Oihana Bartra
Oihana Bartra

2016-11-09

Txikia

txikia

Gehiegi ezagutzen ez dudan pertsona batek galdetu dit ea konplexurik dudan txikia izateagatik. Harriduraz begiratu diot. Galdetu didan arte, ez diot neure buruari inoiz planteatu. Zer du txarrik, ba, txiki izateak? Erantzuna, ezetz.

Beti izan naiz zortziko txiki zalea, talde txikietan erosoago sentitzen naiz, herri txikietako jaietan bota ditut parrandarik onenak, “Txikia” abestia kantatzen hunkitzen naiz, edo Imanol Urbietaren “Txiki, txiki, txikia”-rekin; iraultza txikietan sinesten dut, txikitako oroitzapen zoragarriak ditut, belarri txikiak gustatzen zaizkit, gustura bizi naiz etxe txiki batean, larrutan zabiltzala esateko txiki-txiki erabiltzeak grazia egiten dit, pertsona txikiek ere erakarri egiten naute, jenioa iruditzen zait Lazkao Txiki, Astxiki mendirako txangoa dut gogoan iltzatuta, ordu txikietan hazi egiten naiz.

Ez, ez daukat konplexurik. Txikia naiz eta ez zait ez ona ez txarra iruditzen. Baina, txikia izatea tokatu zaidanez, pentsa dezadan txikia izatea dela pasa zekidakeen gauzarik onena.

txikia
Arg: mendiurdina.blogspot.com

 

(Ariketa bera egin daiteke “handi”, “lodi”, “zahar” hitzekin).  

txikia