Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

2018-10-17

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen –

Estitxu Eizagirrek Argia aldizkarian.


Hitzaldi berezia eskaini genuen urriaren 10ean Zizurkilen, udalak antolatuta: bailarako bi bertsolari handiren bi alaba hartu genituen ardatz, eta bi emakume haiei esker gaur arte iritsi zaizkigun bertso (batzuk oso) ezagun eta (denak) ederrak entzun ahal izan genituen, Unai Mendizabal eta Oihana Iguaranek kantatuta eta Tomax Lizardik gitarraz lagunduta.

Ahalik lasterren jarriko dugu bideoa hemen bertan.

 

Aleak hautatu eta gordetzea: kultur lan funtsezkoa emakumeen esku

Emakumeek kulturan lan oso funtsezko hau ere egin izan dute: etorkizunerako haziak hautatzea. Etxeko uztatik, bertako ondasunetik, aleak hautatzea eta etorkizunerako gordetzea, berriz ereiteko. Hazien hautaketa horrek etxean belaunaldiz belaunaldi metatzen den kultura gordetzen dute: dugun horretatik zeri ematen diogu balioa? Nola gorde, nola zabaldu? Hitzaldira bertaratutako entzuleek oparitxo batekin egin zuten topo aulkian: babarrun eta arto aleak biltzen zituen kartoizko kaxatxo bat, kanpoaldean emakume bertsolari baten bertsoa idatzita zuena (emanaldian entzungo genuen bertsoetako bat zen).

1896an Arrasateko Euskal Jaietan: Joxe Zapirain, Pello Errota eta Pedro Mari Otaño. Pello Errotaren alaba zen Mikaela Elizegi, Pedro Mari Otañoren lehengusua zen Adriana Otaño.

 

Bailarako bi bertsolari familietako bi emakume dira artikulu honetako protagonista: Mikaela Elizegi, “Pello Errotaren alaba” gisa ezaguna dena, eta Adriana Otaño, Plazida Otaño bertsolariaren ahizpa txikiena, Jose Bernardo bertsolariaren alaba, Pedro Mari Otaño bertsolariaren lehengusua. Eta hara nola datozen pare-parean bi emakume hauek bertso haziak hautatzeko eta gordetzeko langintzarekin. Horrela du idatzita Pedro Mari Otaño eta bere ingurua liburuan Antonio Zavalak (13. orrian): “Adriana,  Jose  Bernardoren alaba. Ura bezin iturri oparorik ez nuala arkituko. Ala, bi edo iru bider bisitatu nuan. Izketaldi aietatik atera nuana liburu ontan arkituko du irakurleak. Bide-gurutze batean arkitu nintzan, ordea, une artantxe. Adriana onek larogei ta bi urte zituan. Pello Errotaren alaba Mikelak, berriz, larogei ta amairu. Noren oroipenak biltzen asiko nintzan? Zalantza ortan denborarik galdu gabe, zaarrenarengana jo nuan. Orrela osatu zan Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburua. Beste aldera artu izan bagendu, Jose Bernardo Otañoren bizitza bere alabak kontatua liburua izango genduan. Bitartean, ordea, Adrianari mundu ontatik joan bearra iritxi zitzaion. Mikelak, berriz, beste sei urteko bizitza izan zuan”.

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Adriana Otaño Odriozola

1880an jaio zen Zizurkilen, Errekalde baserrian. Aita Jose Bernardo Otaño bertsolaria zuen eta ama Klara Inazia Odriozola Urbiztondo, Beizamakoa. Bederatzi anai-arrebetatik zazpigarrena zen, Plazida zuen ahizpa zaharrena. Adriana, Inazio Bengoetxea Martiarenarekin ezkondu zen eta Adunako Belen etxean bizi izan ziren.

Teodoro Mujikak honela kontatu zion Antonio Zavalari: “Egun batez, hauxe galdetu nion:

– Adriana, zure aitak bai al zuen ohiturarik etxean edo familian bertsotan aritzeko?

– Bai, mutil, bai. Gehienean bere semeren bat edo alabaren bat izaten zian lagun egiteko, eta bakarrik ere kantatzen zian harek, etxean edo familian. Ura hartarakoxea huan, eta hari etzitxion hori kentzerik”.

