Plaza utzi

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2020-02-20

Plaza utzi –

Nork uzten du nor? Horixe galdetuko du askok. Plazak uzten du bertsolaria ala bertsolariak plaza? Eta harremana utzi ostean elkarrekin oheratzen diren bikotekideak bezala, ba al dago erabateko uzterik? Bertsolaritzak eredu desberdinak eskaini dizkigu plazako jarduna uzterako garaian. Hainbat bertsolari publikoki plaza jarduna uzten dutela iragartzen eta agurtzen ikusi ditugu; beste batzuk plazan zebiltzala zendu dira, batzuek txapelketa uzten dutela adierazi dute, beste batzuk plazatik kanpo sentitu dira beti.

Plaza utzi

 

Publikoki agurtu diren horien artean dago Imanol Lazkano, baina urtarrilean Tolosan oholtzara igotzeko gonbitea egin ziotenean, eskatutakoa baino gehiago eskaini zuen, beste behin. Amets Arzallusi erantzuteko puntuak jarri ostean, “barkatuko didazue ausardi hau, baina…” hasi zen. 84 urte bete berri, buruan zerabilen bertso bat kantatu zien entzuleei, une hori oparitu zigun. Eskolarteko sari banaketaren bat albora utzita, oholtza sekula Lazkanorekin elkarbanatu gabe nengoen ordura arte; eta bertsoaldirik trukatu gabe jarraitzen dugu. Une horren parte izatea egokitu zitzaidan eta eskertuta atera nintzen; seguru asko, bertsozale horietako askok sentitu zuten pribilejio sentipen bera eraman nuen etxerakoan.

84 urte bete berri, “gehigo zahartu nahi” horretan “oraindik amets” egiten duela aitortu zigun Lazkanok mikrofonotik, oholtzatik, plazatik. Eta behean zuen Gorrotxategik ere beste hainbeste egiten duela sumatzen dugu, atrebentzia hori hartu ez bazuen ere. Plaza uztea ez delako erraza, norbere bizitzaren parte denean. Pozgarria da plaza uzten duenak bere buruari zirrikitu batzuk zabalik uztea, aukerak ez hustea.

Bertsolaritzak beti aldarrikatu du belaunaldiartekotasuna dohain moduan, baina gero eta zailagoa da plazan aniztasun hori ikustea. Tamalez, adina ez da faktore bakarra, eta asko dira plazatik kanpo sentitu direnak, plazak kanpo utzi dituenak. Ume nintzela miretsi nituen bertsolari asko (gehienak emakumeak, argi esanda), plazatik urrun dabiltza egun. Gainera, plaza ereduak galdetzera garamatza egun puntan dabiltzan horiek noiz arte jarraituko duten. Ilea urdindutako emakumerik ikusiko ote dugun plazaz plaza. Baietz opa diot bertsolaritzari.

Eta bitartean, plazatik aldendu zirenei, plazatik kanpo sentitu direnei, joan-etorriko bidezidorrak zabaltzea gustatuko litzaidake, nahi dutenean parte har dezaten “barkatuko didazue ausardi hau” esateko zirrikituak aurki ditzaten. Lerro artean entzuten dugulako: noizbait … “eskertuko didazue ausardi hau”.

Plaza utzi