Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2024-03-04

Plaza bat elkarrena

Luze sinetsi izan dugun gezur bat da, emakumeok duela hamarkada batzuk hasi ginela inprobisatzen. Ahalduntze batek ekarritako lorpen bat balitz bezala, eta ez urte luzez erauzi zaigun zerbaiten berreskurapena. Bizkaiko Foruetako debekuak eta kide askoren genealogia lanketak bistaratu dizkigu aurrez lurra landu zutenak, bidea ixteko modu eta arrazoiak, eta berriz sasiak jandako bideak zabaltzen beso-zango eta ideiak urratu dituzten aitzindarien merituak.

Plaza bat elkarrena –

Plaza bat elkarrena
Arg: Donald Tong

Horregatik da orain poz bikoitza edozein oholtzatan (ados, sagardotegietan ez) saio parekideak ikustea; txapelketetan pixkanaka portzentajeak orekatzen ikustea (bai, gainditzea orekarako bide da, oraindik); Ahalduntze Bertso Eskolan elkar ezagutu eta saretzea eta Ez Da Kasualitatea saio bat osatzeko hamarnaka izenen artean aukeratu ahal izatea. Espazio horietan guztietan, irudikatzen joan gaitezke nolakoa den gure ahotsari opa diogun entzulea, nola sentitu nahi dugun kide artean, ze kode propiok ekar lezakeen denok kabitzeko moduko bertsogintza.

Poz handi bat nabari dugu elkarrengan eta poz handi bat eragiten diogu elkarri aldiro, partekatutako saioetan, jasotako aitortzatan, aitortutako lorpenetan eta emandako elkarrizketetan. Eta sekulako tresna da poza. Mutxurdinak atsolorretan elkartzen ziren bezalaxe, horietan ziur elkarrekin kantatu eta inprobisatuko zuten bezalaxe ari gara norberari ematen zaila dena elkarri ematen: autoritatea.

Eta bide horretan, emozionatzen naute Plaentxian egungo bertsolarien ahotsetan kantatu zuten andreek, euren ahotsaren bila dabiltzan neskek, ahotsa eskaintzen duten señorek. Eta Bizkaiko Foru zaharrak nola, agertuko dira mespretxuz eta destainaz bidea itxi nahiko dutenak ere. Oraindik lan asko daukagu egiteko.

Norberari ukatu zaion tokia orain norberea dela sentitzea, Onintza Enbeitari irakurri diodan poz hori, partekatua dena, hori da bidea harriz bete nahi duten irainen aurrean eusten gaituen indarra. Oasi txiki bat eragiteak ez gaituelako libratzen egunero baztertzaile den begirada hertsitik, ile orrazkera edo ibilera jakinak arbuiatzen dituen kartolatik. Bidean goaz, salbuespenetik errealitate bat sortzera. Eskaini ziguten sukalde bat norberarena, eta guk surik itzali gabe piztuko dugu plaza bat, elkarrena.

Plaza bat elkarrena