Irantzu Idoate
Irantzu Idoate

2022-09-08

Udazkena dator

Udazkena dator –

Udazkena dator ; udazkena eta udazkenak dakarren guzia. Uda bukaera, ikasturte hasiera, tenperatura apaltzea, ordu aldaketa, saltegietako beherapenak, Black Friday-a, futboleko munduko kopa, eguberri garaia… Baina euskaldun anitzentzat 2022ko udazkena berezia izango da : Bertsolari Txapelketa Nagusiaren itzulera ere badelako, datozen 3 hilabeteak zeharkatuko dituena.

5 urte igaro dira jada azkena iragan zenetik. Uste dut ez dela tarteko gertakariak errepikatu beharrik. Baina azken urteak gorabehera pertsonal zein kolektiboen oinarri eta topaleku izan dira. Bakarrik bizitzen ikastetik eta bertso saioak online ikustetik, berriz ere jende artera irten eta bertso saio klasikoetara ohitzera eramanak izan ginen. Eta testuinguru horren baitan itzuli ziren herrialdeetako txapelketak distantzia eta musuko artean lehenik, eta pixkanaka saio normalagoak ere berreskuratu ditugu. Azkenean, Txapelketa Nagusiaren txanda etorri da. Azken urteek utzitako orbainen eta hurrengoekiko esparantza usainen artean loratuko dena. Dudak duda, txapelketak, hasi aurretik jadanik, jaso duen harrera, 2017koaren haziak sendo errotu ziren seinale da. Ordukoaren bide beretik ekinen zaio aurtengoari ere, indartsu eta ilusioz ; ikus-entzuleak, bertsolari, gai-jartzaile eta epaileak bezain prest egonen garelakoan. Saioz saio, elkarlanetik eta talde mugimendutik eramanen delako. Txapelketa ez delako, batzuen iritzia izan badaiteke ere, indibidualismoan eta lehian sustraituriko ekimena. Bertsogintzaren inguruan, milaka pertsona elkartu eta horren aldeko parioa egiteko aukera baizik. Ederra baita, su beraren inguruan dantzan aritzea.

Uda bero eta idorraren ostean, udazken fresko eta goxoa daukagu aurretik. Esku zartak prestatu, sarrerak hartu, lagunekin Euskal Herriko puntetara joateko planak egin… eta goazen !

Udazkena dator.

Udazkena dator

Udazkena dator