Joanes Illarregi
Joanes Illarregi

2022-11-17

Txapelketan

Txapelketan –

Puri-purian dago oraintxe bertan txapelketa; bertsozale, bertsolari, bertso-munduko pertsona oro, komunikabide eta beste zenbaiten ahotan azken garaiotan ia ez dago besterik. Niri ere egunean hemezortzi bat aldiz pasatuko zait burutik gutxi gorabehera. Horregatik ez zait beste zerbaiti buruz idaztea ateratzen une honetan, bor-borka ari den eltzeari begira baikaude denok. Baina talaia desberdinetatik begiratu dakioke eta aztertu daiteke txapelketa, denak zilegi eta denak balekoak, norberaren posizioaren eta lehentasunen arabera.

Puntuak eta postuak dira ikusgarritasun handiena dutenak. Azken asteok larunbateko arratsaldeko zortziak iristeko zain egon gara asko, azkazalak janez telefonoari begira joan izan ezin garen saio batean dagoen lagunak bidaliko digun mezuaren zain, puntuak momentuan jakiteko desiotan. Gaur ez naiz horri buruz ariko ordea.

Ofizio edo ariketa entzutetsuek ere ikusgarritasun dezente lortzen dute. Baten eta bestearen ahotan ibili dira baten bakarkako lana, bestearen ofizioa, etxean egindako lana, errimategia, zuzentasuna, umorea, teknika, gaiak bideratzeko ikuspegia… Bertsoari tripak atera dizkionik bada (edo bagara). Kronika askotan ere luparekin aztertzen da dena edo ia dena; norberak erabakiko du zer irakurri eta zenbatekoa garrantzia eman horri. Honi buruz ere ez naiz ariko ordea.

Txapelketa garaian bada hainbesteko ikusgarritasunik ez duen beste alde bat, eta niretzat behintzat berebiziko garrantzia daukana. Beste garai batzuetan jarraikortasunez egitea kostatzen den bertso eskola bueltan izaten da. Bigarren koadrila hori egunerokoan jartzen da berriro ere harremanetan, ia lehenengo koadrila bilakatzeraino. Eskolan elkartu, saiotxoa egin eta egindakoari buruz luze-zabal hitz egin ondoren, tabernara joan eta trago batzuk hartuz egoerari buruzko hausnarketak, (askotan betetzen ez diren) teoriak eta analisiak egiten dira, mahai bueltan luuuuuuze eserita.

Larunbatetarako eskurtsioak antolatzen dira: saioaren aitzakian Euskal Herriko beste puntako herri horretara gerturatu, bazkaritxo bat egin, saioa entzun eta bueltan berriro ere mahai bueltan elkartu saioaren nondik norakoei buruz hitz egiteko. Asterik aste elkarrizketak errepikatzen dira eta katilu berari bueltaka ibiltzen gara, baina zenbat gustatzen zaigun.

Norberaren pozak baldintzatzen du ingurukoena, eta ingurukoenak norberarena. Lehendik geneuzkan harremanak are gehiago estutzen dira eta berriak sortzen dira. Horri ere eman behar zaio duen balioa. Noski puntuak eta saioak garrantzitsuak direla, bestela txapelketak berak ez luke ez hanka ez buru. Baina horren atzean dagoen guztiak, oholtzapekoak fokopekoak adina balio du, eta ikusgarritasun handirik eduki ez arren esango nuke barru-barrutik hori dela mugitzen gaituena. Horrek garamatzala lanetik atera eta astelehen batez gaueko 21:30ak arte bertso eskolan aritzera, ostiral guztiak bertso eskolako kideentzat gordeta edukitzera, ostegun eguerdiz kotxea hartu eta orduerdiko bidaia (joateko, beste hainbeste itzultzeko) egitera goizeko eta arratsaldeko lanorduen artean buruz-buru saiotxo bat egiteko… Askotan puntuek eta sailkapenek banatzen bagaituzte ere, horrek batzen gaitu.

 

Txapelketan
Leitzako bertso eskolako zenbait kide
Txapelketan Txapelketan