[Joxe Agirre I] Oranda

2018-02-19

[Joxe Agirre I] Oranda –

Testua: Joxean Agirre
Argazkiak: Conny Beyreuther

 

Joxe Agirreren bizitza kilometro batzuen bueltan errenditu zen, eztei-bidaian
Madrilera egin zuen bidaia eta gisakoren bat salbu. Jaiotetxetik Zestoa aldera
begira jarri eta mendi aurrekoa zuen emaztea. Neskak 16 eta berak 31 urte zituela
hasi ziren elkarrekin. Lana ere etxetik gertu izan zuen, Izarraizko basoetan
lehenik eta Azpeitiko sarreran dagoen Eskuztako harrobian ondoren. Bertsolari
bezala egin zuen debuta ere herriko sarreran dagoen Etxe Zuri tabernan egin
zuen, Imanol Lazkanok eta biek han tupust egin zuten batean. Gaztetan zapaldu
zituen erromeriak ere gertukoak izan ziren; egin zituen apustuak, aizkoran
gehienak eta korrika ere bai, inguruko auzoetan jokatu zituen eta bere bertso
ibilbidetik herriko bertsolariekin jokatu zituen 1999ko Herriartekoa eta Loiola
Irratiko sariketa aukeratu ditugu. Toki hauetako bakoitzean lekuko baten edo
batzuen laguntza izan dugu Joxeri buruz hitz egiteko. Lekuko horietako asko
adiskide kualifikatuak dira. Tartean daude Imanol Lazkano, Joxe Mari Iriondo,
Euzkitze, Jokin Uranga edo Iñaki Garmendia ‘Laja’. Beste batzuk familiakoak
edo gertuko lagunak dira. Bere bizitza geografia eremu laburrera mugatu zen
arren, bere bertso ibilbidea askoz ere zabalagoa izan zen. Gipuzkoan bi auzo
zeudela esan ohi zuen berak bertsorik kantatu gabeak, beste guztietan egona
zela, horietako batzuetan behin eta berriz. Bizkaian eta Nafarroan ere bazituen
leku kutunak. Guk Zumaiako Artadi aukeratu dugu eta hango lekuko batekin
egon gara.

 

 

Jaiotetxea eta bizilekua. Bere garaiko bertsolari gehienek ezagutu zuten baserria. “Gure aita jendea ekartzekoa zen. Amak sukaldean bazekien pixka bat, eta zenbat bazkari eta afari prestatu zuen aitak bertsolari lagun batzuk gonbidatu zituelako. Guk etxean ezagutu ditugu asko. Kuadrillak ere etortzen ziren tarteka: berrogei lagun, igual. Ardiren bat hil behar izaten zuten orduan”, dio Mirenek, alabak.

Ardiekin egiten zuten lan Joxe Agirreren aurrekoek Orandan, Migel Agirrek, Antonio Agirre aitonak (umea zela, sehaskari eraginez kantapaperak kantatzen zizkionak) edo Juan Agirre aitak. Joxek ardiak utzi eta ganadua jarri zuen, eta garraioan, Azpeitiko okindegietara pago egurra eramaten, hasi zen lehenik eta harrobian gero. 1929ko apirilaren 13an jaio zen Joxe. Mutikoa zen, beraz, Bizkaiko fronteak frankistei aurre egin zienean. Aitonarekin igotzen omen zen Izarraitzera kanoien danbatekoak entzutera. Bi seme zituen aitonak gudari joanak. “Hor ibiliko dituk, bada, gure mutilak ere”, esaten omen zuen. Joxeren bi osaba horiek, denborarekin, etxera itzuli ziren eta, gose urteetan, hamahiru lagun biltzen ziren sukaldeko mahaiaren bueltan.

Gaur alaba zaharrena, Arantxa, bizi da bertan, eta bi seme-alaba dituzte: Uraitz eta Maider. Uraitzek soinu txikia jotzen du eta Maiderrek dantza txapelketetan hartzen du parte, sueltoan, Mirenen semearekin bikotea eginez. “Aita nirekin saiatu zen. Soinu handia erosi eta Kaxianori itzuli bat edo beste eginarazi zizkion ikas nezan, baina ez nuen aurrerapenik egiten. Bere gaztetako obsesioetako bat zen. Soinua erosteko dirurik izan balu, soinua jotzen probatuko zuela esaten zuen. Orain bere ondorengo batek, bilobak, jotzen du eta gaitz erdi. Imuntzorekin dabil ikasten, baina ez du txapelketarako gogorik. Saiatu zen irakaslea txapelketara bideratzen, Maiderrek panderoa jotzen baitu, baina alferrik. Horretan aitonaren antzekoa atera da”, dio Arantxak. Senarrak, Jose Ramon Arrietak, okindegi batean egiten du lan, eta berak dendan, ogia saltzen.

