Mitxelena eta Atamitx, bi agur

2018-12-28

Mitxelena eta Atamitx, bi agur –

Testua: Jon Martin
Argazkiak: XENPELAR, ZAZPIKA, Auñamendi, Jon Martin eta Maddi Suarez

 

Atamitx jatetxea leku historikoa da bertsolaritzarentzat. Joxe Joakin Mitxelena bertsolariak eta Luxiano Juaristi Atano X.ak zabaldu zuten, eta beren izenekin bataiatu. Garaiko bertsolarien topaleku izan zen urte luzetan.

Ez dira gutxi Oiartzungo herriak eman dituen bertsolariak. Haien arteko maitatuenetako bat, zalantzarik gabe,  Mitxelena zena izan zen. Duela gutxi eraitsi dute bere erretegia izan zena: Atamitx. Eta harekin, bertsolaritzaren gune sakratuenetako bat.

Mitxelena ez zen hutsetik jaio. Juan Mari Lekuonak Jose Joakin Mitxelena bertsolaria liburuaren hitzaurrean dioenez bertso giro aparta izan zen bolada hartan Oiartzunen: “Basarri ‘batallon de trabajadores’-en lanean zegoen Oiartzunen eta tarteka herrira jaisten zen bertsotara. Bestalde, astelehenetan, azoka izaki, tabernetan bertsotan ibiltzen ziren Lexoti, Joxe Mari Iriarte Prantxexa eta beste zenbait”.

Joxe Joakin Mitxelena Agirrezabala Oiartzunen jaio zen 1924ko uztailaren 20an. Bertsolari bizia, zirikatzailea eta jario handikoa izan zen. Bertsokidea aurkari gisa hartu eta hura azpiratu arteko onik ez zuen bertsolari klasea zen oiartzuarra. 1978an, X. Bertsolari Egunean, omenaldia egin zioten Karmelo Baldan. Plazako azkeneko bertso saioa 1988ko abuztuaren 15ean egin zuten, Ernialden. Handik aste batzuetara hil zen, abenduaren 3an.

Gazte egin zuen lehen bertso saioa; “galtza-motzetan”, berak zioenez. Datari buruzko bi bertsio daude: Lekuonak dio 1939an egin zuela Oiartzungo festetan Krisostomo Pikabea bertsolaria falta zela eta. Itxuraz, Juan Jose Saiburu, Migel Ibañez eta Juan Zabaleta izan zituen bertsokide. 15 urteko mutikoa besterik izan ez arren, saio txukuna egin omen zuen oso. Bigarren bertsioa, Kosme Lizasok jasotzen du Mitxelena gogoan liburuan. Haren arabera 17 urte zituela hasi zen bertsotan. Juan Jose Saiburu eta Akilino Izagirre Zepai bertsotara etorriak zirela dio, zinegotziren batek kantatzeko gonbita luzatu ziola eta honek baiezkoa eman zuela.

Lizasok berak dio Mitxelena “arrazoietan ugaria eta zorrotza” zela: “Bertsotan beti ongiena egitea gustatzen zizaiona. Beti, ordea, ez zuen gorputzaldi bera edukitzen. Baina txarrenean ere ondo kunplituko zuen”. Lekuonak dio “oso herrikoia” zela bere estiloa: “Oso bizia, oso sistematu gabea, tradizio baten araberakoa. Mitxelenaren bertsogintzan gutxi nabari zen idatzizko estiloaren eraginik eta presentziarik. Eta, beraz, ahozko munduko bertsogintza zen berea: bizia, baina akastuna”.

Atamitx

MITXELENA ETA ATAMITX, BI AGUREz zeukan langile famarik Mitxelenak, baina, egia esateko, alferra ere ez zen. Mutiko zela nahiko lan egiten zuen baserrian eta, horren ondoren, lanera joan ere bai. Egunero, Pasaiarako joan-etorria bizikletan egiten zuen Luzuriaga fabrikan jarduteko. Makutson sagardogintzan ere lan egin zuen, eta, gerora, Errenteriako Galleteran ere bai.

