Harkaitz Zubiri: Hirugarren industria iraultzako bertsolaritza

Harkaitz Zubiri –

Harkaitz ZubiriJoan zen mundu hura. Etorri zen beste bat, eta azken hau ere badoa pixkanaka, eta ez dakigu zer datorren. Bertsolariak inoiz ez dira berriro izango herri bateko kultur erreferente nagusia, garai bateko zenbait bertsolari izan ziren bezala. Hori badakigu. Gaur egun, espazio hori beste sortzaile batzuekin partekatu behar dute, Lady Gaga eta Meryl Streep-ekin, Ander Lipus eta Fermin Muguruzarekin, Judith Butler eta Jürgen Habermas-ekin, Ruper Ordorika, Anari eta Ken Zazpirekin, Leonardo di Caprio eta Steven Spielberg-ekin, Netflix, Youtoube, Spotify eta HBOrekin, Ximun eta Manex Fuchsekin, Eider Rodriguez eta Harkaitz Canorekin, Harry Potter eta J.D. Salinger-ekin, Quentin Tarantino eta Beck-ekin, Bernardo Atxaga eta Ramon Saizarbitoriarekin, Taylor Swift, Ariana Grande eta Beyonce-rekin, Bruno Mars, Brad Pitt eta Justin Bieber-ekin, etc.

Ez gara ari balu, balego eta balitz. Gertatzen ari da. Kultur sorkuntza uholde bat da, eta bertsolaritza ko-erreferentziala bihurtu da gutxiengo zabal batentzat. Euskaldunen artean, noski. Ez da meritu makala.

Hedoi Etxartek aldizkari honetan idatzi zuen ez zuela ulertzen nola pasa zen bertsolaritza puruz eta zigarroz apaindutako sepia koloreko argazki bat izatetik BECeko bertsolaritza izatera, gaztetxeetakora, ekitaldi masiboetakora, abangoardiakora. Hainbat urtez ikerketan aritu gara galdera horri erantzun nahian, eta zenbait azalpen aurkitu ditugula uste dugu. Inertziak apaingarri folkloriko izatera zeraman bertsolaritza, era berean inertziak gaur egungo euskal literatura genero epistolar bihurtzera daraman bezala. Baina endekatzea gero eta gordinagoa zenean, bertsolaritzak bide arraro bat topatu zuen, kulturgintzan bogan ez dagoen xenda bat, eta ondo funtzionatu dio. Katuek zazpi badauzkate, bertsolaritzak gutxienez bi bizitza badauzkala erakutsi du.

Baina galdera berriak ere baditugu, eta uste dugu bertsolaritzak oraindik ez diela erantzun. Katuek zazpi badauzkate, ez dakigu bertsolaritzak hiru badauzkan.

Seigarren desagertze handia

Duela 444 milioi urte gertatu zen lehenengoa, Ordoviciarra. Duela 66 milioi urte, azkena, Kretazeokoa. Edo, agian, azkenaurrena esan beharko genuke, zeren zientzialariek uste baitute berriro gertatzen ari dela. Seigarren desagertze handia hasi da. Hurrengo zazpi hamarkadetan, gutxienez espezieen erdiak desager daitezke. Ez animaliak bakarrik, gainera. Extinction. Extinción. Estinzione. Aussterben. Hizkuntza horiek ez dira desagertuko, baina litekeena da munduan diren 6.000 hizkuntzetatik %50-%90 artean desagertzea 2100. urterako. Ez da hondamendi naturala, jakina. Guk, gizakiok, eragindakoa da. Eta animaliak eta hizkuntzak bezala, kultura fenomenoak desager daitezke, nola ez.

Ez gaitezen apokaliptiko jarri, ordea. Erakutsi dugu trebeak garela suntsipen masiboan, baina bistan da, baita ere, gizakia bezalako animaliarik ez dagoela arazo potoloei aurre egiteko. Potentzialki behintzat.

