Txapelketen historia: 2005-2009. Iratxe Ibarra

Txapelketen historia: 2005-2009. Iratxe Ibarra –

Lau urtekoa

 

Testua: Iratxe Ibarra
Argazkiak: Bertsolari Aldizkaria

 

Legegintzaldi bateko datak ematen badute ere, Bertso Txapelketa Nagusietakoak dira.

Bertsolari aldizkaritik deia jaso ostean, zalantzan geratu nintzen. Entzule lez 2000-13 bitarteko txapelketa bat aukeratzea ia ezinezko egiten zitzaidan, eta, kostata, azkenean, bi aukeratzea erabaki dut… Zergatik hautatu ditudan bi horiek? Beharbada, hamarkada horretan entzule moduan gehien sufriarazi eta gozarazi zidatenak direlako.

Txapelketen historia: 2005-2009. Iratxe Ibarra2001ean, hasiak ginen aldaketak nabaritzen bertsokera batzuetan. Bakarkako bertsoaldien tratamenduan, adibidez. Nork ez ditu gogoan Maialenen Himalaiako bertsoak edo gurpildun aulkitik bota zituenak…

2005ean, beste bertsolari batzuengan ere nabaritu genuen joera hori, eta gero eta bakarkako lan landuagoak eta distiratsuagoak entzutera ohitzen hasi ginen.

2005eko eta 2009ko txapelketetako finalerdi eta finaletan dezente gozatu eta sufritu nuen (bai, sufritu ere bai). Eta, memoriari tiraka hasi naizenean, jabetu naiz ia oharkabean neure belaunaldiko bertsolariei bultzaka ibili izan naizela entzule egon naizen azken txapelketetan. Eurekin gozatu eta sufritu dudala gehien, alegia.

Esate baterako, ez daukat ahazteko 2009ko Iruñeko finalerdia. Aurre-aurreko ilaratan jarrita geunden Iturriagari bultzaka, finaletik kanpo gera ez zedin. Gasteizen bere ohiko mailan aritu ez, eta garesti samar zeukan txartela, baina lortu zuen…

Elortzak ez zuen zorte bera izan Gernikako finalerdian, han ere bultzaka ibili ginen arren. Urrun samar kokatu ginen, nonbait, oholtzatik, eta gure gogo-bultzadek indarrik ez haraino heltzeko.

Gure lagun batzuek ere ez dute ahaztuko egun hura. Gernikako finalerdian, Unai eta Igorren lagunek euren aldeko pankarta eman zieten biharamunean Iruñera eroateko. Altsasun afaldu eta gau erdian Zuasti parean kontrol batean gelditu zituzten. Maleteroa zabaltzeko esan eta “Aupa Igor eta Unai” pankarta bertan, izar gorri eta guzti. Izar gorriak susmoak biztuta, ea hori zer zen eta ea Igor eta Unai nortzuk ziren galdezka hasi zitzaizkien guardia zibilak, ongietorriren bat antolatzen zebiltzalakoan edo. Txapelketako eskuorriak aterata eta Gu ta gutarraken diskoko izar gorria erakusten ibili ei ziren, estu. Kotxearen jabeari “A usted, la próxima vez la llevo detenida” esan omen zioten. 

Urte hartako finalean bertso antologikoak entzun genituen sentsazioa neukan: Unairen dutxako bertsoak, Maialenen bakarkakoak, eta zelan ez, Maialenen eta Ametsen arteko buruz burukoan entzun genituenak, tartean batak zein besteak suari kantatutakoak.

Txalometroari erreparatuta, Unairen dutxakoek ez zutela behar beste jaso begitandu zitzaidan. Arriskua hartu baitzuen biderik zailena hautatzean. Txalorik errazenak (eta ziurrenik oparoenak) biktima paperak emango zizkion, baina bide errazari uko egin eta zailetik ere oso ondo atera zen. Eskertzen dira horrelako erabakiak… 

Eta, amaierako agurren txanda heldu zenean, ia-ia hasieratik kokatu zitzaidan malkoa begi ertzean eta amaitu arte hantxe, kieto… Ez daukat gogoan beste finaletan hainbeste hunkitu izan naizenik: txapela buruz aldatzea, horrekin batera genero eta belaunaldi aldaketa, Andoniren  despedida… Osagai asko batu ziren finala emozioz beterikoa izan zedin.

