Izaro Bilbao
Izaro Bilbao

2025-06-19

Señoratik señorara

Señoratik señorara –

Señoratik señorara
Arg: Oli Apeztegia, ARGIA

Uzkur-uzkur eginda bihotza hartzen dugu batzuetan arkatza. Maiatza hilabete gorabeheratsua izaten da gehienontzat. Beti ez ditugu begiak zuzen eta eskuak sendo. Señora Sariketako fi nala bizitzeko ohorea izan nuen aurreko maiatzaren 31n. Iurretako kanporaketan lehertu nintzen barrez aurretik, maiatzaren 17an. Tartean, Bizkaiko Udaberriko faseko saioa izan nuen Ermuan, maiatzaren 22an. Beste zenbait lagun eta kideren saioak tarteko. Gaindosi hilabete bat izateaz gain, bertsoa askotariko prismetatik begiratzeko aukera (edo beharra) eman dit.

Eskertu beharra diot patuari eta Señorako antolatzaile taldeari txapelketa den garai desegonkor eta iluna sinboloz eta zentzuz bete izana. Zentzua aurkitu diet, kontraesan zein beldur artean, urte osoan zehar egindako bertso eskolei, lortutako aliantzei. Ikusi dut nola gerta daitekeen benetan esan nahi genukeenaren neurrira hartzea oholtza. Are, lor daitekeela behin oholtza lapurtu zietenei aukera luzatzea. Espazioak berreskuratzea.

Sei bertsolari bikain ikusi nituen Iruñeko finalean, aurretik Iurretan ikusi nituen bezala. Bertsolari horiek, besteak beste, txapelketak ezaugarritzen duen bertsolaritzak kanporatu nahi izan zituen. Hala ere hor zeuden, nire parean, sekula okurritu izango ez litzaizkidaken errimak botatzen, airosa-airosa. Inbidia onik existitzen bada bakarrik orduan sentitu izan dut nik.

Beste gorputzaldi batekin zapaldu nuen Ermuko aretoa, beste toki batetik igo zen nire gorputza oholtzara. Señora Sariketa honen edizio bereziak zeozer mugitu duela somatzen dut. Eder bezain txalogarria iruditzen zait. Beste behin, berretsi da elkarren arduraz sortutako plazak gozamen bilaka dezaketela askoren mina. Arazoa ez ginela gu.

Funtzio nabarmen bat bete du, nigan eta beste askorengan. Arnasa sakon hartzen dut hori pentsatzerakoan. Señoratik txapelketara joan nintzen, txapelketatik señorara. Señoratik Señorara joan nahiko nuke noizbait.

Señoratik señorara