Negozioa non egingo pentsatzen aritzen zen horietakoa zen Mitxelena eta soldaduskatik ere diru dezente poltsaratuta itzuli zen, kuarteleko gaiekin negozioak eginda. Tabako gorriarekin eta whiskyarekin ere jardun zuen estraperloan, Pasaian lan egiten zuenean.

1964.urtearen bueltan, bestelako lanak utzi eta Atamitx jatetxea ireki zuen Ugaldetxo auzoan. Kosme Lizasok liburuan jasotzen duenez, haragia eta arraina parrilan ontzen lehenengoetakoak izan ziren, gerora era horretako erretegiak ugaldu baziren ere. Goizeko lauretan joaten zen Pasaiako lonjara bixigurik onenen bila, eta Bilbora txuletak erostera.

Oiartzungo bertso mugimenduaren ardatz izandako Joseba Gurutz Ezeiza Kaxkak kontatzen duenez, arrakasta gaitza izan zuen jatetxeak: “Mitxelena eta Atano punta-puntan zebiltzan garaian ireki zuten. Autobusak etorri ohi ziren Lapurditik ere. Bi parrila izaten zituzten piztuta eta etengabe janaria erretzen jarduten zuten. Atanok egiten zituen kobraketa lanak, frankotik pezetarako aldaketak beren alde eginda”.

Atamitx bertsolarien elkargune izan zen. Saiora joan aurretik bertan egiten zuten hitzordua eta saiotik bueltan ere bertan agurtzen zuten elkar.

Behin, jatetxean, Mitxelena eta Lazkao Txikik jandakoa ordaindu beharra hartu zuten gaitzat. Hona oiartzuarraren eskaera eta lazkaotarraren erantzuna:

Hola hitz egiten dik
hamaikak marrutik
honera iritsi haiz
justu-justu zutik;
etorri hainbestean
jarri haiz barrutik
joateko pagatu
behar duk larrutik.

Horrela mintzatzeko
ez al daukak lotsik?
Nik ez dit ordainduko
bero eta hotzik.
Indako propagandakin
egon haikek pozik
guregandikan ez duk
kobratuko sosik.

Atamitxeko giroa guztiz euskalduna zen, noski; baina bazen langile bat, Jose Penela, galiziarra zena eta Mitxelenaren min handienetakoa zen hark euskaraz ez jakitea. Ez omen zuen etsi hura ere euskaraz entzuten hasi zen arte. Arrain bakoitzari puntua hartzen ere berak erakutsi omen zion.

Jaten ematen ez ezik, jaten ere parerik gabea behar zuen Mitxelenak. Ikaragarri gozatzen zuen asko eta ondo janda eta edanda. Bazkalostean bertso ederrak kantatzen zituen trukean. Behin, Lesakako Antonio pilotaria ostatuko atetik sartu ahala puntua jarri zioten:

Aspaldian jan al duk
erbi gisatua?

Orain ere urdaila
zaukat haizatua.
Ekartzen baldin baduk
ondo gozatua
bertsotan famatuko dit
hire ostatua.

Leku ederra zen bertsotarako Atamitx, baina ostalaritza lanbide lotua izaki, bere bertso karreran eten nabarmena eginarazi zon Mitxelenari jatetxeak. Hango lanak amaitutzat eman zituenean  plazetara itzultzeko gogoz zebilen, baina bertsolaritza dezente aldatuta zegoen ordurako eta osasunez ere oso makal zegoen.

Bikoteak

Familiatik zetorkion zaletasuna Iturriotz auzoko bertsolariari. Aitona eta osaba bertsolariak zituen.  Gazterik ezkondu zen Victoria Moneo Yanguasekin. Ez zuten ondorengorik izan, ezin baitzuten mundura haurrik ekarri. Behin halaxe aitortu zion bertso batean Uztapideri:

Nik hartu nuen andrea ez da
emakume aldrebesa
baina famili izate hori
guretzat ez da erreza.
Bien artean eginda gaude
zin-zinetako promesa
aingerutxo bat sortzen badugu
oinez joateko Lurdesa.