2005eko txapelketa urrunago –eta beraz, ahaztuxeago- daukadan arren, finalerdietako saio batzuk ondo gogoan ditut. Unaik poliziari eta Igorrek itsasoari begira kantatutako bakarkakoak iltzatuta dauzkat memorian. Igorrenak zuzenean entzun nituen, Donostian. Gogoan daukat saioa amaitu ostean bertsokide batek esan zidala edadeko gizon batek hori ez dela bertsoa komentatu zuela. Bueno, poesiatik bazeukan, baina bertsoak ziren, eta oso onak, gainera. Nik alboko lagunari begiratu niola daukat akorduan, “poesixi eitten dabil” esanez, eta “kabroie!” erantzun zidala lagunak, inbidia sano bete-betean. Kontua da doinu berria atera zuela, eta izan daiteke entzule batzuk hor galdu izana hasieran. Baina, niri oso onak begitandu zitzaizkidan lehen entzunaldian, eta bigarrenean, hobeak.

Unairenak ez nituen zuzenean entzun, baina argi dago, baineran eta dutxan, bietan moldatzen dela ondo durangarra: atestatua, koiuntura, marratxoak, bainera, berdinetik berdinera…

Amets ere hasia zen printza dotoreak uzten. Beran baserriko egutegiari botatakoak (Kandelario, kalendario, Hilario…) edo Markina-Xemeinen Jon Maiarekin egindako seiko motzeko eleganteak (eskeletua, eskaletua…) horren adibide. Saio polita egin zuten biek seiko motzean.

Markina-Xemeingo finalerdi horretan, antolakuntzan aritzea egokitu zitzaidan, eta aulkiak ipini eta kendu ibili ostean, Durangon jaialdiren bat edo zegoela eta, hara joan ginen. Plateruenako eskaileretan labain egin eta goitik beheraino jausi nintzen tragoa eskuan neukala. Kontua da ipurdiko handi samarra hartu nuela; eta, biharamunean, Gasteizko finalerdira joan eta Unairen ama egokitu zitzaidan alboan. Bere aulkia ez omen zegoen oso santu, eta nik pisu gutxiago neukala eta han neu jartzeko proposatu zidan. Ipur-masaileko beltzune eta guzti, suabe-suabe jezartzera nindoan, eta berak: “Kuriosa zabiz, gero” bota zidan. Nik, “Bai. Atzo Plateruenan eskilaretatik jausi nintzen eta baltzune edarra deuket” erantzutean, berak “Esatotset nik semiai, hareek eskilarak ez dauezela ondo!”.

Finala lausoago daukat memorian 2009koa baino. Maialenen hasierako agur dotorea, BECera egindako aldaketa eta konplexurik eza aipatuz (gu ez gera hau, denda txikiak/ saio txikiak gara gu/(…) baina hona etorri ta betetzeko/konplejurik ez daukagu), Andoniren aulkiarena (baina ezetz txikirik/behiak jezteko), eta buruz burukoa ditut gogoan. Azken honetan, bikain jardun zutelako gomuta daukat, bai Maritxu eta Bartoloren ofiziokakoan bai kartzelakoan, euskara irakasleen paperean.

Andoni eta Unai buruz burukoa jokatzen zebiltzan bitartean, gu baino bost edo sei ilara aurrerago jarrita zegoen kazetari baten irudia ere nahiko argi daukat. Andonik bertso onen bat kantatzen zuen bakoitzean (egun hartan sarri) aulkitik jaikitzen zen besoak altxatuta. Gu Unairen alde geunden, Andonik nahiko txapel bazituela eta Unaik inoiz janztekotan orduantxe izan behar zuela iritzita, eta urduri jartzen ninduten kazetariaren gora eta beheranzko mugimenduek.

Eta zelan diren gauzak: 2005eko finalean buruz burukoan egon ziren bi bertsolariak 2017ko txapelketan ez ditugu oholtzan ere ikusiko.

Testua amaitzen nenbilela etorri zait burura beste bertsoaldi mundial bat, Mendiluzek Markina-Xemeingo finalerdian jositakoa. Naufragoaren doinuan neska-lagun drogazaleari botatako bakarkakoez ari naiz: Sudurzulotik satorzulora/hilkutxa, meza, malko ta lora/ laburtuz zoaz horretarako geratzen zaizun denbora/ (…) arrisku hori merezi badu/oso ona izango da. Ala, 2001eko finalerdian izan zen hori? Bai, bueno,  tranpatxoa egin dut; 2001ekoa baita bertsoaldi hori. Baina, une hartan sentitu nuena sentituta, sartu beharra neukan, derrigor.

Barkatuko didate aipatu gabe utzi ditudan beste ale eta bertsolari on guztiek, baina ez zegoen gehiagorako tarterik. Nire belaunaldi kideei omenalditxoa egin diet nahi barik, horrelaxe atera baitzait. Eragina izango du ziurrenik plazan eurekin hasitakoa (eta hazitakoa) izateak, entrenamendu kide ohiak izateak euretako batzuk, eta zergatik ez, beste barik, garai bera konpartitu izanak. 

Txapelketen historia: 2005-2009. Iratxe Ibarra