UNIBERTSOLARIAK

Aroa Arrizubieta

Aroa Arrizubieta

2019-12-13

Unibertsolariak –

UnibertsolariakAuto-piropoen eguna da gaur. Ahal eta nahi dudalako -bertso eskolako ikasle batek esan ohi duen bezala-. Gasteizko unibertsitateko ikasle batzuok hilabeteko azken asteazkenetan -edo ondoen datorkigun asteazkenean- bertso-saioak antolatzen hasi gara Hala Bedi tabernan -bide batez eskerrak bertakoei-, gugandik eta guretzako, batez ere. 

Oraindik bertsozentrismoa nagusi bada ere, bertsoaz gain bestelako diziplinei ere plazaratzeko lekua eman nahi izan diegu; horregatik, saioa hasi aurretik 30minutu inguruko ikuskizun bat egoten da (orain arte abeslariak, baina zabalik gaude edozein proposamenen aurrean). 

“Unibertsolariak” -uni-ko bertsolariak- ekimena, ustez, orokortua den arazo baten aurrean -Araban agian ez hainbeste- sortu den erantzuna da: Gazte guztiok ez dugu nahi haina bertso saio -salbuespenak salbuespen-. Gazteok orokorrean ez dugu saio askorik, eta saioak ditugunok beti gara berdinak. Horietako bat izatea pozgarria -zuk badituzulako- bezain tristea -badakizulako beste baten espazioan kantatzen zabiltzala agian- da. Horren aurrean burumakur eta muturtuta ibili beharrean, gure espazioa guk geuk sortzea izan da erabakia. 

Bereziki pozgarria da publikoaren erantzuna. Plaza bete izan dugu -orain arte behintzat- eta familia giroan kantatzeko (zein gai-jartzeko) aukera bat da. Horrek are gehiago pozten gaitu guk sortutako zerbaiten erantzuna dela jakinda. Berriro diot, zoragarria da elkarrekin eta elkarrentzat sortzea. Beraz, ez zait geratzen eskerrak ematea besterik, “oholtzaren” bi aldeei. 

Unibertsolariak