2008ko uztailean Brent upela 147 dolarrera iritsi zen. Bigarren industria iraultzak goia jo zuen. Eta, segidan, krisia lehertu zen, aspaldiko lurrikara ekonomiko handiena. Erregai fosilen gizartea gainbehera zetorren. Krisi soziala ere areagotu zen. Zer ote zeukan buruan Nicolas Sarkozyk kapitalismoa berrasmatu behar zela aldarrikatu zuenean? Etorkizuna ez dago inoiz determinatuta, baina badakigu hirugarren industria iraultza martxan dela, eta horrek dena aldatzen duela. Komunikazio teknologia berriak, energia berriak, garraio eredu berriak. Denbora eta espazioa ulertzeko moduak aldatu egin dira. Hurbiltasunerako aukerak handitu egin dira nabarmen, urruntzeko aukerak bezainbeste, gutxienez. Badakigu arazo zahar eta berriei irtenbide berriak eman beharko dizkiegula. Seigarren desagertze handia bestela. Badakigu gure ahaleginei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatu beharko garela. Gureak egin du bestela. Badakigu lankidetza izango dela gakoetako bat, baita inoiz lankidetzan aritu ez direnen artean ere. Bestela…

Kultur sorkuntzaren espazioa ere guztiz aldatu da. Gero eta globalagoa da. Egia da bertsolaritzak maiz etxean jokatzen duela, adibidez Altzon jokatzen duenean. Halaber, egia da maiz Justin Bieber-ek etxean jokatzen duela, adibidez Altzon jokatzen duenean, edozein nerabek Youtube aplikazioan ikusten duenean. Handia da kultur uholdearen indarra. Hortaz, nola molda daiteke kultur sorkuntza gutxiagotu bat testuinguru honetan irauteko, eragiteko eta ondo pasatzeko? Bertsolaritzak badauzka pista batzuk.

Proiektu soziokulturala

Iratxe Retolazak Hik Hasi aldizkariari eskaini zion elkarrizketan gordin nabarmendu zuen euskal kulturan eten handiak gertatu direla, transmisioa eragozten dutela, kasu askotan ezinezko bihurtzera arte, eta, oro har, ez dela pentsatu nola egin aurre eten horiei. Halaber, bertso eskolen eredua erabilgarria dela esaten du, eta haien moduko kultura eskolak sortzea interesgarria izan daitekeela, kulturaren transmisioan dauden etenak gainditzeko tresna eraginkorrak izan daitezkeelako. Oso interesgarria da Iratxe Retolazaren ekarpena, zeren bere interesgunea ez baitago ekoizpen artistikoan, proiektu soziokulturalean baizik. Retolazak ez du iradokitzen idazleek hau edo bestea idatzi beharko luketenik. Proiektu soziokultural baten beharra lehenesten du. Baina zergatik da hori hain garrantzitsua?

Bertsolaritzak erantzun diezaioke galdera horri. Garai batean bertsolaritza naturalki bezala transmititzen zen sagardotegian, etxean, plazan. Gune horietan zegoenak lortzen zuen zaletzeko eta, potentzialki, sortzaile bihurtzeko aukera. Baina gizarte hori desagertzearekin bat bukatu ziren kulturaren transmisio natural horretarako aukerak. Endekatzea nabaritzen hasi ziren. Zerbait egin beharra zegoen, eta erantzuna proiektu soziokultural bat eraikitzea izan zen. Kultura sorkuntza hegemonikoek badituzte beren transmisio espazioak. Guk haiek bilatu gabe ere, haiek gu bilatzen gaituzte. Georgie Dann. Luis Fonsi eta Daddy Yankee. Despacito. Batek daki inork inoiz bilatu dituen, baina maiz aurkitu gaituzte. Kultura hegemoniaren zirkuituan ez dagoenak nekez lortzen du espazio horietara sarbidea, eta lortzen duenean, harrigarriki, kritika ugari jasotzen ditu, nekez uler daitezkeen arrazoibideetan. Baina gutxitan gertatzen da, eta, beraz, gutxiagotutako kultur sorkuntzak hobe du bere espazioak eraikitzen saiatzea. Horixe egin zuen bertsolaritzak. Bere proiektu soziokulturalaren helburu nagusia bertsolaritza geroratzeko aukerak sortzea zen, eta horretarako sortu zituen bertso eskolak, elkarteak, txapelketak, aisialdiko jarduerak, hezkuntza arautuko eskolak, hedabideak, borondatezko lanerako ekimenak… eta bertsolarien jarduna testuinguru horretan txertatu zen.

