Txapelketen historia: 1980. Anjel Mari Peñagarikano

2018-02-01

Txapelketen historia: 1980. Anjel Mari Peñagarikano –

1980ko urtarrila zen, guretzat ilbeltza

 

TESTUA: ANJEL MARI PEÑAGARIKANO
ARGAZKIAK: XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

 

Txapelketen historia: 1980. Anjel Mari PeñagarikanoHogeita bi urteko mutil gaztea nintzen, errex esaten da! Oso kirolzalea sentitzen nintzen, gainera, ez kirola jarraitzen nuelako soilik, kirolean ere dexente ibilia nintzelako baizik. Trebezia handiegia ez beharbada, baina saiatua bai.

Debutatu berria nintzen bertsotan, hilabete aurretik hain justu ere. Esan beharra daukat, ordea, bi urte lehenago Zarauzko Zinema pilotalekura debutatu asmotan joan, eta debutatu gabe etxeratu nintzela. Holakoxe koldarra nintzen, gero lotsagabe fama jarri bazidaten ere, begira nola diren gauzak.

Magnetofoia eskuetan geneukala joan ginen Karmelo Baldara, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken saiora.

Han zeuden oholtza gainean zortzi bertsolari. Bat baino gehiago gure jaiotetxean izanak, Albizturko ostatuan. Han ezagutu nituen batzuk.

Amuriza, Azpillaga, Enbeita, Etxeberria, Garmendia, Gorrotxategi, Larrañaga eta Xanpun.

Denek harritzen baninduten ere, bazen bat halako zirrara sortu zidana aurreko saioetan: Amuriza. Final erdietan aparteko zerbait azaldu zuen, nire ustetan behintzat.

Hasi da saioa, bada bertso ederrik… eta elkarren teman, hasera-haseran, berriz ere harritu egin ninduen gizon horrek (apaiz bizkaitarra zen askorentzat). Bata, Garmendia, kaiolan zegoen txoria zen, eta Amuriza, kaiolan pausatu zena,

Txori bat preso kaiolan eta
ni bakearen usua,
bihotz-bihotzez eskeintzen dizut
libertadeko musua.

Txomin Garmendiak oso ondo segitu zion, eta hurrengoan Amurizak:

biok batera joan gintezke
laguntxo basorik baso,
edo bestela nik ere nahi dut
zurekin gelditu preso.

Geroxeago, bakarkako gaia: “bihotzean min dut”. Bertso hauekin maitemindu nintzen Amurizaz. Esaten zuen hitz bakoitza barruraino sartzen zitzaidan:

“Sentimendua nola dugun guk haize hotzeko orbela”

“Bihur bekizkit esteak harri hori ez bada horrela”

“Zer koloreko airea ote da gizonaren samina”

                                                                                              eta abar…

 

Gizon haren mezua zerbait desberdina zen, inori entzun ez nion zerbait entzuten nion, zerbait apartekoa barneratzen zidan, zerbait magikoa zen, orain azaldu ezin dudan zerbait, nahiz eta ahaleginak egin. Txikitan Iribar haundia (umetan nire jainkoa) ikusita izaten nituen sentsazio eta sentipen berberak nituen, magia zen, gizon hura ez zen besteak bezalakoa, desberdina, olerkaria? Poeta? Mezularia? Profeta baten kutsua hartu nion. Ez zen bertsolaria soilik. Txundituta utzi ninduen.

Eta, gero, arratsaldean, inoiz inon entzun gabeko doinu hartan hasi zenean…

“Gai horrek badu mamia baldin ez banago gor”

Pilotalekuko eta nire bihotzeko isiltasuna haren hitzek hausten zuten, esaldi bakoitza magia printza bat bezalakoa zen, izarren dirdir tanta bat, nire esku inoiz egongo ez zen zerbait.

Saioa amaitu zenean, nire ondoko gizon bati galdetu nion: Zer? Zeinek irabazi du? Bada… goizekoa ta arratsaldekoa, bi saioak entzun eta gero… apaizak, aisa!

Eta ni, apaizaz maitemindua.

Eta aitortu beharra daukat (hau kontrastea), etxera bidean tristura puntu bat sentitzen hasi nintzela, inpotentziaren eragin nabarmena. Mutil debutatu berri hura bere buruarekin lotsatzen hasi zen pittin bat, lurretik eguzkira adinako distantzia sumatu izan balu bezala gizon harengandik bereganaino. Berari ez zegokion maitemina ote zen bada? Inoiz bertsolari izatera ez ote zen iritsiko iritzi zion bere buruari momentu hartan. Ai! Handik hiru urtera leku berean eta berarekin izango zela esan izan baliote!

Barka iezadazue beste bertsolariez mintzatu ez izana, haiek ere egin zuten beren lana, eta geroz hamaika saio egin dugu elkarrekin, baina Amurizak txapela etxeko iltzean zintzilikatu zuen egun berean iltzatu zen nire bihotzean izen handi hura. Haren hitza zen ni harrapatu ninduen amua. Geroz, txantxetan inoiz inoiz esan izan diot XABIER AMUHITZA.

Hauxe izan zen nik betirako gogoan hartu nuen txapelketa.

Txapelketen historia: 1980. Anjel Mari Peñagarikano