Txapelketen historia: 1982. Andoni Egaña

2018-02-02

Txapelketen historia: 1982. Andoni Egaña –

Testua: Andoni Egaña
Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

 

Txapelketen historia: 1982. Andoni Egaña1980.eko Euskal Herriko Bertsolari txapelketaren ondorioz bertsozaletu nintzen. Ez nuen  egun hartan Baldara joaterik izan. Futbol partidua neukan plaieroetan, eta Zarautzen, garai hartan eta guretzat behintzat, sakratua zen hori. Bi igandez behin utzi ezineko zerbait. Baditut biharamuneko oroitzapen arrastoak. Euskal Filologia ikasle nintzen E.U.T.Gn eta gelakideren batzuk izanak ziren Baldan eta haien kontuak entzuten egon ginen atsedenaldi batean. Fredi Paia jaio zen egunean, 81eko udaberrian, hartu nituen maileguan herriko liburutegitik hiruzpalau bertso liburu oraindik nire apalategian daudenak. 82ko irailean eman zidaten jaioterrian bertsolari ”novel”entzakoa izaten zen Lizardi saria. Horregatik, 1982ko Txapelketa Nagusia garrantzitsua izan zen nire bertsolari izan nahian. Finalera ez ezik, final aurreko saioetara ere joan izana dut akorduan. Gernika, Idiazabal eta Durangora  bai behintzat.

1982.eko Txapelketa hura izan zen Euskaltzaindiak antolatu zuen azkena. Bazen bertsolarien artean ezinegon bat, txapelketa orok sortzen duena baino handiagoa. Izan ere, Txapelketa honetara sailkatzeko, antolakuntzak “A” taldea eta “B” taldearen arteko bereizketa egin zuen. Ez dakit zehazki zein irizpideren arabera egin zuten sailkapena, eta ez noa hankarik sartzera. Gaurko begietara, izendapena bera – batzuk A eta besteak B- egiten da aski gogorra. Kontua da, “B” taldeko bertsolariek kanporaketak jokatu zituztela udaberrian, eta 30 bertsolaritatik 6 hautatu zituztela udazkenean  “A” taldekoekin bat egin eta txapelketaren azken fasea jokatzeko. Mikel Mendizabal, Otaño, Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Altuna eta Telleria izan ziren “B” taldetik hautatuak. “B” taldeko partehartzaileen zerrenda irakurtzeak barre-murritxen bat ohosten digu gaur egun: Koldo Tapia, Jon Aurre, Santurtzi, Altzo, Deunoro Sardui, Joxerra Etxebarria, Mañukorta, Kaxeta… Bertsolarien askotariko perfila ez da egungo kontua. Aspalditik dator. Hori bai: partehartzaileen artean ez zen emakumerik.

Gogoan dut Gernikako saioa entzutera joan ginela 82ko udazken hartan. Goiz eta arratsaldeko saioa zen eta hamaika bertsolari. Ez dakit nola moldatu ziren saioaren egituraketa juxtu eta zuzena osatzeko. Gogoan dudana da, neska-laguna eta biok joan ginela. Nonbait bazkaldu behar eta autoa hartu eta Mundakara jo genuen. Han, jatetxe bat aurkitu eta barrura jo genuen. Sartu orduko jabetu nintzen ez zela nire patrikaren neurrikoa. Baina atzera irtetera ere ez ginen ausartu eta…eskuineko zutabeari begira aukeratu behar izan genuen menua.

Bestalde, Gernikako saio hartan ziren kantari azken hamabost urtean txapelketan parte hartu gabeko bi bertsolari, 80koan ez baitziren joan: Jon Lopategi eta Imanol Lazkano. Berrogeitasei-zortzi urte zituzten eta niretzat gizon erraldoi ziren, imitatzen saiatu beharreko eredu. Plazaz plaza urteetan zehar eman zuten maila izugarria zen… Banuen, txapelketek sortu ohi duen jakinminaz gaindi, ikasteko grina bat nire bururi betirako opa niokeena.

Nire oroitzapen izpiak askotarikoak dira. Esaterako, gogoan dut txapeldun zen Xabier Amuriza finalerdietan hasi zela, Idiazabalen. Eta egun hartatik gogoan dut baita ere, puntukako saioan Sebastian Lizaso eta Xanpun nola hasi ziren, bakoitza bere errimari eutsiz. Gaia: biek praketako botoiak falta zituzten…

LIzaso: Brageta zabalikan, gure kalterako

Xanpun: xixa pikat ein det ta ezin diadet aztu

Lizaso: Xanpunek hila dauka ez da aterako…

Xanpun: ez ote da hastean noizean behin justu.

