Hemen da Maialen Lujanbio

2017-11-02

Maddalen Artzallus Antia, Aimar Karrika Iribarren, Unai Agirre Goia, Maialen Lujanbio Zugasti, Aitor Sarriegi Galparsoro eta Alaia Martin Etxebeste bertsolariak igo ziren santu guztien egun arratsaldez Irungo Artaleku kiroldegiko oholtzara. Sarrera guztiak egun batzuk lehenago agortuta, 2260 lagun bildu ziren kiroldegian. Denbora luzez gogoratzen den arratsalde horietakoa izan zen.

 

Gogoratzekoa, esan dugu; horrelako jendetza gutxitan biltzen baita saio batean bertsoaren aitzakian. Gogoratzekoa, baita ere, bertsoaldi on asko izan zirelako saioan zehar. Baina gogoratzekoa, batez ere, Maialen Lujanbiok egindako kartzelako ariketagatik. Joan gaitezen pausoz-pauso, ordea.

 

 

Maite Berriozabalek gidatu zuen saioa, eta final laurdenetan egin zen moduan, 8ko nagusiko ariketak ireki zuen lan puntuagarrien txanda, haserako agurren ondotik, betiere. Aitor Sarriegi eta Alaia Martinek egindako lana nabarmendu zen agian besteen gainetik ariketa honetan. Basozainak ziren biak, eurek zaindutako lur eremuetan izandako suteak nahita piztuak izan zirela jakin berritan. Aitor Sarriegik gaia adarretatik heldu zuen, elementu andana gehituz puntuen joanean (lurren birkalifikazioa, boluntarioak, ondorengoei utziko diegun ondarea…) eta maila handiko bertsoak kantatu zituen. Alaiari dagokionez, bere saioaren islada izan zen lehenengo ofizio hau: mezuarekin efektua lortu nahi, baina bete-betean asmatu ezinda… Hona hemen osatu zuten bertsoaldia:   

 

Piromanoak ta basozainak

sortu zaizkigu bi bando

baina horrez gain gure egoetan

bada nahiko kontrabando

hemen errua legeek dute

ez al du inork esango

martxa honetan laster ez dugu

zer zaindu ere izango.

 

Basoa erdi hutsik al dago

hala al zaizu iruditu

batzuk lehenago mugitzen dira

ta gu zergatik mugitu

sua gorroto dugu izatez

nahiz ta ura oparitu

nahiago nuke su piztaileak

harrapatuko balitu.

 

Esan dizut ta ez zaitez jarri

beraiei soilik begira

hemen legea da arazoa

hau duzu horren segida

hemengo lurrak edozein moduz

birkalifikatzen dira

eta atzetik sua itzaltzera

boluntarioak mendira…

 

Ez zait komeni ez eufemismo

ez aitzaki ez azukre

alper-alperrik dugu eskutan

hainbeste ur ta bertute

probokatuak nola izaten

diren horrenbeste sute

latza da baina agian greba

egin beharko genuke.

 

Ez dakit ba nik greba eginez

zerbait lortu dezakegun

zuk arazoa kokatu eta

esango dizute segun

ta bitartean suak pizturik

daramatza hamar egun

nere kezka da ondorengoei

zer utzi behar diegun.

 

Gaurkoan horren amorratuta

sentitzen gara gu ezen

barruan su bat su haundi haundi bat

ari zaigula erretzen

ondorengoei ze utzi eta

ze zulo hasi betetzen

errautsak utzi nahi nizkieke

Fenix bihurtu daitezen.

 

 

8ko txikian saioak nabarmen egin zuen gora. Artaleku kiroldegian bildutako jendetzak majo gozatu zuen bertsolarien ateraldiekin. Saioko irabazlea bera ere (Maialen Lujanbio) ariketa honetan hasi zen benetan nabarmentzen. Ofizio bi aukeratu ditugu, Aimar Karrikak eta Unai Agirrek osaturikoa, lehenbizi, eta Aitor Sarriegik eta Maialen Lujanbiok osaturikoa, segidan. Karrika Agirreren jatetxera joan da bazkaltzera, eta plater bat ona ez zela-eta kexatu ostean, beste plater bat atera dio Agirrek. Azkenean, baina, biak kobratu dizkio fakturan. Hona bertsoaldia, Karrika hasita:

 

Lehenik pasatu xamar

zen zure txistorra

ta bigarrena ere

ai nahiko gogorra

faktura ikusita

ohartu naiz horra

txistorra zinez dela

errepikakorra.

 

Hemen txistorrak badik

bere garrantzia

ez dek normala neri

jar diaken trantzia

ez dek gauza berdina

ez izan ahantzia

txarra egotia ta

hiri ez gustatzia.

 

Nik edozer jaten dut

gustoz ta gustura

gaur ez dut maitatu hau

ezta ere hura

gustoz biziko zara

zu nire kontura

tripen barruan ere

damakit faktura.

 

Gazte jende honekin

hamaika endredo

barrua eraman nahi

du etxera bero

ni tontua naizenik

etzak hik espero

txarra dago esan dek

bukatu ta gero.