Bertsotarako plazak asko ugaldu ziren garaia egokitu zitzaion Mitxelenari. Ez zen Uztapide eta Basarriren mailakoa, baina denentzat adina bertso plaza baziren garai hartan.

Bertsokide ohikoak izan zituen Lexoti eta Kosme Lizaso. Lizaso eta Mitxelena bertsotara askotan joan ziren elkarrekin. Nafarroara oso maiz. Mitxelena eta Lexotik, berriz, bertso bikotea ez ezik apusturako idiarekin ere tratua bazuten. Lexotirena zen Mutxatxo izeneko idia eta Mitxelenak jartzen zuen apustuetarako dirua. Xabier Amurizak dio, hala ere, Mitxelenari ez zitzaiola gustatzen Lexotirekin bertsotan jardutea. Elkar ondoegi ezagutzen zuten, antza… Bertsoetatik aparte ere maitasun handia zioten elkarri. Lexoti ospitalean egon zen boladan, Mitxelenak maiz egiten zion bisita. Osatu zenean, gaiaren inguruko saioak ere egin zituzten:

Lexoti honek pasa omen du
oso min klase luzea
e(g)oteko martxaz apenas dagon
oraindik ere asea
Gandul guztien txapeldun dago
alfer ta erdi pasea
eta sendatzen ez da erraza
honek daukan min klasea.

Neri alferra esan ta horrek
ustez egin du grazia
bera’re ofizial ona ez dela
denok dugu ikusia.
Alferrak mina berekin dula
haiz kontatutzen hasia
hik ordun minez pasa beharko duk
hire denbora guzia.

Beste bertsolarien aldeko lanak ere egin zituen. Kaxkak kontatzen du Mattinen omenaldia antolatzeko langungarri izan zitzaiela oso: “Hark eraman ninduen bere etxera nire asmoen berri eman niezaion, eta urtero bertsolariek Donostian egiten zuten bazkarira ere eraman ninduen, bertsolariei omenaldirako deia egiteko aukera emanez”.

Akatsak eta bertuteak

Bertso luzeen zalea zen Mitxelena, baina puntu asko dituzten bertsoek oin asko izaki, potozale amorratua era bazen. Gaur eguneko errima sistema apur bat estandarizatua dago, baina garai hartan askok egiten zituzten potoak akats nabarmen kontsideratu gabe. Hona sagardoari buruzko bere bertso batzuk, errima behatzeko:

Garai bateko gure
sagardo eztiak
herri hontan galduta
dauzkagu guztiak
orain ezin ibili
sagardoz bustiak
zahartu diradelako
lehengo sagastiak.

Gaur askorek ez daki
Oiartzun hau zer zen
sororik ontxuena
sagasti izaten zen
ia ate guztitan
saltzen egoten zen
sagardorik ez zuen
etxerikan ez zen.

Azken hitza errepikatzea zilegi da bertsotan, aurreko silabak errimatzen badu. Mitxelenak maiz samar errimatzen zituen bi, hiru edo lau oin, hitz berarekin. Halako bertsoek badute halako indar berezi bat, normalean esaldia modu berean osatzera eramaten baitu horrek bertsolaria. Hona San Estebani jarri zizkion bertsoetan lehena:

Apostoluak ikasleakin
egun batez bildu ziren
Ebanjelio santua nonbait
zabaldu nahian baitziren.
Berak bakarrik lan hortarako
ailegatu ezin ziren,
San Esteban ta beste sei gizon
aukeratuk izan ziren.

Ahalik eta hoskidetasun gehien bilatu nahian egiten ote zituen potoak? Egia esan, baditu hoskidetasun aldetik mimatutako bertso asko ere. Honako hau Uztapide eta Lizasoren ondotik kantatutako bertso bat da, kanta zaharren eta bertsoen ingurukoa:

Lehengo ta oraingo danengatikan
ni mintzatuko nintzake
garai bateko bertsoak hortxen
gordeta daude giltzape;
baina oraindik indar daukate
lehen zaharraren hitzak’e
ta Oiartzun zer genuke, jaunak,
bertsorik ez balitzake.