Epaileek, Joxe Mari Aranalde, Anton Aranburu, Jesus Mari Etxezarreta, Alfontso Irigoien, Mitxel Itzaina, Emile Larre, Abel Muniategi eta Antonio Zavalak, izango zuten aski lan!. Hurrengo bertsoetan elkar hartu eta ohiko moduan egin zuten puntukako ariketa.

Durangoko saioaz gogoratzen naiz Altuna bertsolari azpeitiarra berandu iritsi zela oso. Ordu erdi edo. Eta nola aurkezleak, ez dut gogoan Joxe Mari Iriondo edo Juan Inazio Intxaurraga zen egun hartan, Altunaren zain egon beharko genuela jakinarazi zigun. Altuna izan zen, 82ko udazken hartan, bertso-lagun izan nuen lehen “semifinalista”. Ibilbide laburra egin zuen bertsogintzan. Durangoko saio hark nire eredu nagusi zen Xabier Amurizari disgustoren bat ekarri ziola ere ez dut ahaztua. Anjel Mari Peñagarikano eta biak gordin samar aritu ziren nonbait temako saio batean eta Amurizari laguntzat edo hurbilekotzat zeukan hainbatek, kritikak egin zizkion ikuspegi feministatik. Ahoa maiz zabaltzen dugunon arriskuetariko bat…

 

Finalean han nintzen Carmelo Baldan. Nontsu ere esango nuke, lerroren bat eta hamar-hamabi esertoki gora-behera. Non bazkaldu genuen ez dut gogoan. Zortzi bertsolariak irten eta lehenengo pentsatu nuena izan zen, Peñak zorte handia izan zuela Millan Telleria finalera sailkatu ez izana. Finalerdietan biak jertse igualarekin azaldu ziren eta ez zen kolore arrunteneko jertsea… Lau gipuzkoar – Lazkano, Sebastian Lizaso, Peñagarikano eta Txomin Garmendia- hiru bizkaitar – Amuriza, Lopategi eta Jon Enbeita- eta Jon Azpillaga ziren zortzi hautatuak.

Erne entzun nuen saioa eta gustura egon nintzen. Arratsaldea aurrera, kartzelako bakarkako gaia heldu zen. Egungo talaiatik begiraturik, harrigarri egiten da gaiaren zabaltasuna eta emateko modua. “Hemen duk, Txomin, hiru bertso kantatzeko gaia. Gai haundi eta ederra: emakumea”. Banan bana hartu eta bertsolarien erantzunak ere ematen du zer pentsatua.

Bukatu zituzten lanak. Baina inork ez zekien desenpaterik bazegoen edo ez. Eta protokoloak bete zuen jakin arteko tarte luzea. Partehartzaile guztiak, “A” eta “B” taldetakoak igo ziren oholtzara, ia hirurogeitamar lagun, Euskaltzaindiaren domina bana jasotzera. Egin ziren eskerremate, aurkezpen, finalista ez zirenei sariemate eta gainerako guztiak. Realak eta Athletikek bana egin zutela ere jakinari zigun Joxe Mari Iriondok… Eta orduan jakinarazi ziguten, ez dakit bertsolari biek lehenxeago jakin zuten edo ez, desenpatea zegoela. Parafernalia guzti haren ondotik bertsotan berriz hasi baino nahiago!. Tokitan egongo zen Lopategi eta Amurizaren kontzentrazio punttua!.

Ez zitzaien gehiegi sumatu. Teman telebista kateei buruz aritu ziren. Eta Euskal Telebista aldarrikatu zuten. Behingoz norbaitek bertsolariei jaramon egin eta handik hamabost egunera abian zen. Bakarka hiru bertso bikain bota zituen Lopategik “mainontzi”ren neurrian eta beste hainbeste egin zuen Amurizak gerora “naufragoarena” bezala ezagutu izan dugun doinuan.

Xabier Amurizak bigarren txapela lortu zuen. Baldako irteeran Inazio Iguaranekin egin nuen topo. Hiru hilabete lehenago lehiakide izan ginen “Lizardi” sarian eta ordutik genuen ezagupidea. Beñat Iguaranen aitak, oholtzaranzko buru-keinu bat egin eta “noizko horrea?” galdetu zidan. “Lekutan ziok” erantzun niola gogoan daukat.

Lekuak denborak hurbiltzen eta urrutiratzen ditu. Handik hiru urte pasatxora, 1986ko martxoan, han nintzen oholtzan. Bertsolariok hartu genuen txapelketa nagusia antolatzeko ardura. Bertsolari Elkartea eta gero Bertsozale Elkartea izango zena sortzen ari zen…Ia dena aldatu genuen finaleko oholtzaren atzekaldeko alfonbra salbu.  “Acaro” hitzak zer esan nahi zuen ez genekielako ez genion alergiarik atzekaldean zintzilikatzen zuten alfonbra mitiko granate hari. Gorria al zen? Joder!. Orduan eta okerrago!

Txapelketen historia: 1982. Andoni Egaña