Gaur egun bertsoak entzuten dituenak badaki zer sormen mailara irits daitekeen bertsolaria goia jotzen duenean. Bertsolariek kantuan sortzen duten bat-bateko lilura horrek pizten du bertsolaritzaren metxa. Baina beste diziplina artistiko batzuek ere badauzkate sortzaile bikainak eta, hala ere, ez daukate halako oihartzunik. Beraz, ekoizpen artistikoaz gain, nabarmena da testuinguruak ere laguntzen duela, eta testuinguru hori proiektu soziokulturalak ekoitzi du, ez da berez etorri.

Paperaren gainean edo adiskideen arteko elkarrizketetan has daiteke proiektu soziokulturala eraikitzen. Etorkizunean aldaketa eragingo duen orok lehenik hitz forma hartzen du. Ezin da bestela. Baina proiektu hori gauzatuko bada, ezinbestean behar du proiektua benetan martxan jarriko duen subjektu bat. Bertsolaritzak ez zeukan. Trantsizio gogor baten garaia zen Euskal Herri osoan. Hegoaldean alderdi eta erakunde sistema berri bat sortzen ari zen, eta gizarte mugimenduek ere eskuratu zuten beren lekua testuinguru horretan. Baina maila globalagoan neoliberalismoaren hastapenak ziren, eta horrek kultura sorkuntzaren eremuan eragin handia izango zuen, tokiko kulturak kultura globalen jokoan sartuko zituelako. Euskal Herrian, ordea, erronka horri ez zioten eutsi ez erakunde publikoek, ez alderdi politikoek, ez ordura arte existitzen ziren gizarte mugimenduek. Haientzat kultura sorkuntza ez zen lehentasun.

Beraz, bertsolaritzaren proiektu soziokulturala abiarazteko, agente eragile bat sortu beharra zegoen, eta, bertsolaritzaren kasuan, gizarte mugimendu baten forma hartu zuen. Izan zitekeen bestela, beste kultura diziplina batzuek beste era batera eraginkortasunez funtzionatu baitute. Baina bertsolaritzak gizarte mugimendu bihurtzea erabaki zuenean, asmatu egin zuen, zeren hainbat hamarkadatarako bere geroratzea bermatu baitzuen. Arraroa egingo zaio baten bati bertsolaritza gizarte mugimendu bat dela esatea, baina, egia esan, erraz defini daiteke hala: egiturazko arazo historiko bati erantzuteko antolatzen da, munduari begiratzeko eta funtzionatzeko ikuspegi bat eraikitzen du, aukera-leihoak aprobetxatzen ditu, gainerako agenteekin interakzioan sartzen da, jendea mobilizatzeko baliabideak martxan jartzen ditu, jende asko mobilizatzen du, eta, batez ere, bere egoeraren jabe egiteko eta bere existentziaren baldintzetan eragiteko antolatzen da. Agente bihurtzen da eta bere egoera eraldatzeko gai da. Horrek guztiak errazten du bertsolaritzaren gizarte mugimenduaz hitz egitea, eta horrela azal dezakegu nork jarri zuen martxan bertsolaritzaren proiektu soziokulturala eta nork eraman zuen bertsolaritza berriro osasuntsu sentitzera.

Xenpelar Dokumentazio Zentroko datuek argi erakusten dute nola handitu den bertso saio kopurua eta bertsolari kopurua. Berdina gertatu da bertso saioetara joaten den jende kopuruarekin. Azken datu horiek interpretatzeko zailagoak dira, 1980ko hamarkadatik datorren hazkundea ikusten uzten ez dutelako eta 1990eko hamarkadan gertatu zen boom delakoaren ondorengo hozte premeditatua (propio eragin zutena) garbi islatzen delako. Baina, aldi berean, datuek argi islatzen dute gaur egun bertsolaritzak bigarren boom bat bizi duela, eta boom honek, lehenengoarekin alderatuz gero, beste ezaugarri batzuk dauzkala: lehenengoan funtsezkoak ziren bertso saio masifikatuak, eta bigarrenean, berriz, publiko gutxiagoko saio askoz gehiago daude.  Ondorioz, bigarren boom honetan publiko kopurua lehenengoan baino handiagoa da.

