Iker Gorosterrazu
Iker Gorosterrazu

2020-02-25

Rutinaren morroiak

Rutinaren morroiak –

Doinua: Treneko koplak

 

Goizean goiz jeiki ta

gauez lotara

berriz ere itsatsi

zaigu izara

rutinaren morroiak

bihurtu gara.

 

Gure pizgarri hutsa

soldata bada

eguneroko lana

lantegia da

rutinaren morroiak

bihurtu gara.

 

Jatearen plazera

da platerkada

gutxikin aski baina

ze betekada

rutinaren morroiak

bihurtu gara.

 

Pantaila aitzinean

ordu ilara

inora zuzentzen ez

den begirada

rutinaren morroiak

bihurtu gara.

 

Astebururo berdin

egun zein gaba

dena planeatuta

daukagu jada

rutinaren morroiak

bihurtu gara.

 

Mendia zein hondartza

oporretara

Euskal Herritik urrun

edo bertara

rutinaren morroiak

bihurtu gara.

 

Eguneroko lege

da abiada

korrika ta presaka

hona ta hara

rutinaren morroiak

bihurtu gara.

 

Bizitzan honen funtsa

al da patxada?

Aldaketek nahiz sortu

beti ikara

rutina hausteko prest

egon behar gara!

Rutinaren morroiak