Enare Muniategi
Enare Muniategi

2022-06-29

Plaza txikietan kili-kili handiak

Plaza txikietan kili-kili handiak –

Argi Baltza sariketako II. edizioa igandean amaitu zen. Muxikako eskolan izandako finala ez zen broma izan, esateko asko eta entzuteko gehiago izan genuen. Batzuetan ematen du oholtza handietan, milaka pertsona entzuten dauden horietan esan behar direla handienak, esaldirik potoloenak eta hunkigarrienak. Baina, plaza txiki zaleak ere badira, eta bagara.

 

Plaza txikietan kili-kili handiak

 

Txikiak ez du esan nahi garrantzi txikiagorik duenik, eta pertsonalki, azken boladan ez naiz emozionatu bertso saio askotan, are gutxiago jendez gainezko dauden horietan. Baina, igandean ostera, hurbil sentitu nituen Ane Zuazubiskarren hitzak. Hurbiletik diot neure ez esatearren, hain polito, zuzen, borobil eta erreal esateko kapaz ez naizelako. Gaiak horrela zioen: “Ispiluaren aurrean zagoz. Parean ikusten dozunari sentitzen dozun dana esatea erabaki dozu”. Beraz, bertsolaria ispilu aurrean kokatu eta esan beharrekoak kantatzeko eskatu zuen aurkezleak. Holakoetan, bertsolaria edonor izan daiteke, edozein denboratan eta edozein lekutan. Baina, Anek hainbeste urtez gorrotatutako gorputza jarri zuen ispilu aurrean, bere burua izan zitekeena, edo bueno, gutariko askorena. Batzuetan fikziotik urruntzea zaila izaten da, kantuan zein entzule gisa, geuretik kantatzen eta entzuten dugu eta biluzteko arriskuan egoten gara.

Sentimenduak agerian uzteko beste biluztuz.

Urte asko izan dira gorputz hau gorrotatzen, Barbie itxura izateko goxokirik ez jaten, eta inoren neurritan sartzen, 38 taila izan beharrean 36 bada hobeto, eta 34 perfekto. Urte asko gona luzeagoak janzten izter borobilak ez erakustearren, eta tripa barrurantz sartzen. Ispilu aurrean ez jartzen, norbere burua argazki guztietan txarto ikusten, oholtzan mikro atzean ezkutatzen, eta bertso saioetako bideoak ez ikusten, babesten nauen gorputz hau den moduan ez onartzearren. Onartu eta maite dudala esan nahiko nuke, urte luzetan gorrotatzearena iraganeko gauza dela, baina, …

Plaza txikietan ere kili-kili handiak egin daitezke jendearen tripetan, barrurantz sartzeko indar egiten dauden tripetan ere bai. Eskerrik asko Ane.

Plaza txikietan kili-kili handiak