporraldiaren zatirik handiena. Aurten izan ezik. Aurten, uztaila osoan lan egitea egokitu zait. Bai, badakit gure oporrak ez direla bertzeen modukoak, ez dutela iraupen berbera, pribilegiatuak sentí gaitezkela konparaketa horretan, eguberrietan ere baditugula, baita aste santuak iristean ere eta bla, bla, bla… Norberak edukiko du bere iritzia, gure oporraldien zilegitasunaren inguruan. Horretan ez dut zalantzarik. Baina ez da hori gaurko zutabe honetan aipatu nahiko nizuekena 

Ez, aurtengo uztailean ez dut oporrik izan. Aurten dagokizdan oporren erdiez gozatu ahal izan dut bakarrik. Eta horren errua, maisu-maistren kidegoan sartzeko Nafarroan egindako oposizio prozesuak izan du. Bai, ni izan naiz “zorte handiko” maisu-maistra horietako bat, bere plan, ideia, antolaketa… guztiak baztertu eta azterketak zuzentzen aritu dena, esku inuxente batek nire abizenak hautatu zituen momentutik. Prozesua lehen aldiz ezagutu dut eta erran dezaket izugarri astuna egin zaidala, baldintza ez egokietan burutua eta ardura izugarria duzun sentsazioarekin gauzatua. Hautaketa prozesu honen baliagarritasuna ere (edo baliagarritasun eza, agian) ez dut hizpide izanen gaurko honetan, solasteko (eta moldatzeko) hainbat gauza baldin badaude ere.

Ez dakit lehen aldiz lan egitea egokitu zaidalako edo, baina uztailari bertze begi batzuekin begira jarri natzaio. Gaur arte, niretzat beti zen antzeko prozesua: uztaileko lehen egunak deskonektatzeko, ondotik Sanferminak, gero errekuperazio egun batzuk eta azkenik, furgoa edo hegazkina hartu eta martxa! Ez dut inoiz ikusi (edo ez dut inoiz ikusi nahi izan),  uztaila izanik ere, zenbat jendek egiten duen lan bertzeok oporretan gauden bitartean.

Aurten maisu-maistra eta irakasle talde bati tokatu zaigu zuzenketa lanetan aritzea, baina hor dago guk hamaiketako atsedenaldia egiterakoan kafea zerbitzatzen zigun ostalaria, egunero bere taberna ireki beharrean dagoena. Edo bazkaltzeko orduan bere jatetxeko ateak zabaldu dizkigun sukaldaria, guri egindako mesedea berea izanik, mesedea guk egin diogunaren sentsazioarekin agurtu gintuena. Nola ahantziko ditut prozesu honetan gurekin batera egondako teknikari, aholkulari, atezain… multzoa? Eta are gutxiago, oposizio prozesuaren protagonista nagusiak, hautagaiak beraiek. Beraien urduritasunak, beldurrak, zalantzak, minak eta pozak. Inoiz ere justua izanen ez den prozesu baten onuradun/kaltetu nagusiak.

Baina antzeko milaka adibide jarri ahal izanen nituzke, guztiak zehazten hasita. Gero eta otzan eta zerbitzalagoa den jendarte honetan, udako zerbitzu ezberdinak ordaindu ditzakegunok eta ordaindu ezinik, zerbitzu horiek eskaintzen dizkigutenak, aurkia eta ifrentzua.

Asteburuan Iruñeko espetxera hurbildu naiz lehen aldiz, 14 urte espetxe ezberdinetan daramatzan lagunari kristal bidezko besarkadarik goxoena helarazi nahian. Beti bezala, segunduak diruditen 45 minutuak ederrak izan dira. Hau eta hura kontatu dizkit, kartzela berriaren funtzionamendua, aitzinekoetan pasatako miseriak (han zegoela pairatu eta ezkutatzen saiatzen zena), eta bukatzeko, nire oporraldiari buruz galdegin dit. Eta orduan ohartu naiz beraiek urte andana daramatela oporrik hartu gabe, bizitzak eskaini diezazuken lanik gogorrenetariko bat betetzen. Ea laster hartu dezaketen oporraldi hori!

Abuztua amaitzear da, iraila dagoeneko ate joka dugu. Nire bertso sortek ere oporraldi txiki bat hartu dute. Inork kezka berezirik balu, hurrengo kolaboraziorako bueltan izanen dira. Bien bitartean, gozatu oporrez, ahal duenak!

Oporretan Oporretan