Enare Muniategi
Enare Muniategi

2022-03-28

Pre-during-post

Pre-during-post –

Gure bizitzako gertakizunei buruz hitz egiten dugunean, gertakizunaren momentuari buruzko gauzak kontatu ohi ditugu. Heldu eta zer gertatu zen, momentuan esandakoa edo ikusitakoa, egindakoak gertakizunaren korapiloan baino ez direla gertatzen ematen du.

Pre-during-post

Egin dezagun memorian atzera, eta gure egun garrantzitsuez gomutatzen hasi gaitezen. Lehenengo egunak nahiko gogoangarriak izaten dira, adibidez, elkarri emandako lehen musua (ispiluari emandakoak ahaztu momentu batez), kuadrillari hainbatetan kontatu genion zelan gertatu zen: “egun euritsu baten, parkean inor ez zegoenean eskutik heldu eta bolanderak!” Baina, aurretik gertatu zena zer? Edo ostekoa? Horrek ez al dira momentuaren parte? Aurretik lotsagorrituta elkarri begiratzea ez al da musuaren parte? Edo benetan ostean bolanderarik egon ez zela, baina, hori sentitu behar zenez, geure buruari ez den zerbait sinestaraztea ere, ez al da musuaren parte? Edo kuadrillari kontatzea gertatu ostean? Etxera heldu eta bidalitako mezua? “Bua, tia ez duzu sinestuko!” Baina, noski, lagunak bazekien zer kontatuko zenion, momentuan egon izan balitz legez.

Edo lehenengo bertso saioa, oraindik granoz betetako aurpegia, geure konplexu eta lotsa guztiekin, herriko jaietan jende artera bertso bakar bat kantatzera agertu behar izatea. Gogoan izango dugu bertso hori, momentuan gertatutakoa bertso bakar bat izango balitz legez. Baina, aurreko bi asteetan bertso eskolan bertso hori idaztea, ispilu aurrean esaiatzea, arropa pentsatzea, abestu ostean lotsatuta txaloak entzutea, eskolan hurrengo egunean denek esatea “ze ondo aurrekoan, eh!” , edo “artista hutsa zara!”, nahiz eta ez duten hori uste. Beraz, momentukoa momentua baino gehiago dela uste duen horietakoa naiz.

Eskolan testu idatziak produzitzen hasi ginenean argi azaldu ziguten, hasiera, korapiloa eta amaiera behar zuela ipuinak. Behin batean hasitakoak ondo amaitu behar duela, onak irabazten eta gaiztoak lezioren bat ikasten, zarratzen den ziklo baten moduan. Nahiz eta horrekin ez egon guztiz ados, hasiera eta amaiera egotekotan zeintzuk diren nahiz eta ez izan argi, badakit bertsoa mikro aurrean jartzea baino gehiago dela, gaia entzun eta kantatzen hastea baino gehiago; dei bat jasotzea, aurreko lanketa, kotxeko bidaia, publikoarentzako jarritako aulkiak eta mikroen oinak eszenatokian, harrera, horiek ere norbaitek egin behar ditu, eta saioaren parte dira. Eta saio ostekoari buruz zer esan, kantu-kideen arteko besarkada, bertso eskolakoen juerga, momentu hori da bertsoa. 7/6an edo 10/8an kabitzen dena baino gehiago da bertsoa, aurretik, kantuan zein ostean.

Gehiago da.

Pre-during-post