Beraz, etxean bertsotan egiten zuten garai hartan, ez tabernan bakarrik. Eta etxean gizonak eta emakumeak aritzen ziren bertsotan. Adriana Otaño eta Mikaela Elizegiri esker dakizkigu beren familiako gizon bertsolari handien bertsorik intimoenak, bizitzako gorabeherei lotuen dauden bertsoak. Adibidez, Adrianari esker iritsi dira gaur arte Pedro Mari Otañok eta bere osaba Jose Bernardok (Adrianaren aitak) elkarri kantatutako bertso epiko hauek:

Pedro Mari ohearen bila

Adriana Otañok horrela kontatua du Otaño eta bere ingurua liburuan: “Pedro Mari Otaño Amerikatik etorri zan. Donostiko Lasarterekin zan. Bere lagun bat zuan hori, oso gizon balientea. Atea piska bat iriki zutela uste det, eta Pedro Marik kantatu zuan:

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Nere osaba, ez baldin badu

eginkizun aundin bat hor,

gizon bat dago berorren galdez,

ate ondoraño betor.

Bedorrek ondo dakiena da

agintzen dana dala zor

bera jaio zan ohiarcn bila

iloba oraintxen dator.

 

Ni aditzen nengoan. Eta gure aitak [Jose Bernardo Otañok] honela erantzun zion ate barrendik:

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Nere illoba, esaten dizut

ongi etorri zerala,

jaiotako ohia jantziko dizut

gusto haundiz berihala,

arropa zuri ederrenakin,

parpallak darizkiola,

sinistamena eman deizudan

bihotzez nahi dizudala.

 

Besterik ez dakit kantatu zuten. Orduan ateak iriki ta barrena sartu ziran Donostiko Lasarte haundi hori eta Pedro Mari. Ama sukaldean eta ni sukaldera joan nintzan korrika, berari esatera:

 

-Ama, ama, bertsotan ari dira! Eta amak esan zidan:

– Bai, bai. Ixo, ixo. Egin dezatela.

 

Bitartean kantatuko zuten gehiago. Baina ez nituan aditu. Hala beharko zuan. Ni neska koskorra orduan”. Adrianak bederatzi edo hamar bat urte izango zituen orduan. Baina bazuen bere ingurukoen bertso aleak hautatu eta gogoan hartzerakoan, kantatuak izan ziren bezala hartzeko nahi hori. Izan ere, Adrianak honelatsu esan zion Antonio Zavalari 1960 urte inguruan: “Lehengoan hemen kantatzen ari ziren bertso horiek, eta esan nuen: ‘Ez da hori horrela’. Nik han aditu nituan”.

 

Otañotarren gutunak

Otañotarren bertso jarriak ere famatuak dira, Zizurkildik Argentinara eta Argentinatik Zizurkila, bertsotan bidaltzen baizizkioten sarri elkarri eskutitzak. Pedro Marik bere osaba Jose Bernardori egin ziona, Aita Zavalaren hitzetan: “Ziur asko, bertsotan euskeraz iñoiz idatzi dan eskutitzik bikaiñena eta famatuena”. Amabigarren bertsoan esaten denez, arrebak eskatu zion Pedro Mariri bertsoak jartzeko, osaba Jose Bernardok bialdu zizkionei erantzuteko. Zorionez, osaba Jose Bernardok bialdu zituen horietatik, bertso bat osorik eta beste baten bukaera ezagutzen ditugu, beraren alaba Adriana zanak emanda:

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Sasoi onenak aldegin zigun,

ez gaude lehengo tamainak;

eta lehen ere, egia esan,

ez ginan oso bikainak;

memoritikan notizi txarra,

trabak daduzka mingainak,

dijuazenak baino hobeak

esperatze’itut ordainak.

 

Eta bestearen bukaera:

ia etortzen ote zeraten

nere anaia ta biok.

 

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Mikaela Elizegi Bengoetxea. Iturria: “Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua” liburua.

 

Mikaela Elizegi Bengoetxea

1869an jaio zen, aita Pello Errota bertsolaria zuen eta ama Joakina Antonia Bengoetxea Zizurkilgo Galardi baserrikoa.

Berari esker idatzi zuen Antonio Zavalak Pello Errotaren historia. Honela kontatzen du “Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua” liburuaren sarreran: “Pello Errotaren seme-alabaetatik bat bakarra bizi da, Mikela, 94 urterekin. Jaun-goikoari eskerrak, urteak ez diote batere burua illundu, ezta ere mingaña lotu. Makiña bat arratsalde goxo pasa izan degu bera kontari ta ni entzule. Ta obe bearrez, bereala asi nintzan magnetofon bat eramaten. Arrezkero, arek jasotzen zuan gure berriketa guzia”.

Mikaela Elizegik errotaritza ikasi zuen, aitaren ofizio bera zuen. Eta bera ere bertsolaria zen, aita bezala.

