Txapelketen historia: 70. hamarkadako etena. Antxoka Agirre

2018-01-31

Txapelketen historia: 70. hamarkadako etena. Antxoka Agirre –

70eko hamarkada: Etenari buruzko ohar batzuk eta

bertsolaritza-fikzio apur bat

Testua: Antxoka Agirre
Irudiak: Bertsolari artxiboa eta aiurri.eus

 

30eko hamarkadako txapelketetatik 60koetarako etenak ez du azalpen handirik behar. Bertsolaritzaren historiako irudi ikonikoeneko, Txirritaren 36ko omenaldiko familia argazkiko, protagonisten patuei erreparatu besterik ez dago: Aitzol (txapelketa haien ideologo eta eragile nagusia), 36ko urte berean fusilatua; Manuel Lekuona (mugimendu haren guztiaren inspiratzailea), Lasarteko etxe batean ezkutaturik 41. urtera arte, eta Calahorran deserritua 55era arte; Basarri (txapeldun lehenengoan, aurkezle nahiz epaimahaiko bigarrenean, eta eragile bietan), erbestetik bueltan Trabajadoresetan preso 45era bitarte; Joseba Zubimendi (lehen txapelketan aurkezle, bigarrengoan kronista eta, bietan, eragile garrantzitsu), erbestean gaixorik hila, 39an; Ander Arzelus Luzear (kronista eta eragile) ere erbestean gaixoturik hila, 49an; Teodoro Hernandorena ere (Aitzolen zirikatzaile nagusi eta eragilea), 66. urtera arte erbestetik itzuli gabe… Txirrita izan zen gerraren eta gerraoste luzearen atzaparretatik libratu zen bakarra, bertso saio batean, Goizuetan, 36ko Aberri Egunaren ospakizunetan, ondoezak eman eta altxamendua baino hilabete eta erdi lehenago hila.

35eko eta 36ko txapelketekin irekitako bideari Ipar Euskal Herrian eman beharko zitzaion jarraipena. Teodoro Hernandorena izan zen bertako bertsolariak bildu[1] eta 1946an Iparraldeko lehen txapelketa antolatuko zuena. 1954 bitartean beste hamahiru antolatu zituen, 1949tik aurrera Hegoaldeko bertsolari batzuen parte hartzearekin. Eta 1958tik aurrera, Euskaltzaindiak hartuko zion erreleboa Hegoaldean, eragile nagusi gisa Alfontso Irigoien euskaltzaina ibiliko zelarik. Lehen bi urteetan Bizkaikoa antolatuko zuten, eta hortik aurrera lau txapelketa nagusi, sailkapen gisa funtzionatzen zuten herrialdeetako txapelketekin osatuak. 60an Basarri izan zen txapeldun, buruz burukoa Uztapiderekin jokatuta, eta 62, 65 nahiz 67koan Uztapide, buruz burukoak hurrenez hurren Basarrirekin, Lazkao-Txikirekin eta Xalbadorrekin jokatuta.

Gerrak birrindutakoa, pixkanaka, baldintza oso eskasetan eta sekulako inurri lana eginez berreraikitzea lortu zen, bada. Lekuonak eta Aitzolek 30eko hamarkadan ereindako hazia, bertsolaritza kultur fenomeno moderno baten parametroetara egokitzea bilatzen zuena, loratzea lortu zuten 60ko hamarkadan, zazpi urtean lau txapelketa nagusirekin, eta publikoari nahiz arreta mediatikoari dagokienean arrakasta itzelarekin. Saioetako sarrerak agorturik aldiro, bertsolari gazteen balioa oholtza gainean, egunkariek azalean bertsolaritzaren berri[2], finalaurrekoak eta finalak zuzenean emanak Loiolako Herri Irratian, 67ko finala telebistan[3]

Etenari buruzko oharrak

Garai hura bizi izan ez zuenarentzat txokante samarra da txapelketen bigarren etena. Lehenengoaren motiboak begi bistakoak izan baziren, bigarrenarenak ez. Bertsolaritza puri-purian zegoen, 60ko hamarkadako euskal pizkunde indartsuaren olatua ere orduantxe ari zen gora eta gora egiten, eta lehen ahultasun zantzuak ematen hasia zen frankismoa… Baina hurrengo hamabi urteetan ez da berriro txapelketa nagusirik martxan jarriko.

Bertsolaritzaren historia osatzen duten testuetan arakatuta ez da azalpen askorik ematen. Batean eta bestean jasotako oharrekin osatu daiteke nolabaiteko azalpen bat, ordea.

Topa daitekeen lehen zantzua 67ko txapelketaren ajea da. RTVEren dokumentalean lehen planoan ikus daiteke nola Xalbadorrek listua tragatzen duen oihuek eta txistuek bertsoaren erdian gelditzera behartu zutenean. Ez zen izan une hartan trago txarra pasa zuen bakarra. Hurrengo egunetan hainbat izango dira gertaturikoagatik hedabideetan euren haserrea eta ezinegona azalduko zutenak[4]

Epaileek ere ez zuten egun gozoa izan. Txapelketa txapelketa denetik ohikoak izan dira epaileen lanaren inguruko polemika eta protestak. Urrunegi joan gabe, 62ko txapelketan ere izan zen zalapartarik, baina 67ko hartan inoiz baino oihartzun handiagoa izan zuten kritikek.