  1. Grafikoa. Bertso saio kopuruaren bilakaera
  2. Grafikoa. Bertsolari kopuruaren bilakaera
  3. Grafikoa. Bertso saioetako publikoaren bilakaera

Edonola ere, indartsu dagoela baieztatzen dugunean, komeni da zertaz ari garen argitzea. Azken urteetako ikerketek agerian utzi dute bertsolaritzaren egoera arraroa dela. Jatorri tradizionaleko kantu inprobisatu metrikadun errimadun asko ez dago bereziki osasuntsu hirugarren industria iraultzaren hastapenetan. Bertsolaritza bai, osasuntsu dago. Baina erlatiboki bakarrik. Kultura gutxiagotu baten testuinguruan dago indartsu. Kulturaren eremuan beste adierazpide erraldoi batzuek baldintzatzen duten munduan bizi baita bertsolaritza.

Sozializaziorako guneak

Zinemara inoiz joan ez denari jarraibideak eman nahiko bagenizkio, esan geniezaioke ez dela aukera txarra egun euritsu eta hotz bati itxoitea, atsegin duzun norbaitekin hitzordua adostea eta, elkarrekin berriketan, zinema aretorantz joatea, filma martxan dela zer edo zer elkarri esatea (ahapeka, mesedez), eta bukatutakoan, tabernaren batean, denbora pixka bat pasatzea. Oso ondo sentiarazi zaitzakeen esperientzia horretan, filmak badu garrantzia, jakina. Esperientziaren ardatza da (agian). Baina film hori esperientzia indibidual eta sozial zabalago bateko osagai bat da, ez osagai bakarra. Filma bizipen konplexuago batean txertatzen da. Filma ikusten duenak ez du bakarrik filma ikusten. Beste gauza asko ere egiten ditu. Beste gauza askoren subjektu egilea ere bada. Eta, ziur aski, horrek guztiak eragina ere izan du zinemaren arrakastan. Ikuslea ez da ikusle soila. Ez da kontsumitzaile soila.

Berdina pentsa genezake Euskal Rock Erradikala deitu zen fenomenoari buruz. Arrakastaren gakoa ez zen soilik izan gitarrarekin hiru akorde joz abesti bat osatzea, edo letra aldarrikatzaileak eta zirtolariak kantatuz publikoa zirikatzea. Ziur aski, zerikusia izan zuen kontzertuak espazio alternatiboetan antolatzeak, joaten zen jende motak, estetikak, bestelako kontsumoek eta jai giroak.

Kultura kontsumoaren politikatik kultura bizipenaren politikarako trantsizioa egiteaz ari gara. Bertsolaritzak egin du, neurri batean behintzat. Bertsolaritzaren proiektu soziokulturalak garrantzi handia eman dio jendeak kultura sorkuntza elkarrekin bizitzeko espazioak sortzeari. Bertso eskolak, txapelketak eta borondatezko lanerako guneak sortu ditu bertsolaritzaren gizarte mugimenduak. Ez da kontsumo soila. Bizipenak ekoizteko guneak dira. Nork bere biografiarekin aberasten du, eta besteenarekin txirikordatzen da.

Plazera ekoiztea ardatz izan du beti bertsolaritzak. Hori da bertsolaritzaren gasolina. Baina ez da entretenimendu hutsalaren plazer hori, oro har. Publikoak maite du bertsolaritza kultura garaikidearen esperientziarekin lotzen duen izaera. Baina bertsolaritzaren esperientziak badu bestelakotik ere, uztartu egiten baititu erakargarritasunaren eta etikaren diskurtsoa. Ez beti, beharbada, bertsoetan, baina bai bertsolaritzaren inguruan mugitzearen gertaera sozialean.