Pasarte honek lotzen ditu aita-alabaren arteko bi hariak, errotariena eta bertsolariena. Mikaela Elizegiren hitzak dira, Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburuan:

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Asteasuko Goiko Errota, bertan jaio ziren Pello Errota eta Mikaela Elizegi ere bai.

 

“Errotarien bizitza zer izango da ba? Ekartzen zuten gari ta arto-lakakin bizi bear gu danok. Famelia aundia giñan da, orain aña pantasi gabe azi ginian, bai! Gure aita gizajoak etzion bere buruari asko barkatu. Al zuan modu guzietara sayatu bearra izan zuan, gu danontzako lortuko bazuan. Orregatik, bertsotara joanda dirua ekartzen zuanean, pozak gu danak. Orain urte asko ez dala, San Pedro bigarren batean, Uztapide gure etxean, Astiasun, bazkaltzen izan genduan. Ta bazkalondoan bertsoa bota zidan, “amona, zer moduzko biziya” galdetuaz, ta nik olaxe erantzun nion:

 

Pobriak jayo eta

pobriak biziyak,

inork eztit ukatzen,

eman nai guziyak,

nunbait izango ditut

danak mereziyak,

zor artzekotan kito,

Jaunari graziyak”.

 

Uztapideri bertsoa botatzeko bertsolaria behar zuen. Etxean egiten zuten bertsotan, lehen esan dugun moduan. Mikaelaren beste bi bertso ere iritsi dira gaur arte, 80 urterekin, famili ospakizun batean kantatutakoak.

 

Joxepa Inaxi Elizegi Bengoetxea

Mikaela Elizegiri esker dakigu, baita ere, bere ahizpa Joxepa Inaxi bertsolaria zela. Merezi du Joxepa Inaxi Elizegi bertsolaria ezagutzea. Baliteke bera izatea (XIX. mendean) sagardotegian kantatu zuela ezaguna zaigun lehen emakume bertsolaria. Artikulu honetan duzu, Zizurkilgo hitzaldian emandako azalpenak idatzita.

 

Pello Errotaren bertso ezagunenak

Mikaela Elizegi bertsolaria beraz, Uztapideri kantatutakoa, bere ahizpa Iñaxirekin kartaz bertsoak idatzitakoak elkarri, eta Mikaelari esker dakizkigu, baita ere, Pello Errotaren bertso asko. Batzuk oso ezagunak, besteak oso intimoak, etxekoak. Hemendik aurrera entzungo ditugun bertsoak Pello Errotarenak dira, denak Mikaelari esker dakizkigunak.

 

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Karidadeko Benta, auzolanean egin zelako hala deitua. Pedro Mari Otañoren gurasoena zen, eta bertan biltzen ziren bertsotan egiteko bailarako bertsolariak, tartean Pello Errota.

 

Bertso famatuenetako bat hauxe, Karidadeko bentan kantatu zuena, eta Mikaelari esker iritsi zaiguna:

 

Karidadeko bentan

gu sei bertsolari,

Errekalde zaharra ta

Juan Jose Udarregi,

Bernardo Zizurkilko

Gazteluko Gorri,

Errenterikua da

Xenpelar jaun hori,

ni Astiasukua,

Pello Errotari.

 

Donostiako Teatroan

Mikaelak horrela kontatu zion Antonio Zavalari: “Hurrengo bertso hauek Donostiko Teatruan nik neronek adituak dira. Hamasei bat urte izango nuan nik ordun. Inaxi ahizpa ta biok [Joxepa Inaxi Elizegi, bertsolaria, gorago aipatu duguna], aitak pagatu gabe sartu giñun, eta goi-goyen egon giñan bertsoak aditzen. Aurretik esan ziotena, ‘Zer moduz bizi zera’ edo holako zerbait zan. Ta gure aitak bi bertso auekin erantzun zion”:

 

Larru gorrian jayo nintzan da

ez det aberastasunik,

nigatik eztu iñork esango

kaballerua naizenik,

gure Jainkuak gau eta egun

ez dit palta osasunik,

tamaña honetan naizen artian

ez daukat estuasunik.

 

Lehenago esan det jayo nitzala

ni ere larru gorriyan,

mundu onetan ez naiz bakarrik

beste askoren neurriyan,

ziudade ez da haundia agertzen

Astiasuko herriyan,

bolara hontan bizitutzen naiz

oso kontentu haundiyan.

 

Anaiaren soldaduska

Mikaela mintzo da berriz Auspoako liburuan: “Besteak ordurako hillak ziran ta Migel Anton genduan ordun anaya bakarra. Ta kinto-eguna etorri zitzayon. Jai-goiza zan ta Donostin tiratzen zituen suerteak. Ama etzan gauza elizara ere joateko, ta bildurrez ta kezketan zegoan.

