Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2019-10-28

Sareengatik ez balitz

Sareengatik ez balitz –

Sareengatik ez balitzBertsoa gauza zabala, eta sakona da; mugagabea, bere neurtuan. Gauza ederra, inondik ere. Bertsoari denbora eta gogo apur bat eskaini diogun guztioi emango zigun adierazpide kuttun bat, pentsatzeko talaia bat (edo batzuk!) eta beste edozein diziplinatan luzitu ditugun eskarmentu eta gaitasun mordo bat. Hala ere, maila intimoan hain garrantzitsua den horretaz guztiaz gain, bertsoari lotuta jarraitzeko ezinbestekoa den zerbait eman digu ia denoi: lagunarte bat, komunitate bat, kidego bat, familia bat … sare bat.

Bertsogintzan gabiltzala esperientzia ezerosoren bat izanik ere, badugu nora itzuli eta nori kontatua; badugu frustrazio, asetasun, kezka eta pozak norekin banatu, eta banatzeak osatzen ditu (eta gaitu). Gainera, bide hori bi norabidekoa izanik, berdin pozten gara kideen euforiarekin, elkar besarkatzen dugu ipurdiko bat hartzean eta batez ere, elkarrekin ikasten dugu bidean.

Bai, izan liteke txapelketako larritasun usainagatik, baina gero eta gehiago baloratzen ditut sare horiek. Txapelketan izena ematea ideia ona ote zen pentsatzen dabilenari agenda bertso eskolaz betetzen zaio eta bat-batean bere burua barrez harrapatzen du aspaldi ikusi ez zuen lagunak bota duen ateraldiarekin. Eta saio txar baten ostean ere hamasei lagun elkartzen badira afaritan, penak pena izaten jarraituko du, baina garrantziaren eskala berrorekatuko du.

Bestela, bertsogintzan dudatan hasi denari email batez bertso eskola berezirako deialdia helduko zaio, eta borobilean bera bezalako beste hogei kide ri (eta gaurtik konplizeri) begira jarrita, hor egoteak bakarrik dagoeneko merezi duela sentituko du. Eteten hasitako hariak indartu ahalko ditu eta hari berriak gehitu sareari; ez baita berdin lotzea eta eustea.

Bertsoa ez da plazako bertsogintza (bakarrik). Bertsoa beti izango da nire parte, askorena bezala; baina ez nioke bertsogintzari eutsiko sareengatik ez balitz. Ez nioke txapelketari ilusioz begiratuko, konpartitzeko kide mordo bat eskaini ez balizkit. Eta ez nituzke hainbeste gazte hain indartsu eta gogotsu sumatuko, guk geneuzkan sareak eta bertso udalekuetakoak edo sormen egonaldietakoak ehundu ez balituzte. Damuak mamu, sarea bera da amu.

Sareengatik ez balitz