Txomin Agirrek idatzi zuenaren arabera, bertsolari ona zen Mitxelena, baina hobea izaterik izango zukeen hain berezkoa zuena landu izan balu. Saioa zenbat eta luzeagoa, orduan eta hobeto jarduten zuen horietakoa omen zen.

Txapelketetan lehian

Akatsak akats, sekulako palmaresa batu zuen Mitxelenak. Gipuzkoako txapeldunorde izan zen 1959an, txapeldun 1962an eta hirugarren postuan sailkatu zen 1964an.

1960ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian seigarren egin zuen, bosgarren 1962an eta laugarren 1965ean. 1980an txapelketei berrekin zitzaienean itzuli egin zen Mitxelena, baina osasun arazoak medio utzi egin behar izan zuen. Txapelketetan kantatu zalea zen Mitxelena; eta, bere osasunagatik kezkatuta, ingurukoek konbentzitu behar izan zuten utz zitzan.

Bertsolari garaikideekin alderatuz, doinu luzeetan jarduteko erraztasuna zuen oiartzuarrak. 1959ko azaroaren 8an Eibarko txapelketa jokatu zen. Euskaltzaindiak antolatu zuen eta haiek hautatu zituzten bertsolariak: Uztapide, Lasarte, Zepai, Lizaso, Mitxelena eta bi Agirre (Txomin eta Joxe). Alfontso Irigoien izan zen aurkezle eta Txomin Agirrek dio Mogeli buruzko bederatzi puntuko bana botatzeko agindu ziela. Bertsolari gehienak moldeagatik kexatu eta nahi zuten neurrian kantatu zuten, baina Mitxelenak bederatziko hauxe bota zuen:

Eibar aldera, jaunak,
bildutzeko geunden
festa bat egin behar
zelako hemen.
Euskeraren zaletan
askotxo baikeunden
galdu xamartu baina
ez da galdu arren.
Zer indar dakarren
begiratu arren
egin zagun aurren
gero zer datorren.
Holako festak e(g)iten
dira Eibarren.

Erraztasun handia zuen doinutarako garaiko inguruan kantatzera ohituta baitzegoen. Hala ere, beste bertsolariek ezezkoa eman zuten eta horrek zer esana piztu zuen. Lekuonak aipatzen zuenez, ez zen diplomazia bere indargunea…

Ika-mikak oholtzan

Oholtza gainean momentu beroen protagonista ere izan zen Mitxelena. Kaxkak kontatzen duenez, garai bateko bertsolariei “berdin zitzaien ondokoa umiliatzea; haien mentalitatea ondokoa azpiratzea zen”: “Amurizaren aurretik horrela zen bertsolaritza. Helburua ez zen saio eder bat egitea. Aurkaria menderatzeko borroka bat zen bertsolaritza, askotan”.

Behin, Arantzazuko egutegian bere argazkirik agertu ez zelako kargu hartu zion Basarriri. Juan Mari Lekuonak dio 1955eko saio hartan bezalako tentsiorik ez zuela inoiz ikusi. Garai batean, orain baino gehiago, saioa antolatzen zuenak bertsolari batengana jotzen zuen saioa antolatu nahi zuela-eta, eta bertsolariak hautatzen zuen gutxi-gehiago egun horretan kantakide zein izango zuen. Basarrik kudeatzen zituen bertso saio asko eta Mitxelenari ez zion deitzen, antza, berak nahi hainbestetan. Mitxelenak sentitzen zuen Basarrik baztertuta zeukala eta aurrez aurre esan zion sentitzen zuena.

