Asier Azpiroz
Asier Azpiroz

2025-05-30

Txokoa eta zabala

Sagarrondoak lorea eta alea bi urtez behin ematen ditu oparo, urte batean zabaldu eta eman, eta hurrengoan bere baitara bildu eta bere txokoa zaindu.

Txokoa eta zabala –

Txokoa eta zabala
Arg: wikimedia

Sagar-urtearen emankortasunak, arbola bera umiltzen du eta datorren urterako lezioa ikasten du sagarrondoak: ale gutxiago eman eta bere burua zaintzea.

Baina ale gutxiago emanda arbola berriro indartu eta harrotu egiten eta datorren urterako saskia betetzeko lan gutxiago jartzen die sagar-biltzaileei. Horrela funtzionatzen du etengabe. Harrotu-eman-umildu-jaso-harrotu-eman-umildu-jaso. Tarteka mundu zabalera eta bestetan sukalde txokora. Pertsonak ere halatsu ez ote gabiltzan.

Zilegi bekit konparazionea bertsoaren ekosistemarentzat eta funtsean jardun eta hizkuntza gutxitu askorentzat ere.

Bertsozale Elkarteko (i)bilera batean bertso-saioen antolakuntzari buruz ari ginela bota zuen buru argi batek zabaldu eta istearen ideaia hau. Elkarteak, bertso-eskolek edo bertsolaritza geroratu asmo duen edonork aintzat hartu behar lukeen kontua da, inondik ere.

Kontua da zenbait datuk agerian uzten dutela saio klase batzuk desagertzen ari direla, jaitsiera nabarmenena libreko saioek izan dute. Gizartea aldatzen ari da eta saio klaseak aldatzea litzateke normalena baina ez gara galtzen ari garen neurri berean sortzen ari, ordezkapena baino galera da gurea. Hor arazo bat daukagu eta norberaren herrena ezagutzea premizkoa da beti auto-lausenguan ibili gabe.

Beraz, Bertsozale Elkartearentzat edo edozein bertso-eskola edo kolektibo bertsozalerentzat hauxe da kinka: zein lur goldatu behar da saioen galera hori mozteko?

Batzuetan gure mugak bilatu behar ditugu eta ez-ohiko lekuetara eraman bertsolaritza, bestela ez gara gure sukaldetik aterako. Maiatzaren 9an Kebab batean kantatu genuen Hernanin Oihana Arana biok, adibide bat izan liteke. Ez ohiko ordu, leku eta girotara joateak balio lezake zale eta lur berriak ekarrarazteko.

Baina etengabe zabaltzen ere ezin da aritu, gutxiago gurea bezalako hizkuntza eta jardun minorizatu batean, eta tarteka trinkotu beharra dago, arnasguneak bilatu behar dira eta
bertsolariak eta bertsozaleak bere sukaldean dagoela sentitu behar du. Ezagutza bai, baina erabilera ahaztu gabe.

Tentsio hortan bizi behar dugula iruditzen zait, txokotik zabalera eta zabaletik txokora. Hurrengo debatea litzateke zer den txokoa eta zer zabala. Hori ni baino bizkorragoren batek erantzun beharko du baina hizkuntzaren arnasguneak, bertsoaren arnasgunea ere ez duela aparte izango da nire punpaireko intuizioa.

Txokoa eta zabala