Enare Muniategi
Enare Muniategi

2017-11-02

Saturnon

Saturnon –

SaturnonBi urteko gelan hasi eta zenbat aldiz galdetuko ziguten zer izan nahi dugun nagusitan. Askok astronauta, besteek medikua, supermerkatuko kutxazaina, ile-apaintzailea, irakaslea… Urteak pasa eta erantzunak aldatzen hasten dira, batzuk biologo, besteek telebistako aurkezle, futbolaria, aktorea, eta nola ez klasikoa, irakaslea. Batxilergora bidean, erantzuna zehatzagoa izan ohi da, erizaina, kazetaria, diseinatzailea, eta klasikoa, irakaslea; baina, lehen edo haur hezkuntzakoa? Nik beti erantzun izan dut berdina, bi urteko gelan hasi eta unibertsitatean matrikulatu arte, “Ni nagusitan haur hezkuntzako irakasle izango naiz”. Eta horregatik esnatzen naiz goizero goizeko zazpietan unibertsitatera joateko. Baina, galdera ondo egiten al digute? Gauza bat ogibidea da eta beste bat izan nahi duguna.

Nik argi izan dut beti irakasle izatearen kontu hori, baina gauza gehiago izateko aukera dago, ezta? Lagunen laguna, norberarentzako idazten duen idazle, gitarra jolea, txiste kontalaria, koadrilako afarietako sukaldaria, parrandazalea, edo bi tragorekin bertsolari bihurtzen dena. Hori ere ez al da izatea? Zerbait izateko, egiten dugun hori soldatapekoa izan behar al da? Aurreko batean kontu honi bueltak eman eta eman ibili nintzen, klasean adi egon behar eta burua Saturnon daukazun aldi horietako batean. Zertan egin nahi dut lan? Irakaskuntzan. Horra arte argi, baina, zer izan nahi dut? Neska jator bat, kirolaria, irakurlea, idazlea, bertsolaria?

Bertsolari izatearen kontu hori erabakitzeke dago, bertsolari izatea errimatu, neurtu eta puntuak jostea baino gehiago da. “Mmm…ez dakit” esan nion neure buruari. Eta izan nahi nuen gauzen zerrenda egiten jarraitu nuen. Bertsozalea? Bai hori bai. Eta gai jartzailea? Inoiz ez da jakiten bihar zer datorren, baina momentuz, ez dut gaiak jartzeko ardurarik hartu nahi. Ardura handiegia da neuretzako, saioa bideratu, gaiak pentsatu, hankarik ez sartu… Ez, hori momentuz ez.

Klasera bueltatu eta alboan jesarrita nuen klase-kideari kontatu nion Sartunon hartutako erabakia, bertan pentsatutakoa. Munduko pertsona arruntak ez zuen ezer ulertzen (normala), baina hau erantzun zidan: “Bertsolaria agian bai eta gai jartzailea ez?, Neska, errazagoa da gaiak irakurtzea…”

Berriro ere Saturnora bueltatu eta klase-kideak esandakoaren inguruan pentsatu eta argi ikusi nuen. Hori erantzun du, besteak beste, ez dakielako zer nolako boterea duen gai jartzaileak saio baten, saioa bideratzen duela edo ez dakielako gai jartzaile izatea ez dela bakarrik paperean dagoena irakurtzea.

Mundutar gizajoak ez daki zer izan nahi duen… Saturnora gonbidatu beharko dut.

Saturnon