Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2022-01-17

Tabu

Tabu –

Tabu hitzaren laugarren adierak “gizarte eta politika gaietan, bertan ebatzi gabe dauden eta traumatikoak edo deserosoak diren auziak” hartzen ditu hizpide. Bertsoa ere, diskurtsogintza eta komunikazio bide den neurrian beti egon da tabuz inguratua, zeharkatua eta zenbait tabu puskatzeko prest; bertsogintza ez baita urruneko perspektiba, ez bada murgiltzetik abiatutako distilazioa.

 

Tabu
Arg: Jan Mehlich

 

Zilegi da bertsogintza bozgorailu gisa ulertzea. Zilegi da, bertsolariok gizarte mugimenduei oihartzuna ematea. Zilegi da, zalantzak sortzen dizkigunaren inguruan pentsatzeko tartea hartzea ere. Are, zilegi da zalantza kantatzea. Baina zalantzari forma eman behar zaio eta bi-hiru bertsora errenditu. Izan gaitezen zintzoak: gai konplexu eta deserosoen aurrean, zuetako zenbatek erabakitzen du gaiari itzuri egitea? Koadrilan, familian, gabonetako otorduetan, heldu diozue edo tabu bilakatu zaizue?

Honi bueltaka ari nintzela argitaratu da ondoko leihoan Manex Agirreren zutabea, “bertsolariak gertatzen ari denari kantatu” behar dion Julio Sotoren adierazpenaren bueltan. Hain zuzen, hari mutur ugari dituen gai konplexu baten aurrean, hiru bertsotan gertatzen den hori bildu ote litekeen da beste galdera posible bat. Eta abiatzerako dakigu ezetz. “Burtsa sozialean” debaluatu den “iritzi monolitikoa” aipatzen du Agirrek, eta burtsan gora doan zalantzaren apologia ez dakit onartzen dugun gai guztietan.

“Bertsoak bizi duen garaiaren lekukotza zor du” zioen Amets Arzallusek azken bertsolamintzan. Eta ahalegin horretan ebatzi gabeko gai traumatiko eta deseroso ugari agertzen zaigu. Sumatu dut jendea pandemiari kantatzeko eskean, eta sumatu dugu giroa hori ez den beste guztiaz aritzeko premiaz. Gai sortzaileek ere oreka horren bila dihardute, bertsolariok bezala. Horregatik, saio askotan agurretan entzun ahal izan dira garaiari lotutako kokapen, kritika eta iritziak. Beste hari-mutur ugari ofiziotan eta bakarka landu ahal izan dira. Susmoa dut, gaiari heltzeko eskatzen duen horrek ez ote duen berak eskuetan duen haria mikrofonoan jar dadin nahi (biralaren garaia, bi zentzutan).

Bertsoak bertsolari beste iritzi bil litzake, eta bertsozale beste mezu osatu interpretazioan. Maialen Akizuk gradu amaierako lanean planteatu zuen diskurtso komunitate gisa ulertzen badugu, ordea, ohartuko gara zenbait gairen inguruko norabide edo iritzi konpartitze bat gertatzen dela bertsoen bidez. Kontsentsurik gabeko gaietan, baina, zaila da ñabardurak lantzeko bertsoaldirik aurkitzen. Eta ez gaude epaietarako. Zorionez, saio ugari, bertsolari asko eta espazio anitzetako collage-a da bertsogintza. Bertsozalea denak, han-hemenka entzundako saioetatik pandemiaren irakurketa nahiko oparoa osatu ahalko du.

Tabu