 

Abila izatea

deitzen zaio horri

zure faktura ere

hori du jatorri

jatetxea jarriko dut

nik biziki gorri

beste lagunik hona

ez dadin etorri.

 

Edozein horren gaizki

nik ez dit zerbitzen

barkatu baina ez nauk

gaur ondo sentitzen

igual dirurik gabe

etorriko hintzen

nahi badek ordaindu zak

platerak garbitzen.

 

 

Maialen Lujanbiok eta Aitor Sarriegik osatu zuten 8ko txikiko ofizioak, bere aldetik, txispak sorrarazi zituen. Kolpea bata bestearen atzetik, gozamen hutsa. Bizilagunak, Aitor egunero joaten da Maialenen etxera zerbaiten eske. Oraingoan, inprimagailuko tinta bukatu zaiola-eta, dokumentu bat inprimatu nahian.

 

Beraz orain tonerra

joño ez da broma

bestela gatz, olio

butano bonbona

ez zaizu asko gustatzen

zuri Mercadona

hementxe daukazu ta

merkea ta ona.

 

Lau mesede eskatu

ta kejaka hasi

zure jarrera horrek

ez dit egin grazi

behar dedala soilik

dizut adierazi

zuk baldin badaukazu

zertako erosi.

 

Argumentazioan

abila zera zu

eman egingo dizut

baina egin kasu

inpresoraren tinta

hementxe daukazu

ta erostekoen lista

inprima ezazu.

 

Gaurkoa bakarrik zen

kasualitatea

biok lagunak gera

atean atea

baina kostatzen zaizu

sarri ematea

bizilagunena da

komunitatea.

 

Nik aldegin nahi nuke

gure honetatik

esplikatu beharrik

ez dago zergatik

aspertu nau badu ta

nahiko traste faltik

ta gainera esnatu

egin nau siestatik.

 

Nun aurkitu ni baino

konpaini hobea

nahiz ta sutan jarri den

gure sektorea

ikusten nik badaukat

nire balorea

ni naizelako zure

despertadorea.

 

Zortziko txikiko ariketaren ondoren, su-etena. Emozioen olatuak behera egin zuen eta bertso egokiak entzuteko aukera izan zen arren, dizdira berezirik gabe pasa zen ariketa hau. Aipagarria Maddalen Artzallusen lana:

 

Egunkarian bada

albiste ugari

ta gezurra esaten

ari eta ari

iruzur hutsa dela

ez al da nabari

kaso asko ez egin

entzundakoari.

 

Paperean sarean

bietan eskura

ta ez ditut hartzen nik

benetan gustura

kritikatu behar da

hartutako hura

mundu honek gezurra

merezi al du ba.

 

Kontatzen digutena

egia ote da

horixe da lehen esan

dizudan berbera

nik ez ditut sinisten

kontuak atera

zuzendariei egin

zaiezu galdera.

 

 

Finalerdietako lehenengo itzulian bertsolariek egin beharreko lanak final laurdenetako berberak dira, aldaketa bat salbu: 10eko txikiko ariketaren ordez 6ko motzeko ariketa egin behar dute oraingoan. Aitor Sarriegi eta Aimar Karrikak egindako bertsoaldia aukeratu dugu: 75 urteko lagunak, elkarrekin beti oporretan joan direnak. Oraingoan Aitorrek esan dio Aimarri bera ez dela joango. Aimar Karrika hasita, hona bertsoaldia:

 

Berdina gendun koadrila

ta pasata urte mila

biak batera pasa ditugu

txoko eder pila

txapel horren borobila

eta eskutan makila

lagun maitea hil aurretikan

ote zaude hila?

 

Nahiz ta ez nuen esango

aurkitzen naiz oso ondo

ta egia da lagun hoberik

bat ez da egongo

hara hona zenbat txango

ikusi hemen ta hango

baina andre bat ezagutu det

ta ez naiz joango.

 

Ze albistea la ospera

andrea duzu gainera

postizak izan arren hortz hoiek

hitzetik hortzera

goazen Karibe aldera

Kuba aldera hobe ba

neri berdin zait joan gaitezke

hiruak batera.

 

Gauza diozun gisara

egiteko aukera laga

bi lagun onak izan daitezke

baina hiru traba

ta ematen dit ikara

zu joateak bertara

ezagutu ere ez dezu egingo

neregatik bada.

 

Bizi guzia obretan

ez zaude modu pobretan

baina nerekin ez zaite jarri

era gogorretan

ez zu tematu horretan

zaude nerekin zorretan

bestela nokin egingo dut nik

bronka oporretan?

 

Bronkarako nahiak bero

ikusten dizkizut gero

nahikoa ez al dugu egiten

hemen egunero?

Nahiz eta zuk ez espero

laguna honetan bego

ta egon lasai bidaliko det

postalen bat edo.