-Hau lana! Seme bakarra etxean, da orain zer ikusi bear degu? -esaten zuan.

Aita berriz, bezperan nonbait ere kanpoan izana zana badakit, ta artean gaita xamarrean zegoan. Ta jeiki baino lehen, ohearen eskinan jarri ta bertso hau kantatu zuan:

 

Nere etzan-lekua

izango da ohia,

hemendik egin behar

lehenbizi pregoia:

eztakit dedan poza

edo dan jipoia,

libre ateratzen bazat

hilko det kapoia.

 

Mikaelaren ezkontzaz

Antton Kortajarenarekin ezkondu zen Mikaela. Baina nobio garaian nahiko hizketa-gai eman zuten inguruan. Entzun nola kontatu zion Antonio Zavalari: “Nere nobioa etxe oneko mutil eder-galanta zan, kontrariyorik gabe zegoan pulsolaria. Horregatik, alkarrekin tratatzen hasi giñañean, hala esaten zioten gure aitari:

-Hire alaba ez dek hara sartuko, ez.

Eztayetan, berriz, hala esan zioten:

-Orain kontentu egongo haiz, alaba hemen sartuta.

Ni josten ondo ikasia nintzan, bañan baserriko lanetan gutxi nekian. Aitak eta amak kalera ezkontzea nahi zuten, da hasieran etziran guztiz konforme ni Ondartzara ezkontzeaz. Horregatik gure aitak, hola tentatu zutenean, bi bertso auek kantatu zituan:

 

Amari esan zion

ezkontza hau lehenengo,

baserrira joatia

ez zeritzan ondo:

“Arriua besterik

ez dinat emango,

nahio nuke, alaba,

ez bazina juango”

 

Aditu zuanian

aman albistia,

alaba hau gelditu zan

entero tristia:

“Ama, ez da posible

nik hori uztia,

guztiak kalietan

bizitzen eztia”.

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Mikaela Elizegiren eta Antton Kortajarenaren semea izan zen Bautista Kortajarena Elizegi, “Bautista Ondartza” bertsolari ezaguna. 1903an jaio zen. Aitona Pello Errotarekin ere harreman handia izan zuen eta herriz herri aritu zen bertsotan, Uztapiderekin-eta. [Hitzaldian, bat-batean arituta, oso gaizki eman nuen datu hau: Uztapide Mikaela Elizegirekin eta bere seme Bautistarekin aritutakoa zen bertsotan, ez Pello Errotarekin].

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Amaren heriotza

Mikaela Elizegik kontatuta dakigu beste bertso hau ere. Mikaelari-eta ama hil zitzaienean, Pello Errotak bertso hau bota omen zuen plazan, Txirrita edo beste bi bertsolariren aurrean:

 

Gazterik egin gendun

alkarrekin junta,

hogei urte baino lehen

ginan ezkonduta;

orain bakarrik nago

Jainkuak kenduta,

ai, zeruan balego

emazte difunta!

 

Pello Errotaren jendaurreko azken bertsoa

Astiasuko eliza berritu zuten, eta hura berriz ireki zutenean festa handia egin zuten. Mikaelak horrela kontatu zuen: “Gure aita, ordurako xar-xarra zegoan. Bertsotan asko aritu zan arratsaldean, elizaren kontu guziak kantatu zituan; txalo pranko ere jo zioten. Bainan gero, eliz-atarian, gazteek atzeneko bertso bat botatzeko eskatu zioten. Ta gure aitak bertso hau kantatu zien:

 

Hau esango dizuet

azken-azkenian,

zer egin behar dezuen

hiltzen naizenian:

errosayo bat esan

nere izenian,

zerura joan dedin

Pello zuzenian.

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Argazki honetan bezala, etxeko atarian zegoela, kantatu zuen Pello Errotak azken bertsoa. Mikaela Elizegiri esker dakigu. 1915ekoa da argazkia, 1919an hil zen.

 

Azken bertsoa, Erniora zioazenei

Pello Errotak plazan kantatutako azkeneko bertsoa horixe izan zen, baina Mikaelaren hitzetan: “geroztik ere bota zuan beste bertso bat gure etxeko atarian. Erniyoko erromeria zan, da jendea bidea betean zijoan. Usurbiltik eta, Oyartzundik eta, oso urrutitik etortzen zan garai artan jendea, San Juan Txiki bezpera gaba oinez bidean pasata. Gure aita mandioko atearen kontra zutik zegoan jendeari begira. Ta jendea, erromerira bezela, soinu-joz eta deadarka, bulla ederrarekin zijoan. Bainan batzuek ola esan zioten:

-Urrutikoak bagoaz gurutzera, ta bertakoak ez? Emengo jendeak federik ba al du?

