Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2020-09-11

Zaindu maite duzun hori

Zaindu maite duzun hori-

Badator 2020ko Xilaba edizioa, baina iruditzen zait bera baina azkarrago etortzen ari dela gugana birusa. Orai, plazak distantziaz traza daitezke, mikrofono garbitzaile lanbidea sortzear dago, eta publiko bati baino bi begi txikiri kantari gabiltz. Baina hau da segurtasunaren ordaina; norberak bere erosotasun pertsonalak albo batean utzi behar ditu, ongizate kolektiboaren izenean.

Uste dut ona baizik ez dezakegula atera honelako egoera batetarik. “Ni”-ak gobernatzen duen munduan, sarritan pertsonaren edo indibidualaren garrantzia azpimarratua izan zaigu, “izan nahi duzuna”, “zure ametsak bete”, edo “zure bizia bizi behar duzu” bezalako esaldi lausoegi eta lirikoekin. Dena erran ezer ez errateko. Txikitatik, gure buruaren zaintzen erakutsi digute, zer den ona guretzat, zer den txarra, eta ekoizpen eredu kapitalistak diktatzen duen gizartean, soilik indibidualismoa gailendu zitekeen. Ni eta besteak.

Kuarentenan, sarritan entzun dut birusaren aurrean denak ber heinean ginela, azkenean, denak ber zakuan sartzen gaituen gertaera hori iritsi zitzaigula. Baina badirudi batzuk zulotxo bat topatu dutela zakutik eskapatzeko, eta barruan, beti ere, betiko zapalduak geratu direla. Klaseen arteko arrakala zulatuz joan da, eta ezin josiak diren zauriak sortu zaizkigu. Edo behintzat, gure buruen zaintza soilarekin itxiko ez direnak.

Orai, krisia sakontzen ari den honetan, gure erosotasun pertsonalek behera jo dute. Gure buruen babesa nahi genuke, baina maskekin, eta beste metodoekin, ikusi dugu gure burua babestuaz besteak ere babesten genituela. Nahiz eta egoera berezia izan, pozik kantatuko dut Xilaban, zaintza kolektibo hori nagusi izanen delakoan. Baina egoera honetara iritsi behar izan dugu konturatzeko besteak zaintzea ere tokatzen zaigula; gure buruen zaintzea, besteen zaintzarekin lotua delako ezinbestean.

Zaindu maite duzun hori

Zaindu maite duzun hori-