Bertso eskoletan gurutzatu egiten dira biografiak, bertsolaritza ardatz, eta esperientzia horrek sinergia aberatsak hauspotu ditzake. Txapelketak bertsolaritzaren hedapenerako sortuko ziren, agian, eta betetzen dute funtzio hori, baina, funtsean, euskaldunen sozializazio gune bihurtu dira. Bertsolaritza ardatz, gurutzatu egiten dira biografiak.

Esfera publikoa ere sozializazio gune bat da. Hitzetik Hortzera telebistako saioa jende askoren egongelan sartu zen, eta bidea ireki zien plazara joaten has zitezen. Telebistaren aroa agortzen ari denean, bertsoa.eus webgunea bertsolaritzaren Youtube bihurtzen hasi dela dirudi.

Artikulatzen

Espainiako Vox alderdi politiko ultra-eskuindarrak oraingoz lortu duenak ez du hainbesteko meriturik. Frankismoaren parametroetatik inoiz mugitu ez den jendea erakartzen ari da. Bere baratzeko fruituak dira.  Oraingoz. Aldiz, Marine Le Pen politikariaren Ressamblement National (lehen Front National zena) alderdiak bere milioika hautesleren artean dauzka filonaziak, lehen sozialista, komunista eta zentro-eskuina bozkatzen zutenak, klase ertainak, langileak, eliteak… Baratze askotatik biltzeko gai da. Hori da artikulatzeko gaitasuna.

Funtsean, elkarrekin ez zeuden munduak elkartzeko ahalmena da artikulazioa. Egin dezake talde xenofobo batek, egin dezake justizia soziala ardatz duen talde batek, egin dezake balio liberalak lehenesten dituen mugimendu batek…

Eskubide zibilen aldeko mugimendua izan zen horretarako gai AEBetan. Gerraren aurkako mugimenduak erdietsi zuen hainbat herrialdetan. Feminismoa 2018ko martxoak 8aren eta ondorengoen testuinguruan ere horretan ari da. Sekulako bizi-indarra batzeko aukera da artikulazioa. Sinergiak sortzen direnean, bakarka ezinezkoa litzatekeena ahalbidetu daiteke. Nork pentsa zezakeen, lortu aurretik, egun batean hainbat herrialdetan osasun zerbitzuak jasotzeko aukera hainbeste zabalduko zenik, 40 orduko lan astea ezarriko zenik, eskolara joateko aukera bermatuta egongo zenik, emakumeek bozkatzeko eskubidea lortuko zutenik, Alemaniak zentral nuklearrak itxiko zituenik, gurean derrigorrezko soldaduska iraganeko kontua izango zenik… Bertsolaritzari BEC oso txiki geldituko zitzaionik. Gainera, kontuan hartuta Txapelketa Nagusira doan publikoa ez dela urte osoko publikoaren %10 baino.

Ezingo genuke bertsolaritzaren gaur egungo egoera ulertu baldin eta ez bagenu artikulazioen eragina kontuan hartuko. Kultura eremu bateko sortzaileak eta zaleak artikulatzea oso bitxia da, eta oso eraginkorra, bertsolaritzarentzat behintzat. Baina, gainera, sortzaileen eta zaleen artean hainbat mundutako jendea badago, sinergiak handiagoak izan daitezke. Artikulazioa ez da normalean bat-bateko fenomenoa. Bertsolaritzan, adibidez, rockaren belaunaldia ez zen hasieratik naturalki txertatu. Jon Maiaren eta Alberto Irazuren liburuek ederki kontatzen dute hori. Gure ikerketarako egin ditugun elkarrizketetan ere nabarmena da. Lehenik, rockaren belaunaldiko bertsolari gaztea animalia exotiko baten moduan hartu zuten. Orduan bakanak ziren bertsolari horiek arrotz sentitzen ziren bertsolaritzaren munduan. Ez zuten gozatzen. Orduko bertsolaritza hegemonikoaren ezaugarrietatik ikasten ari ziren arren, beren beste munduek bertsolaritzan lekurik ez zutela senti zezaketen. Eurentzat egunerokotasunean arrunta zena ez zen arrunta bertsolaritzan. Baina, pixkanaka, gero eta bertsolari gehiago ziren horrelakoak, gero eta publiko kopuru handiagoa zen horrelakoa, gero eta espazio gehiago doitzen ziren beren baldintzetara, gero eta garatuagoak zeuden beren bertsokerak, gero eta garatuagoak publiko berrien gustuak, eta, azkenerako, hainbesteko pisu kuantitatiboa eta kualitatiboa lortu zutenean, bertsolaritzaren erdigunean bete-betean sartzea lortu zuten. Beste zenbait estilorekin partekatzen zuten erdigune hori, baina hainbestekoa zen rockaren belaunaldiko bertsolaritzaren loraldia, bertsolaritza bere osotasunean aldatu zuela. Ez zen soilik bertsolaritzaren barruko sektore bezala integratu. Osmosi moduko bat izan zen. Bertsolari berriek bere egin zituzten bertsolari neoklasikoen hainbat ezaugarri, eta, era berean, hainbat bertsolari neoklasikok eta tartean zubi lana egin zuten beste batzuek ere bere egin zituzten rockaren belaunaldikoen hainbat ezaugarri. Azken emaitza oso aberasgarria izan zen: bertsolaritza zabaldu, sakondu eta indartu egin zen.

