Zer da bertsolaritza? –

Bertsolaritza ahoz sortu eta kantatutako diskurtso neurtu eta errimatuen artea da. Bertsolariak, arte horretan diharduen sortzaileak, unean bertan sortutako piezak, bertsoak, abesten ditu, gai jakin bati erantzunez edo bere ikuspegia adieraziz. Batzuek diote poesia musikatua dela, besteek komunikazio forma bat, adierazpide kulturala, gizartearen ispilua.. Hori guztia da bertsolaritza.
“Hizketan lerratzen da
gizonen bizitza,
jolas edo jokoan
pozago gabiltza.
Neurriz eta errimaz
kantatzea hitza,
horra zer kirol mota
den bertsolaritza.”
Bertsolaritza ez da ahozko inprobisazioaren adierazpen bakarra munduan. Beste kultura batzuetan ere badira antzeko egiturak dituzten tradizioak: Repentismo kubatarra, Payada (Argentina, Uruguay, Txile), Poetry Slam (mundu mailan), Griot eta nuba tradizio afrikarrak.. Bertsolaritza, bere arau propioekin, maila tekniko eta estetiko handiko diziplina autonomoa da, eta aldi berean, ahozko adierazpide unibertsal baten euskal forma. 2020az geroztik, bertsolaritza EAEko kultura-ondare immaterial gisa aitortua dago.
Hiru bertso mota daude: bat-bateko bertsoa, txapelketako bertsoa eta bertso-papera.
1. Bat-bateko bertsoa
Bat-bateko bertsoa da bertsolaritzaren formarik esanguratsuena eta bereizgarriena: momentuan bertan, inprobisazioaren bidez sortzen eta kantatzen den bertsoa. Bertsolariak entzuleen aurrean, gai-jartzaileak proposatutako egoera bati erantzunez, doinu jakin batez neurtutako eta errimatutako testua sortzen du zuzenean.
Ez da soilik hitzen jolasa: pentsamendu azkarra, irudimena eta komunikazio gaitasuna uztartzen dituen ahozko literatura ekintza da. Ekitaldi publikoetan, eskoletako saioetan, herriko festetan eta eguneroko bizitzan entzun daiteke. Gaur egun, Euskal Herriko kultur adierazpen bizienetarikoa da, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, bertso-eskolen bidez zein familiaren bidez.
2. Txapelketako bertsoa
Txapelketako bertsoa bat-batekoaren azpimota da, baina arau zorrotzagoen eta baldintza tekniko mugatuagoen pean sortzen dena. Bertsolariak neurri jakin bat, doinu egokia, errima zuzena eta denbora muga bete behar ditu. Horrez gain, epaimahai batek baloratzen du bere lana: gaiaren garapena, koherentzia diskurtsiboa, estiloa eta eszenaratzea.
Lehiaren testuinguruak konplexutasun teknikoa, diziplina formala eta espresio ahalmen garatua eskatzen ditu. Bertsolari bakoitzak bere ahotsa eta estilo propioa erakusten du. Txapelketarik handiena Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia da, lau urtean behin ospatzen dena eta milaka lagun biltzen dituena.
3. Bertso-papera
Bertso-papera da aurrez idatzitako eta zabalkunderako sortutako bertsoa, eta bertsolaritzaren transmisioan eta herri kroniketan funtzio garrantzitsua izan du historian zehar. XIX. eta XX. mendeetan, plazaz plaza paperean banatzen ziren, askotan salerosketa xume baten bidez. Gaur egun, formatu digitaletan, prentsan, sare sozialetan edo liburuetan ere topa daitezke.
Bertso-paperek, askotan kritika soziala, umorea edo gertakari jakinen interpretazioa jasotzen dute, eta ahozko literatura eta herri kazetaritza uztartzen dituzten adierazpide moduan har daitezke. Forma aldetik, bat-bateko bertsoaren egitura bera izan ohi dute, baina pentsamenduaren sakontasuna eta idazketaren zaintza nabarmenagoak dira.
Amaitzeko, hementxe dituzue nire bertsorik gogokoenak; bat-batekoak, txapelketakoak eta idatzizkoak.
– BAT-BATEKO BERTSOAK:
2004ko Aubixako bertso-udalekutan Eizagirretar Ixiar edo Estitxuk Carmina Ordoñezen heriotzaren harira jarritako gaiari erantzunez (azken puntua besterik ez dut gogoan):
“baineran sartu eta
garbitu egin zen”.
– TXAPELKETAKO BERTSOAK:
Erropa zahar horiekin (Jon Lopategi, 1983-03-23)
Bertsoa – BDB.
Bertsolaritzaren datu-basea
Kupela taldea
Oharra: ez dut Mikel Urdangarinen bertsioa sarean aurkitu (Jon Lopategiri egindako omenaldirako sortua)
– BERTSO PAPERA:
“Bertsolaritzaren sekretuak” ikuskizunerako Maialen Lujanbiok propio sortutako Hondarribiko Joxeparen bertso sorta. Hondarribiko Joxepaz dakigun apurra, Bilintxek jarritako sorta honen bidez iritsi zaigu:
“Hondarribi aldian
aditzen genduen
dama bertsolari bat
nola bazeguen
zeinak Euskalerrian
parerik ez zuen”.
Joxeparen bertsorik ez zen jaso, ordea, tamalez. Maialen Lujanbiok eman zion erantzuna Bilintxi, bertso paper bidez, Joxeparen ahotik.
Bere bizar haundia
eta antijua,
Hondarribira egin du
bixita pijua,
pena du Joxepari
ez adarrik jua,
berriz izan ez dezan
keja ta ijua,
Bilintxi bertso hauek
jartzera nijua.