Kapeladun koplak

2019-01-31

Kapeladun koplak –

Dabi Piedrak Argia aldizkarian.


VI. NAZIOARTEKO INPROBISATZAILEEN TOPAKETAren kronika. Azaroaren 30ean,  Bilboko Hika Ateneoan.

Kapeladun koplak

Modan dago atzerriko inprobisatzaileak eta euskal bertsolariak elkarrekin oholtzan kantuan jartzea, azkenaldian arrakastaz antolatutako zenbait topaketa lekuko. Bere txikian, Bilboko Hika Ateneoak badaramatza urte batzuk kultur trukeak egiten. Azaroaren 30ean, VI. Munduko Inprobisatzaileen Topaketa egin zuten. Kolonbiako inprobisatzaileen berri gutxi izan dugu Euskal Herrian, eta, hortaz, ikusminez hurreratu ginen Atxuriko lokalera.

Oholtzan, Edwin Jairo Giraldo, ezizenez Radioloco, Kolonbiako paisa kulturaren ondarearen zaindari, Antioquía eskualdeko semea, Medellín hirikoa. Han ere inprobisatzaileak ez dira falta jai eta ospakizunetan, nonbait. Kapela buruan eta musika lagun, erritmo biziko erakustaldia egin zigun Radiolocok: Cuarteta delakoa da oinarria, hemengo koplaren parekoa, baina ia arnasarik hartu gabe kateatu zituen mordo bat, seguidilla balitz legez.

Gero, beste neurri batzuk erakutsi zizkion aho zabalik entzuten ari zen publikoari. Zortzikoaren pareko trova dobleteada eta hamaika oineko trova cinco y seis delakoa. Errima artean, Sabino Arana, Pío Baroja eta abar aipatu zituen Radiolocok, jendearekin berehala konektatu zuen. Dantzan ere atrebitu ziren entzule batzuk.

Kapeladun koplakEuskal-kolonbiar trukea gauzatzeko, Oihana Bartra igo zen agertokira. Bertsolariaren gaitasunarekin harrituta, a capella abestera ausartu zen Radioloco; Bartrak, aldiz, gaztelaniaz bota zituen kopla batzuk. Hika Ateneoko giro hurbilak hauspotu zituen biak, baina nor bere ohiko estiloan aritu zenean bertso askoz hobeak entzun genituela ezin da ukatu. Oihana Pascual aurkezle eta interpretearen eskutik euskaratik gaztelaniarako zubia baliatu zuten.

Radioloco eta Bartra, biak dira txikiak garaieran. “Frasko txikietan datoz, beti perfume onenak” bota zuen Bartrak hasteko. Radiolocoren kapelak ere eman zuen zeresana. Bilbon jarri dituzten bizikleta elektriko berrien kontura, publikoak gogoz txalotu zuen bertsolari bilbotarraren ateraldi hau: “Ta kapela horrekin, ai Erwin maitea/ ez al dugu hobeto, zaldian joatea?”. Kultura txikien balioa aldarrikatu zuenean, Radiolocok ere txalo zaparrada galanta irabazi zuen.

Kalitateari dagokionez, ariketarik onena ia amaieran heldu zen. Radioloco Erdialdeko Amerikako migrante baten azalean jarri zuen gai-jartzaileak, Oihana Trump-en aurrean. Umorea eta seriotasuna uztartuta, inprobisatzaileen arteko truke polita izan zen. Saioaren amaieran, noski, Radiolocok kapela opari eman zion Bartrari.

Kapeladun koplak