Gaur egun nabarmena da antzeko zerbaiten hasiera izan daitekeela. Emakume bertsolariek eta publikoaren gehiengoa osatzen duten emakumeek zer leku izango duten bertsolaritzan, horrek nabarmen baldintzatuko du bertsolaritzaren etorkizuna.

Publikoak pluralean

Ikerketarako elkarrizketatu genuen batek esan zigun ez zela publiko berriez gehiegi fidatzen, nahiago zituela ohiko bertsozale sutsuenak. Txapelketen epelera hurbiltzen zen jendea berdin-berdin urruntzen zela. Bada, fidatzekoa ez den publiko hori da gaur egungo bertsolaritzaren publiko nagusia, eta ez soilik txapelketetan, baita urtean zehar egiten diren saioetan ere. Monopolizatutako publikoaren garaiak joan ziren. Gaur egun, ko-erreferentzialtasuna da lorpen gorena.

Aniztasunaren Big Bang batez ariko bagina, lehenengo uneetan gaudela esango genuke. Joxerra Garziak aro multipolarra deitu zuena bizitzen ari da bertsolaritza. Publikoari dagokionez ere nabarmena da: emakume adina gizon dago, adin aniztasuna handia da, gustuak gero eta anitzagoak dira, etxean nahiz hurbilekoen artean, nahiz bestelako guneetan zaletu direnek osatzen dute publikoa.

  1. Grafikoa. Bertsolaritzaren publikoa generoaren arabera
  2. Grafikoa. Bertsolaritzaren publikoa adinaren arabera

Maialen Lujanbio da publikoak gustukoen duen bertsolaria, eta harekin batera Amets Arzallus eta Andoni Egaña dira hiru izen aipatuenak, eta haien ondoren beste ia hogeita bost izen daude aipatuenen artean. Izen zehatzaren jakin-mina asetzeaz gain, sailkapen hauek gustuen aniztasuna iradokitzen dute.

Sabaia

Ikusteko dago sabaia kristalezkoa den, altzairuzkoa edo material organikoekin egina dagoen. Baina badagoenik ukatzea asko zailtzen dute ebidentziek. Nabarmenegia da. Ez da, jakina, bertsolaritzan bakarrik gertatzen. Bizitzaren arlo guztietan dago, baita arteetan ere, Euskal Herrian, mundu osoan zehar. Euskal literaturako sarietan gertatzen da, Nobel sarietan, Cannes-en, Grammy sarietan, margolarien erakusketetan… leku guztietan. Baita bertsolaritzan ere. Ez du merezi eztabaida horretan galtzea. Hobe da denbora hori irtenbideei buruz hitz egiteko erabiltzea.

