Ikerkuntza plana, Mintzolaren eskutik

Ikerkuntza plana

Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza sailak Bertsolaritzaren Ikerkuntzaren Plan Estrategikoa definitu du. Plan hau da Mintzolako Bertsolaritzaren Ikertegiaren oinarria.

Plan estrategiko hori garatzeko orduan, kultura mailako herri-eragile baten izaerari lotuago dagoen Ikerketa-Ekintza Parte-Hartzailearen (IEPH) metodologia erabiltzea aukeratu zuten bi helburu betetzeko asmoz: batetik, bertsolaritzan ikertu beharreko edukien eta lehentasunen definizioan zilegitasun gehiago lortzeko; eta bestetik, bertsolaritzari buruzko hausnarketara pertsona gehiagorengana hurbilarazteko.

Prozesuari buruz:

  • Euskal Herriko Unibertsitateko parte hartzeari buruzko aditu baten aholkularitza izan du: Zesar Martinez.
  • 2011 urtean hasi eta 2013an bukatu zen.
  • Euskal Herri osoan zehar zabaldu da: Herrialde guztietako Bertsozale Elkarteak eta bertsozaleak hartu dute parte.
  • 135 parte hartzaileekin egindako 23 tailer-bilkura egin dira.
  • 13 ikerlari elkarrizketatu eta jasotako edukiei buruzko iritzia eskatu zaie.
  • Edukiak Euskal Herri eta Herrialde mailako 17 langile eta 10 borondatezko taldekidek landu dituzte.  

Edukiari buruz:

  • 5 Lurraldeetako sintesietan: 130 ekarpen jaso dira.
  • Euskal Herri mailako sintesian: 73 proposamenetan laburtu dira.
  • 47 ikerketa proposamen, 10 ataletan banatuta.
  • 26 egitasmo-proposamen, bertsozale elkarteko 3 sailetan banatuta (sustapena, transmisioa eta ikerkuntza).
  • Proposamen bakoitzari egindako oharrez gain, beste 76 ohar jaso dira, atal bakoitzari dagozkionak eta orokorrak.
  • Lehentasunezko 11 ikerketa-proposamen zehaztu dira.

Prozesu parte hartzaile honen bidez batetik, 2013-2017 bitartean lehenetsitako eta garrantzitsutzat jotako ikerketez gain, beste hainbat ikerketa eta egitasmo egiteko proposamen-katalogoa osatu da.

Bertsozaleek lehenetsitako ikergaien ikerketa eragingo du Mintzolak, bere kabuz edo ikerkuntza-erakunde ezberdinen azpiegitura eta baliabideen bidez. Hauek dira Euskal Herri osoko eta orotariko bertsozaleek lehenetsitako ikergaiak:

Bertsozaletasuna – Gizartea:

1 – Bertsozaletzeko arrazoiak eta mekanismoak ikertu. Adin desberdinetan eta tokian tokiko ezaugarri soziolinguistikoak kontutan hartuz [A1]

2 – Historian zehar izan diren bertsolaritza geroratzeko estrategien ikerketa [A2 eta J5]

Saioen antolaketa – Sustapen estrategiak:

3 – Tokian tokiko plazen bilakaeraren eta ezaugarrien azterketa, diakronian zein sinkronian [B1]

Txapelketak:

4 – Bertsolari txapelketaren (EHko eta herrialdeetakoak) eta haren orotariko ondorioen azterketa egin [D1]

5 – Lehiakortasun apaleko txapelketa ereduak aztertu eta haien orotariko ondorioen azterketa egin [D2]

6 – Lehiakortasun apaleko eta ohiko txapelketa ereduen arteko erkaketa [D2]

Transmisioa:

7 – Herrialdeko Bertsozale Elkartearen eskutik hezkuntza arautuan, bertso eskoletan eta jarduera osagarrietan egiten den lanaren, metodologien eta emaitzen azterketa [F1]

8 – Bertsolaritzaren transmisio modu guztien azterketa: transmisio formala (hezkuntza arautua), ez formala (bertso-eskolak) eta informala (aisialdia) [F2]

9 – Bertsolaritzaren transmisioak hezkuntzaren zein gizartearen esparru ezberdinetan egin dezakeen onura eta ekarpena aztertu [F3]

Bertso-eskolak. Sarea eta harremanak:

10 – (Herrialdeko) Bertsozale Elkartearen eta bertso eskolen arteko harremanen azterketa [G3]

Bertsozale Elkartearen funtzionamendua:

11 – Bertsozale Elkarteko (Euskal Herria eta herrialdeak) funtzionamenduaren eta finantziazio bideen diagnosia egin. [J5 eta J6]

 

Horretaz gain, egutegian ondo gorde beharreko eguna da azaroaren 10a. Egun horretan bertsolaritza hizpide duten 4 doktorego-tesi ezagutu ahalko ditugu. Egileak: Ainhoa Aizpurua, Eñaut Agirre, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. Aldez aurretik, zorionak lauroi egindako lan eta ekarpenarengatik. 

Ikerkuntza plana
Ikerkuntza plana