Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2018-05-22

Zilegikeria

Zilegikeria –

Zilegitasuna oso modan jarri den egunotan,  jendeari zilegitasunik eza aurpegiratzen zaion honetan, zilegitasuna eskatzen dugun honetan … bertsolari bezala ematen zaigun zilegitasuna izan daiteke zalantzarako gai. Oso jende garrantzitsuak (garrantzitsua esatean uler bedi gizon nazioarteko, gorbatadun, ile-urdindu) hartu du ahotan “zilegitasun” hitza eta oso jende normalak (parentesiko izenondoetan ez gaudenok, gehienbat) sentitu du horren falta; orokorrean.

Zilegikeria
Berria

Zehatzago, Kanboko irudiei begira eguna pasata, hitz horren oihartzuna burutik atera ezinda iritsi ginen bi bertsolari gazte elkartasun bertso afarira. Librean zen saioa, baina zerbaiten alde antolatzen den saio batean gai batzuk inplizituak dira; batik bat, hain zuzen talde horretako kideak bertan direlako. Talde horretako senideei edo iritsi berriei kanta diezaiekezu aurrez aurre.

Hantxe genuen  jendea gure aurrean isilik eta mikrofonoa eskuetan, gure hitzaren zain. Denek ematen ziguten horretaz eta edozertaz abesteko zilegitasuna, guk gure buruari jarritako mugen baitan. Baina ze muga, Lizarra-Garaziko hitzarmenaren garaian oraindik irakurtzea eta idaztea zer zen deskubritzen ari ziren bi ume haiek, ibilbide horren balorazio bat egin beharra! Hormetan hiru hizki haiek ezagutzetik haien esanahi osoa ulertzera  iritsi garen zalantzan gu, eta ibilbide horren parte eta lekuko izan direnak gure iritzia entzuteko zain …

Ez dut askotan sentitu hain fisikoki mikrofonoa beste bati pasatzeko beharra. Sarri sentitu dut, ordea, ahoa itxi eta parekoa entzuteko premia. Bertsolariak herriaren ahots izendatu zituzten noizbait, baina horretarako herriaren parte izan behar da, herriak entzun behar dira.  Plazan edozeren inguruan aritzeko eta edozein rol betetzeko zilegitasuna ematen zaigu printzipioz. Zenbatetan abestu diegun euren egunerokoaz gu baino gehiago zekiten pertsonei, zenbatetan ahalegindu garen euren egoerak irudikatzen … Askotan, ziur. Eta horri esker beti ikasi dugu zerbait.

Gorka Urbizuren esaldi batek dio “pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori”. Pasioa jarri behar da entzuteko eta errespetuz hartu behar da ematen zaigun zilegitasuna. Hortik atzerakoa zilegikeria hutsa da.

Zilegikeria