Manex Agirre
Manex Agirre

2023-09-20

Ulises, harkaitzari usnaka

Ulises, harkaitzari usnaka

Argia aldizkarian Kepa Matxainek egindako elkarrizketa mamitsua argitaratu ondorengo asteburuan izan nuen Xabier Amurizarekin, tarte batez bada ere, egoteko zortea. Gorbeia magaleko Mairuelegorreta kobazulo ikonikoan egiten den urteroko jaialdira egin zigun bisita, Korrontzi taldeko Agus Barandiaranekin batera. Kantuan eta hizketan aritu zen, kopla zaharrak ardatz. 

Ilunpera, emanaldiaren lekura, sartu aurretik, tarte bat hartu zuen bakartzeko. Haitzuloko ahoaren inguruan ibili zen, eskua harkaitzari itsatsita. Ahopeka hizketan ari zela ikusi nuen, urrunetik. Ederra izan zen eszena. 

Memoriak salto egin zidan atzeraka. Jon Kortazarrek gonbidapena bidali zidan orain urte batzuk, Pott bandaren sorreraren urteurrena zela eta prestatzen ari zen testu-bilduma baterako. Bildumaren asmoa, Pott-tarrek hainbat arte-diziplinarekin izandako loturak aztertzea. Nire kasuan, bertsolaritza. Lan gaitza, bandakideek, aldizkariko hainbat testutan, nahiago izan baitzuten, zuzenean, bertsolaritzarekin loturarik ez zutela aldarrikatu, aski tonu sarkastikoan. Ulertzekoa, autonomiaren konkista-ariketa bat baitzen beraiena, banguardia-ariketa bat, une hartan hil ala bizikoa zuena “literatur-sistema” izendapena handi geratzen zitzaion mundu txiki harek. 

Beraz, bildumarako zegokidan testuak arrisku bizia zuen guztiz ezdeusa izateko… Xabier Amurizak salbatu ninduen arte. Izan ere, Pott-tarrak bizi-bizi zebiltzan garaitsuan abiatu zuen berriztarrak gaur egun bertsolaritza ulertzeko dugun modua definitzeko lan titanikoa. Horixe izan zela iruditzen zait:  definizioa iraultzeko ariketa arrakastatsu bat. Eta, nolabait, distantziak distantzia (talka totala dago, adibidez, Atxaga eta enparauek batetik eta Amurizak bestetik  “sormenaren” eta “herriaren” arteko lotura ulertzeko moduan, noski), Pott bandakoek euskarazko literatur-sorkuntzari autonomia emateko zuten deliberoaren senide zen ariketa bat egin zuen. Halako  herritik erauzte bat eta ondoren bueltan herriari itzultze bat.  

Mairuelegorreta barruan, Xabier eta Agusez aparte, besteak beste, bertsotan aritu ziren Miren Amuriza eta Maddi Agirre. Saio bat egin ondoren hala esan zien biei, adar-soinu apur batekin: “Eskerrik asko nire doinua erabiltzeagatik”. Eskerrak berak esan zuen, entzuten ari ginenon ehuneko handi batek jarriko baikenion, espanturik gabe, “herrikoia” abizena, erabilitako doinu horri.