 

Eta amaitzeko, kartzelako ariketa. Erraza da esaten ikusi eta gero, baina saioa nola zihoan ikusita eta oholtza gainean zeuden bertsolariak nortzuk ziren jakinda zer edo zer berezia entzutea espero zela esango nuke. “Dena ondo zihoan argia piztu den arte”. Halaxe zioen gaiak, zenbaiten ustez beste saio batzuetan jarri izan diren gaiak baina estuagoa zen Irungo kartzelako gai dagoeneko famatuak. Kronika hau idazten ari garen honetan, 24 ordu baino ez dira pasa saioa amaitu zenetik, eta ehundaka dira mugikorrean jasotako mezuak eta jendearen iruzkinak. Bertso mundua arrotz xamar zaion batek baino gehiagok ere esan digu, “hain onak izan al ziren Maialen Lujanbioren atzoko bertsoak?”, saioaren oihartzuna bertso-familiaren horma lodiaz haratago zabaldu den seinale.

 

Historiako bakarkako ariketa onenaren aurrean gaudela dioenik ere bada, nahiz eta agian ez den hainbesterako izango. Teknikoki bertso oso onak direla ez dago zalantzan jartzerik, eta gaiaren trataera, diskurtsoaren mamia, unea, giroa… guztia batuta koktel hilgarria osatu zuen Lujanbiok segundu gutxitan: Artaleku behera botatzeko adinakoa. Txalo zaparrada ikaragarria jaso zuen hernaniarrak, eta baita sekulako puntu zakukada ere, epaileen eskutik. Merezitakoak. Bertsozaleoi eragin zigun zirrara eta astindu emozionala puntutan neurtzea ezinezkoa den arren, noski.   

 

Trago bat eta beste trago bat

gure kaleetan barrena

ta piztea da alkoholak eta

sexu grinak dakarrena

zure etxera, nere etxera

betiko gauzak aurrena

zure logelan sartu gera ta

hara hemen ondorena

argia zegon itzalita ta

bertan biluztu naiz dena

ta bapatean piztu egin da

argi txiki xumeena

nere gerrira begira zaude

ez naiz uste zenuena.

 

Estali arte izan dugunak

nahiko irri, nahiko broma

ahorik aho pasa dugunak

gintonic barruko horma

bular parea zut neukan eta

zuk eman didazu forma

galtza estuak nebilzkin arren

ez takoi eta ez gona

hau ta hura naiz hartzen ari naiz

zenbait botika, hormona

gizona eta andrea nauzu

ez andrea ez gizona

nere inon ez egon nahia ote

da zure ezinegona.

 

Gizarte honen estereotipo

ta gizarte honen usteen

tranpan zu ari zera erortzen

eta hori ez dizut uzten

zuk badakizu nola zizelka

eta marraztu gaituzten

ze inporta du gaur ari banaiz

zure aurrean biluzten

eta neroni ni neu naizena

hori bakarrik gorpuzten

nere gerripe zintzilikako

desira ari da puzten

itzali zazu argia eta

utzi azalari ikusten.

 

Irungo saioan bigarren postua erdietsi zuen Aitor Sarriegik kantatu zuen Maialen Lujanbioren ostean kartzelako ariketan, eta honek ere lan gogoangarria osatu zuen, bide ezberdina aukeratuz, hori bai.

 

Denbora asko zen juergara

ni ez nintzela atera

izugarrizko gogoa

ta suertatu zait aukera

barra ertzean neska bat

bai bera ote da bera

aspaldi begia bota

nion ta noan hastera

hizketari ekin diot

ta segi dugu aurrera

bapatean bota diot

goazen amaren etxera

igo eta pasiloan

ia lapurren antzera

elkarri eskutik helduta

gelaraino heldu gera.

 

Bapatean baztertu det

planean neukan gaupasa

ta nere baitan pentsatzen

ere hasi naiz nere kasa

batzuetan ligatzea

ez da izaten erraza

eta gaurko honek dauka

oso gutxitako traza

arropak kendu ditugu

berotu zaigu arnasa

maindirepean sarturik

bizkortu dugu konpasa

pentsatzen ari nintzela

izango zela demasa

argia piztu dute ta

eten digute jolasa.

 

Ta atean noski ama

ezin zan izan bestela

ezerezean geratu

zaigu ahalegin ustela

horrelakoetan nola

sentitzen den bat txepela

nik uste nuen builaka

bertantxe hasiko zela

ta bapatean esan dit

inoiz entzun ez bezela

gaur sorpresarik ez Aitor

gauzak behar dik horrela

eta esan dit kondoiak

mesanotxean daudela

gazteak zarete eta

gozatu dezazuela.

 

Gainerako bost bertsolarien oso gainetik geratu zen puntutan Maialen Lujanbio, atzoko irabazlea: 750 puntu eskuratuta, hanka eta erdi dauka dagoeneko BEC-eko finalean. Bere atzetik sailkatu ziren Aitor Sarriegi (705 puntu), Unai Agirre (667.5 puntu), Alaia Martin (651 puntu), Maddalen Artzallus (634.5 puntu) eta Aimar Karrika (605 puntu). Datorren larunbatean Maule-Lextarren izango da hurrengo zita. Eguna iristeko irrikitan gaude dagoeneko.