Ta bertsoa bota zien [hasiera ez zuen gogoan]:

 

———————-

——————

nere esplikaziyua

dizutet emango,

beti izan izandu naiz

fediaren bando,

Pello Errota Erniyora

gehio ez da juango.

 

[Mikaelak jarraitzen du hizketan] Nik hori aditu, alegia gure aita Erniyora etzala geyago joango, ta a zer negarrak egin nituan! Ta aitak, neri begira jarri ta ala esan zidan:

-Zeri negar egiten dion?

-Berori Erniyora geyo juango ez dalako.

-Hi ere geldituko aiz joan ezinik, bai.

Ez nintzan ordea bereala gelditu! Larogei ta bi urterekin igo nintzan ni Erniyora”.

 

Pello Errotaren heriotza

Mikaelak horrela kontatu zuen Pello Errotaren bizitza… liburuan: “Beti Ama Birjinari eskatzen ta, atzeneko, Ama Birjina Kandelariokoak eraman zuan. Goiz aldera joan nintzayon, ta hala galdetu nion:

-Zer moduz dago, aita?

-Hitza moteltzen ari zait eta burua ere lotzen.

-Bai, mingaina ta burua gehiena nekatuak dauzka berorrek bere denboran, eta haiek aurrena ahulduko zaizka.

-Bai, halaxen den, bai.

Ta gabean goiz aldera hil zan”.

 

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

Mikaelaren bertsoak bere aitaz

Pello Errotari omenaldia egin zioten Asteasun 1965 urtean. Mikaelak 96 urte zituen, eta omenaldi hura zela eta, bertso hauek jarri zituen biharamunean-edo. 1995ean Antonio Zavalak eta Bernardo Atxagak hitzaldia eman zuten Mikaela Elizegiri buruz (Bertsolarialdizkariaren 17. zenbakian idatzi zuen kronika Laxaro Azkunek), eta hitzaldi horretan kontatu zuen Zavalak, nola bizi izan zuen omenaldi eguna Mikaelak: “aitari debozio handia” omen zion eta desiatzen omen zegoen eguna iristeko, eta beldur ere bazela ez zela iritsiko bizirik. Eta ordurako Mikaela Donostian bizi omen zen, eta Asteasura etorritakoan batek kaso eta besteak kaso, eta batek galdetu eta besteak kontuak esan, hainbeste nekatuta, nahi baino lehenago erretiratu behar izan zuela etxera. Bertsotan sumatzen da eguna ez zuela nahi adina gozatu.

Bertso hauetan detaile gisa, ikus dezakegu nola Pello Errotak jendaurrean kantatu zuen azken bertsoan bukatu zuen esanaz errosario bat kantatzeko zeruan sartu zedin, eta Mikaelak berdin eginaz bukatu zuen bertso sorta hau:

 

Adoratu dezagun

gure aita zana,

gizon txiki pobre bat

munduan izana;

sekulan etzan aitu

aren almazena,

relijiosua ta

hizketan zuzena.

 

Meza nausia Asteasun

ikusi etzana:

hiru seme aldarian

herrikoak danak;

gero predikatutzen

Lekuona jauna,

nere aitaren bizitza

esplikatu dana.

 

Erregali eder bat

uste gaberikan,

oso gelditu nintzan

aturditurikan;

grazirik eman gabe

aldegin handikan,

triste etorri nintzan

Asteasutikan.

 

Laroi ta amasei urte

kunplituta bela,

pentsatzen det birian

hasia nagoala;

aditzen badezute

ni hila naizela,

errezo txiki bana

esan dezatela,

zeruan sartu dedin

lehenbailehen Mikela.

 

Omenik onena, langintzari jarraitzea

Emanaldi hau ez dadila hemen bukatu, jarraipena eman diezaiola bakoitzak bere etxean eta bere inguruan, hemen entzun dituenak gogoan hartuz eta ingurukoei zabalduz. Hainbeste emakumek, eta entzun dugun bezala Adriana Otañok eta Mikaela Elizegik horrela egin zutelako dakizkigu egun euskal kulturako ale eder horiek. Eta emakume hauek egin zuten lanaren omenaldirik onena, geronek langintza horri jarraitzea da. Kasu honetan, emakumeek egindako bertso bana eramango dugu etxera idatziz, horien bertsoak baitira gutxien iritsi zaizkigunak.