Joanes Illarregi
Joanes Illarregi

2021-12-08

Saltsan

Saltsan –

Pasatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta aurrera eramaten den ekimen ororekin egiten den bezala, orain ikaspenak, ondorioak, ospatzeko/hobetzeko alderdiak… aztertzeko garaia da. Bakoitzak bere ibilbideari buruz bere hausnarketak egin beharko ditu, baita nik ere nireak.

Saltsan

 

Baina gaur ez dut nire barrurantza begirako hausnarketei buruz idatziko, kanporantz ikusi ditudan beste hainbat jokamolderen inguruan baizik. Azken urteetako edozein Bertsolari Txapelketetan gertatu den fenomeno bat da, gizartean orokortuta dagoen joera bat; eta bertsolaritza gizartearekin bat garatzen doan mugimendua izaki, bertsolaritza ere erdi-erditik gurutzatzen duena. Sare sozialetan txapelketari egin zaion “jarraipenaz” ari naiz. Zehatzago esanda, ez txapelketari, baizik eta txapelketako parte-hartzaileei. Nahiago nuke egingo ez banu, baina txapelketari buruz argitaratzen dena ikustea gustatzen zait, eta jendeak zer dion honen inguruan.

Adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidea da, baina sare sozialetan jendeak bere zentzurik zabalenean hartzen duelakoan nago, eta nire ustez ez, dena ez da zilegi. Txapelketatik at dagoen jendeari buruz ari naiz, parte hartzen ari ez den jende bat, “bertso mundukoa” ere ez dena kasu batzuetan. Norberaren egoa puztu eta norbere izena zabaltzearrean, pil-pilean dagoen gaia hartu eta edozein txorakeria idazten aritu da jendea. ekarpen kualitatiborik ez dio egiten txapelketari, inondik inora ere. Ezta bertsolaritzari ere, pozoia botatzea soilik dela helburua iruditzen zait.

Finalaren aurkezpena egin zenean, Covid pasaportea zela eta ez zela zalantzak zeuden, ea eskatuko zen, ez zen eskatuko… Nafarroako Bertsozale elkarteak adierazi zuen ez zela beharrezkoa izango finala ikustera bertaratzeko ziurtagiria izatea. Eta twitterren irakurri nuen txio batek, honela zioen: “Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean kantatzeko Covid ziurtagiria eskatuko balitz, bertsolari guztiek kantatuko lukete?” (Ez da hitzez-hitz agian horrela izango, baina funtsean galdera hori zen egiten zuena). Niri ez zait gustatzen publikoki eta sare sozialetan eztabaidetan sartzea, eta horregatik ez nion erantzunik eman, baina irakurri nuen unean gustora asko erantzun izan nion: “Eta zer axola dizu zuri horrek?”

Ez dakit non dagoen galdera horren funtsa, galdera horren mamia. Eztabaida sortzea publikoki 8 bertsolariren inguruan? Edo bertsolari bakarraren inguruan? Ekarpena, argi eta garbi: Zero patatero. Harria bota botatzeagatik, inongo zentzurik gabe, bi aldiz pentsatu gabe; bururatu ahala tekleatu. Txapelketatik kanpo dagoen jendeari berdin zaio, denborapasa bat izango da, baina kontutan hartu behar da lehian ari diren bertsolari batzuei buruz ari garela, eta tontakeriak izanagatik, baldintzatu dezakeela iritziren bat, eta orokorrean giroa zapuztu.

Txikikeriak izango dira askorentzat, akaso. Baina sare sozialetan halako txorakeriak idazten pasatzen duten denbora saioak antolatzeko edo zentzuzko kritikak egiteko baliatuko balute, agian mesede egingo liokete bertsolaritzari. Tontakeriak lagunartean eta tabernan, ongi; publikoki sare sozialetan, ñaaaah.

Saltsan Saltsan