Bertsolaritza bidezkoagoa bada, bideragarriagoa izango da, artikulazio sozialen indarra ahalbidetuko duelako. Rockaren belaunaldiarekin zalantza izan zuten ea bertsolaritzari eusteko gai izango ziren. Eta laster erakutsi zuten eusteko ez ezik bertsolaritza zabaltzeko, sakontzeko eta indartzeko gaitasuna ere bazutela. Emakume bertsolariek eta publikoko emakumeek, ziur aski, askoz gehiago egiteko potentziala dute. Zenbaki kontu bat da, besteak beste. Biztanleriaren zer ehuneko ziren rockeroak? Zenbateko pisua zuen rockak kultura garaikidean? Eta emakumeek?

Edonola ere, eszeptikoentzat, zenbait datu jarri nahi ditugu eskura, genero desberdinkeriaren eztabaidan ebidentziak kontuan hartuta koka daitezen.

Datuek garbi erakusten dute kopuruak nahiko parekoak direla 18 urtetik beherakoen artean, bai partaidetzari dagokionez, bai merituei eta gaitasunei dagokienez. Aitzitik, gaztaroaren hasieran desberdinkeriak bereziki estutzen duela iradokitzen dute datuek, orduan hasten baitira kopuruak elkarrengandik aldentzen, harik eta bertsolari aktiboen artean lautik hiru inguru gizonezkoa eta lautik bat inguru emakumezkoa den arte. Pentsa liteke bertsolari aktibo kontzeptuaren definizioak baldintzatu ditzakeela kopuruak, baina ez, zenbakiei buelta asko eman arren, desberdinkeria oso nabarmena da.

  1. Grafikoa. Emakume eta gizon bertsolarien kopurua, adinaren arabera

Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa (ikertzaileok landutako datuak)

  1. Grafikoa. Emakume eta gizon bertsolarien kopuruen bilakaera, eta bertso saioetako parte hartzeen bilakaera, adinaren arabera

Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa (ikertzaileok landutako datuak)

Ikerketan zehar detektatu dugu diskriminazio positiboari buruzko eztabaida dagoela bertsolaritzan, eta fenomeno bitxia da, zeren datuek argi erakusten dute ez dagoela diskriminazio positiborik. Esate baterako, bertsolari kopurua zenbatekoa den eta emakume zein gizon bertsolariek zenbat saiotan parte hartzen duten aztertzen badugu, agerikoa da emakume bertsolari kopurua handitu ahala handitu dela parte hartze kopurua, ez gehiago ez gutxiago. Edonola ere, kontuan hartu behar da hemen aurkezten ditugun datuak aztertzean ez zaiola zenbakiaren zehaztasunari begiratu behar, joera orokorrari baizik. Datuak oso fidagarriak dira, baina ez dira erabat zehatzak. Galdetegietan lagin txikiekin inferentziak egiten dira, populazio handiei buruzko ondorioak ateratzeko. Alta, datu hauetan lagin handiak erabili ahal izan ditugu, Xenpelar Dokumentazio Zentroan datu andana jaso dutelako urteetan zehar, genero galbaherik gabe jaso ere.

Nolanahi den, arazoa ez da soilik kuantitatiboa, kualitatiboa ere bada. Emakume bertsolariei oholtza gainean uzten zaien espazio sinbolikoa oso estua da oraindik ere, eta publikoaren zati handi batek nekez balioesten du molde hegemonikotik urruntzen dena. Hegemonikoa ez denarekin konektatzea kosta egiten zaie, ez zaie hain ona iruditzen, ez die halako barregurarik eragiten.

Deigarria da, hala ere, bertsolaritzaren nukleoan nahiz publikoan hainbatek ez dutela arazoa dagoenik uste. Ez dute uste emakume bertsolarientzat zailagoa denik. Ez dute uste emakume bertsolariek leku handiagoa beharko luketenik.