15 urtean ez zuten plazan elkarrekin kantatu gertaera haren ostean. Kosme Lizasok jasoak agertzen dira polemika eragin zuten bertsook segidan, Mitxelena hasita:

Oiartzuarrak San Esteban hau
dugu herriko zaindari,
bere birtutez danen aurrean
hastera noa kantari.
Lehendabiziko arratsalde on
herriko alkate jaunari
eta ondoren nere bertsoak
entzuten dauden denari.

Oiartzunera ni etorritzen
ohitua nintzen gaztetan
eta gai hontan danen aurrean
hastera noa hizketan.
Aurten deirikan ez zegola ta
egondua naiz kezketan
eta azkenik gertatu gera
San Estebango festetan.

Bertsolarien artean dago
oso gauza itsusia
begien bista ederra eta
elkar ezin ikusia.
Basarri jaun hau izango balitz
jardin bateko na(g)usia,
lore onari zainak moztuta
indartuko zen sasia.

Kulpikan gabe hau entzuteak
ni jarritzen nau kezketan
zuri gaitzikan egin gabe
oraindik nere ustetan.
Kontu horiek ez al zegoen
esate(r)ik hemen bestetan
Okasioa jartzera al zatoz
zure herriko festetan?

Okasioa zergatikan den
orain esango dizut nik
Arantzazuko rebista hori
daukat ondo ikusirik.
Han buru asko azaltzen ziren
baina ez zegon nirerik
zer uste duzu Oiartzunean
eztala erretratorik?

Beraz, Oiartzun, gauza horrekin
zaude oso sentitua
nike kanpora bota nahi nuke
barrengo ezin kabitua
Danen aurrean galdu nahi duzu
Basarriren kreditua
nire kulpatzat jotzen al duzu
fraileek eskribitua?

Atamitx, eta txapelketak

Gazteak bertsotan probatzea gustatzen zitzaion eta Joxe Mari Iriondok dio Xabier Amuriza ere neurtu nahi izan zuela.  Ez zen, bere garaiko bertsolari askorentzat bezala, bat-bateko bertsolari peto-petoa eta ez zuten espero 80ko txapelketa hartan gailenduko zenik. Amurizak, ordea, sekulako erakustaldia eman zuen.

Mitxelenak Iriondori kontatu zionez, Amuriza Oiartzuna bertsotara etorri zen batean hura “probatu” behar zuela erabaki zuen Iturriotzekoak, eta, gelditu gabe, bertsotan hasi zitzaion. Mitxelenaren esanetan: “Han gelditu huan (Amuriza) jotako idiak bezala, gora begira”. Iriondok susmatzen du Mitxelenak erritmoz ikaragarri estutuko zuela Amuriza, baina akaso halamoduz errimatuko zituela bertsoak… Amurizak berak ere gogoan du pasarte hura. Bazekien Mitxelenaren asmoen berri eta luze jardun omen ziren, entzuleak aspertzeraino ia. Saioa bukatutzat eman eta autorako bidea hartu zuen Amurizak, baina Mitxelenak atzetik segi omen zion oinez, artean ere bertsotan: Amurizak aipatu omen zion, behin horretara ezkero, entzulerik ere ez zutela eta bera azpiratuta ere nork entzunik ez zuela izango, eta autorantza segi omen zion.

Isildu zen Mitxelena eta isildu da Atamitx. Azken urteetan Ugaldetxo Kultur Taldearen gunea izan da, eta izan dira, tarteka, bertso-afariak. Hilurren dagoenaren berpizkunde gisa-edo, azken Txapelketa Nagusian Atamitxek garai bateko bertso giroa berreskuratu du. Hura izan da bertsolari askoren entrenamendu gune. Biziberritu egin da, errimaz eta erritmoz.

Honako bertso hau Kosme Lizasok Atamitxi jarritakoa da:

Hizketan ari zela
Xanpun Manuel Sein
honela zion behin:
“Hemen jan-edan onak
bazeudek behinik behin,
gainera zerbitzurik
garbiena eskein,
zazpi-zortzi neskame
denak zein baino zein”.
Garai hartan Atamitx
ez zen ez edozein.

Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur
Mitxelena eta Atamitx, bi agur