Eneko Fernandez
Eneko Fernandez

2023-03-22

Tira sokari!

Tira sokari! –

Doinua: Gizona da zoroa

 

 

Martxoan iritsi da

Sokatiran txanda

Munduko txapelketak

kabi zun Irlanda

Horren jarraipena aski

txikia izan da

bertsoz egin nahi nuke

euren propaganda

 

 

Nahiz sokatirak dauzkan

makina bat urte

ezezagutzan sarri

hartu du arkupe

Merezi dun aitortza

izanen al luke

sokan ordez baloi bat

jarriko balute?

 

 

Nik neuk ere ipini

behar nuke gorri

ahanzturara auniztan

ditugu igorri

Nahiz  munduko txapeldun

bezela etorri

non egin zaio leku

balentria horri?

 

 

Jardun arren talde ta

nazio gisara

ez titular nagusi

eta ez portada

Eta herri(ko) kirol

gisa dugu, hara!

Sarri gure etsairik

handienak gara

 

 

Gutxi azaltzen gara

nazio modura

Ikurrinen zirrara

dominen lilura

Kasu hontan sokaren

eskutik heldu da

Hau bultzatzea ez al da

guztion ardura?

 

 

Beti Gazte, Gaztedi

bikain dira ari

Badaiotz ta Ibarra

hor dabiltz aspaldi

Hamaika taldetako

hainbat tiralari

Nire eskertza bertan

ibili denari

 

 

Beti Gazte garaile

berriz ere aurten

Lesakarra naiz ta zer

poza eman didaten

Neska, mutil zein misto

zer lan, zer ekarpen!

Jarraitu ezazue

eredu izaten

 

 

Lanaren poderioz

indartsu ta arin

anitzak jaioterri,

sexu eta adin

Belaunaldi berritan

nahi bada eragin

segi gogoz tiratzen

soka eten ez dadin (bis)

Tira sokari!