Ainhoa Agirreazaldegi

Susmagarriak II

Susmagarriak II –

Nerea Ibarzabalek “Susmagarriak” izeneko artikulua argitaratu zuen duela astebete. Hauxe da artikuluaren abiapuntua:

Twitterren zabaldu zen txio bat joan den asteburuan, eta benetan saiatu naizela horri buruz idazteko tentazioari ihes egiten, bene-benetan, baina ezin izan dut ez dakit inspirazio faltagatik izan den edo, besterik gabe, gaiak erreta naukalako azkenaldian-. Bertsozale batek bi gizonen arteko elkarrizketa entzun eta Twitter bidez elkarbanatu zuen; Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruan ziharduten: “Hainbeste andre aurrean…”, esan zuen batek, eta “susmagarria…”, erantzun zion besteak. Txapelketa jarraitu ez dutenentzako, final laurdenetako sei saiotatik lautan emakumeek lortu dute lehen postua. Susmagarria, zalantzarik gabe.

Ibarzabalek zioen moduan, emakume bertsolarien final aurrekoetako emaitza on hauek ez lukete hain harrigarri beharko, azken urte mordoxkatan egindako lanean erreparatu duenarentzat. Izan ere, bide luzea da emakume bertsolariek eta hauen bidelagun guztiek urte askoan zehar (noiz hasi ote zen dena?) egindakoa. Bide luzea eta lan handia, bertsolari hauentzat inork gordeta ez zeuzkan aulkiak (saioetakoak batez ere, baina baita txapelketetakoak ere) eurenganatzeko. Aulki horietan eroso sentitzeko. Nor sentitu eta aulki horietatik kontatzeko nola ikusten dituzten mundua, gizartea, politika, harremanak, lana, bizitza eta heriotza, eskola-sistema, zahartzaroa, ongizatea, festak, lotsa, turismoa, bizi-grinak, bazterkeria, aniztasun-funtzionala, borroka txiki eta handiak, osasuna, adiskidetasuna… eta beste ehun eta hamaika gai.

Emakumezko bertsolariak beren lekua hartzen dutenean sortzen diren hainbat erreakziok kezkatzen naute ni. Esan bezala, denbora luzean lan-talde handian egindako elkarlanaren ondorioa baita hori eta, ez dut gogoan Ipar Euskal Herriko bertsolaritza egoera larrian ikusi zenean Bertsozale Elkarteak egindako lanaren emaitzek halako erreakziorik sortu zutenik, esaterako, Amets Arzallus edo Sustrai Kolina Txapelketa Nagusiko finalean sartu zirenean. Imajinatzen al duzue “Hainbeste iparraldeko aurrean… Susmagarria…” bezalako pentsamendurik?

Kezkatuta nago, bai, susmo, komentario, erreakzio eta azken finean gutxieste horien guztien muinean tristura handia sortzen didan zerbait dagoelako: emakumeen ahotsarekiko interesik eza.

Haur ginenetik, emakumezko bertsolari eta bertsozaleok interes, maitasun eta miresmen handiz jarraitu dugu (eta jarraitzen dugu) gizonezko bertsolarien jarduna. Gizonezkoek sortutako ehundaka bertso kantatu, irakatsi edo zabaldu ditugu parrandetan, bertso-eskoletan, euskara eskoletan, sare sozialetan… Beraiek kontatzeko zeukatena babestu dugu, entzun dugu, ikasgaitzat hartu dugu. Eta hala egiten jarraitzen dugu. Baina orain, ariketa hori kontrako norabidean ere egin behar litzatekeenean, egia esango dizuet, erreakzio horiek hitzetan entzuten edo keinu batean ikusten ditudanean, neure buruari galdetzen diot, noiz ezagutuko dugun gure mundu-ikuskerarekiko interesa.

Horixe baita gakoa: keinu, komentario edo isiltasun susmagarriak sortzen dituzten horiek, ez dutela sinesten munduaren erdia den horrek ezer interesgarririk duenik kontatzeko. Eta, beraz, ez dira joaten emakume gehiegi dauden bertso saioetara, emakume batek emango duen hitzaldi batera, emakume batek gidatuko duen ikastaro batera, ez dute irakurtzen emakume batek idatzitako artikulurik, ez dira elkartzen gehiengoa emakumeak diren taldeetan… Hortik zer ikasirik eta, ondorioz, zerekin gozaturik ez dutela jasoko uste dutelako.

Gizonezko horiek emakumez inguratuta bizi dira: amak, arrebak, alabak, lankideak, koadrilakoak… inguruan dituzte. Jakin nahi nuke, barru-barruan, zein iritzi duten inguruko emakume horiez guztiez. Zein iritzi eta, beraz, zein maitasun.

Susmagarriak II