Julen Zelaieta
Julen Zelaieta

2026-07-14

Orduak

Orduak –

Orduak
Arg: Meiker

Behin, Oiartzunen, nire herritar bat topatu nuen. gurasoa bera:

-Hara! Zer moduz?

-Hementxe, denbora  pasa! Alaba dantza eskolan utzi dut Donostian. 17;30tan hasten zen eta orain 19:30ak arte esperoan. Bidenabar hemen nago, nola hala denbora pasatzen. Hala egiten dut astean hirutan.

Nerabezarotik atera berria nintzen hartan, miretsi nuen guraso hark alabarengatik egindako ahalegina. Gerora konturatu naiz, gainerakoek ere gauza bera egin izan dutela euren seme alabekin, bai eta gureek ere.

Hortaz ohartzeko, aski da astegun buru zuri batean futbol zelaira, frontoira edo musika eskolako atarira hurbiltzea. Zenbat guraso euren seme-alaben jarduera amaitzeko esperoan!

Nik ez dut seme-alabarik baina 4 urteko bi iloba ditut etxean bertan, eta badakit morroskoak koskortzean neri ere tokatuko zaidala futboleko entrenamenduak edo partiduak, pilotakoak, balletekoak, xakekoak edo kenpokaikoak irenstea. Bidenabar, onartzen dut gustora egingo dudan lana dela (lana deitzerik bazaio).

Nire gurasoak ere, bertze bertsolari aunitzen gurasoen gisan, ez dira libratu. Gidabaimena atera bitarte, ortzegunero-ortzegunero Beratik Lesakako Bertso Eskolarako joan etorriak, eskolatik atera bitarteko itxaronaldiak, lauzpabortz orduko Nafarroako  txapelketako final amaigabeak…

Bertsolaritza bizi duenari airean pasatuko zaizkio finalak ere, baina zer nahi duzue erratea… Badut ezagun bat, bertsolariak Aburrevacas gisa definitzen gaituena. Ulertzen dut erran nahi duena, eta enpatia ariketa handirik ez dut egin behar neurri handi batean arrazoia emateko. Pertsona bat (gehienez bi) mikro aintzinean, isiltasun betean pentsatzen, ondotik  musikarik gabe, aunitzetan desafinatuz kantari, bertso bakoitzari txalo jo beharra…bertsoa gustatzen ez zaionarentzat, edo ulertzen ez duenarentzat, badakit Aburrevacas samarrak izan gaitezkela. Xalbadorrek “Aunitz maite duenak, aunitz sufritzen du” bota zuenean, nik uste aintzindari bat izan zela eta gure gurasoengan pentsatu zuela.

Nik argi dutena da, gurasoek gugatik egin dutena eskertzea, bizi diren artean egin beharreko gauza dela. Kasu honetan, tamalez berandu da. Zu merezitako eskerrak jaso gabe joan berri zara. Mea Culpa.

Zauden lekuan zaudela, Mila esker Atta!

Orduak