Zorionez, hainbat aurrerapauso ere izan dira azken urteetan. Bertso eskolek egin zuten Troiako zaldiarena: bertsolaritzan existitzen ez ziren baldintza inklusiboak sortu zituzten, eta horiei esker hurbildu ziren bertsolaritzara bestela hurbiltzerik izango ez luketenetatik hainbat. Halaber, emakume bertsolariek elkarren artean sortu dituzten sareak funtsezkoak dira genero desberdinkeria gainditze aldera. Aipatzeko modukoak dira Ez da kasualitatea saioak, Ahalduntze bertso eskola, Zilekoa… Bestalde, funtsezkoa da bertsolaritzaren esfera publikoan gertatzen ari dena, eremu horretan eztabaidagai baitago zer den bertsolaritza eta nondik jo beharko lukeen. Azken Txapelketa Nagusian, adibidez, hobetsi beharreko bertsokerari buruzko eztabaida publikoarekin batera (Twitter-en, saioetako publikoan, lagunarteko solasaldietan, lankideekin hizketan, umeen jolas parkeetan gurasoen artean, elkarte gastronomikoetan…) eztabaidagai zeuden generoari lotutako hainbat alderdi, eta horrek eragina izan zuen Txapelketan, hainbat eratakoa gainera. Baina esfera publikoan hizpide dena ez da nahitaez jendearen gehiengoari gehien interesatzen zaiona. Batzuk bertsoa kantatzen hasteko abiadurari buruz ari ziren bitartean, publikoaren gehiengoari hori ez zaio axola, edo ez gehiegi behintzat. Publikoaren gehiengoari batez ere umorea, hunkitzeko gaitasuna eta irudimena axola zaizkio. Horretan ere badu generoak zeresana.

Lehen, generoa okela besterik ez zen bertsolaritzan, txuleta. Orain, generoarekiko ikuspegi berdinzale batek bertsolaritza zabaldu, sakondu eta aberastu egin dezake. Genero aldetik eman diren aurrerapausoek lortu dute, adibidez, bertsozale ez ziren hainbat bertsozaletzea.

Horregatik da hain garrantzitsua sabaia kristalezkoa den jakitea, edo altzairuzkoa, edo material organikoz egina dagoen. Bidezkotasun eta bideragarritasun kontua da.

Google hub bat da. Eta bertsolaritza?

Nork esango zuen musika industria hondoratuko zenik? Gaur egun ez dirudi energia industria handiak arriskuan daudenik, baina, Jeremy Rifkin-ek esaten duenez, hala daude, bai, eta, iraun nahi badute, hobe dute negozio eredua guztiz aldatzea. Google izan daiteke haien eredu. Google hub bat da funtsean, sareak elkartzen diren gune bat. Googlek doan eskaintzen ditu hainbat zerbitzu, eta jendeak doan ekoizten ditu milioika eduki Googlerentzat, esate baterako Youtuben. Jendea saretzen laguntzeari esker, Googlek lortu du jendea berarentzat doan lanean jartzea eta horrekin diru asko egitea.

Hub izatea lortzen duen enpresak/mugimenduak/fenomenoak bereganatu egiten du jendearen bizindarra, eta trukean zerbait ematen dio jende horri; batik bat, beste jende batengana iristeko lotune izatea, biografiak gurutzatzea, bestela biziko ez lituzkeen esperientziak bizitzeko aukera alegia. Ondorioz, jendearen jarduera mesedegarri bihurtzen da hub horrentzat. Jendea artikulatzeko modu oso errentagarria da. Eskainiz hartu egiten du. Errentagarritasun hori dirutan edo bizindarrean kobra daiteke.

Bertsolaritzak bere txikian ere lortu du batzuetan hub bihurtzea, adibidez bertsolaritza neoklasikoa eta rockaren belaunaldia artikulatu zirenean. Aurretik pentsaezinak ziren nahasketak ahalbidetu zituen horrek. Orain emakume bertsolariak, publikoko emakumeak, belaunaldi gazteena… horiek guztiak aukera ona dira bertsolaritzarentzat hub bihurtzen jarraitu dadin.

Hirugarren industria iraultzan nekez iraungo dute hub bihurtzen ez diren kultura sorkuntza gutxiagotuek. Katuek zazpi dauzkaten bezala, bertsolaritza-hub horrek gutxienez hiru bizitza izan ditzake, eta, bestela, ziur aski, inertziarekin galduko da, apaingarri folklorikoen galerian.

 

Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri
Harkaitz Zubiri