Bigarrenak ere, Mirenek, semea eta alaba ditu, Ane eta Jon Ander. “Ane ere oso bertsozalea da eta gai-jartzaile ibiltzen da gaztetxeetako txapelketa, bertso-parranda eta horrelakoetan. Gipuzkoako Txapelketatik ere deitu zioten behin, baina Erasmus programarekin Mexikora joan beharra egokitu zitzaion. Jon Ander Erniarraizko bertso eskolan dabil eta Herriartekoan hartu du parte. Esan bezala, dantzan ere egiten du txapelketetan Maider lehengusuarekin bikotea osatuz. Senarrak, Pako Iriondok, Aizarnazabalen du enpresa bat eta haren bulegoan hasi da lanean alaba, Ane. Azpeitian bizi dira.

Joxeren semeak, Jonek (emaztea Maria Jose Egaña da), hiru seme ditu: Jon, Aritz eta Arkaitz. “Zaharrena, Jon, bizikletan ibiltzen da, afizionatuetan, baina maila onean; bigarrena Zumaiko bertso eskolan dabil, eta pilotan ere bai, eta gazteena ere kirolzale amorratua da, aita bezala; bidenabar esanda, gure anaiak Euskadi eta Espainiako txapelak irabazi baititu rallyetan. Orain bizikletan ibiltzeari eman dio eta iaz Quebrantahuesos proba egin zuen”, diote bi arrebek.

Joxeren hirugarren alaba, Edurne, eritasun batekin jaio zen, eta Donostiako Ategorrietan Kareaga fundazioak duen egoitza batean bizi da, tarteka Orandara eramaten badute ere.

Orain hogeita bost bat urte berritu zuten Oranda. “Etxe handia da. Senarrak esaten du erdia hemen eta beste erdia kale inguruan egin izan balute, hobeto biziko ginatekeela. Seme-alabek gida-baimena atera bitartean gora eta behera ibili behar izaten dugu. Eskerrak orain Jon Anderrek atera duen. Hark ekartzen du etxera Maider dantza entseguak bukatutakoan, autoa amari kenduta”, dio Arantxak.

 

Oranda baserriari

Patxi Barbero jai-jartzaileak galdetu zion: “Non jaio zinen zu?”. Zarautzen kantatua da bertsoa, 1975ean.

 

Oranda deitzan Izarraizpeko
baserri arlote baten,
halabeharrez guraso onak
mundura sortu ninduten.
Orain arteko bizimodua
hor ari naiz eramaten,
ta aurrerantz ere baztertutzeko
gogorik ez dit ematen…
Ez dakit nire seme-alabak
nik hainbat maiteko duten.

 

1994an Azpeitian Largarate baserriaren alde egindako jaialdian botakoak dira hauek. Iñaki Murua eta Jose Luis Gorratxetegi ziren gaiak ematen: “Zorionak! Bota iezazkiozu bizpahiru bertso iloba jaio berriari”. Doinua: “Espainian behera”.

 

1.-Orain egun batzuek
haur bat zaigu jaio,
aitona egina naiz
berori medio,
amonakin lo egin ber
berdin samar dio,
nola bestetarako
ez dedan balio! (bis)

 

2.-Gure etxean bada
orain zorionik,
denak berai begira
aspertu ezinik.
Nahiz geu seme-alabak
haziak izanik,
egia esan ez nuen,
ez, sinistuko nik,
haur batek zoramen hau
sortu zezakenik! (bis)

 

3.-Bere sehaskatxoan
badu nork adora,
negar izpirik bada,
aguro kanpora,
beharrik baldin badu
amaren kolkora,
bestea alboan zai
hartzeko lepora…
aitona sobre baina
halere gustora. (bis)

 

4.-Bukaera hurbiltzen
urtean-urtean,
eta hemen bizi nahi
ahal dedan artean,
bilobatxoa zainduz
besteen tartean.
Gutxieneko ez dut
sartu nahi lurpean
“maite zaitut aitona”
entzun bitartean. (bis).

[Joxe Agirre I] Oranda