Juan Mari Lekuonak, txapelketa hartan epaimahaiko, azaltzen du bizi izandakoa: “67ko txistualdiarekin, epaimahaia nahikoa erreta geratu zen. Herria konturatu zen Xalbador bertsolari aparta zela eta saiatu zen eskuratzen, oso ongi saiatu. Inor baino maitatuagoa izan da gero Xalbador hemen. Erreta juradua gelditu zen. Bestetik, pixka bat nekatua ere bazegoen, ikusten zuelako herrian-edo bazegoela deskontentu-modu bat” (Dorronsoro-Lekuona: 22)[5]. Eta txistuak ez zirela Xalbadorrentzat izan dio, ezta epaimahaiarentzat ere, antolatzailearen, Euskaltzaindiaren, aurka egin nahi izan zela nolabait; txapelketa hasi aurretik ere hasita zeudela batzuk bazterrak nahasten (Esnal: 87)[6].

Lekuona baino gordinagoa da Jesus Mari Etxezarreta Izazpi txapelketen historiari errepasoa egiten dion Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak liburuan: “Nolabait ere Euskaltzaindiaren eskutatik bertsolari txapelketa kentzea zen kuestioa…! Eta naiko arazo ezkutuak erabiliaz lortu egin zuten, bertan bera txapelketa guziak utziaz eta Euskaltzaindia baztertuaz” (Etxezarreta: 242)[7].

Bai batak eta bai besteak 1968ko otsailaren 4an eta 11n Piensos Onenaren babesletzarekin egin zen Onena Sariketa seinalatzen dute. Gero, horren antolakuntzan ibili zirenak, Oñatibiatarrak aipatzen ditu Etxezarretak, izan omen ziren 67koari kritika gehien egin ziotenak: epaimahairen erabakiak ez zirela gardenak (68ko sariketan jendaurrean eman zituzten puntuazio guztiak bertsoz bertso), sariak eskasak zirela (Onenak garaiko 100.000 pezeta jarri zituen irabazlearentzat), bertsolari garrantzitsu askok ez zutela parte hartzen[8]

67ko finalean epaimahaiko ez ezik aurkezle lanetan ere aritu zen Alfontso Irigoienek gordinago (edo gardenago) azaltzen du Lekuonak edo Etxezarretak baino: “PNVko batzuk, izenak ez itzazu jarri, posibilitatea ikusi zuten txapelketen ingurutik dirua lortzeko. Hauek zeharka Lekuonaren baimenarekin txapelketa bat egin zuten gure sistematik kanpo. Bertsolari onenekin bakarrik. Gurea moztuta gelditu zen. Gero beraiek ere ez zuten jarraitu eta gu baztertuta gelditu ginen. Ez dira kontatzeko gustoko gauzak. Alderdikeriaz jokatuta, hobe usteko bat egin zuten, goi mailako bertsolariekin, sari haundiekin. Diru asko irabazi zuten antolatzaileek. Zenbait bertsolari irabazi horien kontra gogor mintzatu zen (…)” (Sarasua: 14-16)[9].

Berriro abiarazi ezinik

1968ko otsailaren 2ko El Diario Vascok Escriben los lectores atalean, sinadurarik gabeko testu bat dakar, Sobre bersolaris: “Nos escribe un lector algo alarmado. “Veo anunciado, ya próximo, el “1 Gran Premio de Bersolaris”. Tras el éxito de una cafetería, viene siempre la apertura de otra similar (…) pienso que los antiguos organizadores de los campeonatos de bersolaris no se van a atrever a montar un quinto campeonato, dada la diferencia de premios (…) Interesaría una explicación. ¿Ofrece continuidad este “gran premio? ¿Supone lo que se organiza mayor ventaja? O ¿mayores inconvenientes? // Es un poco extraño el concurso que se nos anuncia: se elige a los participantes a dedo. Hasta ha habido que convencer y sujetar la musa de un poeta. La forma del anuncio parece indicar que todo el bersolarismo depende de un hombre, lo cual puede injuriar no sólo a los demás participantes, sino a los bersolaris en general. ¿Se puede pensar que ya el vencedor está preseleccionado”.

Irakurleak aipatzen duen zurrumurruak indar handia izan zuen egun haietan: Basarrik irabaz zezan antolatu omen zen sariketa. Izatez, bere baiezkoa eman arte ez zen konfirmatu sariketa egingo zenik. Txapelketei ukoa eginda, honako hau sariketa zelako, eta ez txapelketa, erabaki omen zuen parte hartzea[10].

Zurrumurruak ez zuen erabat asmatu. Xalbadorrek sekulako saioa egin eta biak, Xalbador eta Basarri, eman zituzten garailetzat. Gainerakoan, ordea, nahikoa zuzen zebilen irakurlea.

Bertsolarien ukoak zirela eta ez zirela, epaimahaikoen erabakiak zirela eta ez zirela, saioen antolakuntzatik ateratzen ziren diruak norentzat ote ziren edo ez ote ziren… giroa nahikoa saturatuta zegoela ikus daiteke, eta, itxuraz behintzat, nekea gailendu zen.

Hala ere, egon zen hurrengo urteetan saiakerarik egin zuenik. Lehenengoa, nola ez, Teodoro Hernandorena. Prentsan epaimahaiaren osaketa eta epaiketarako irizpideen inguruan arauketa oso xehetu eta landua argitaratu ondoren, Iparraldearen eta Bizkaiaren arteko taldekakoa antolatu zuen, hiru saiorekin: Saran, 68ko maiatzean, lehenengoa; Parisen, 69ko abenduaren 3an, bigarrena; eta Gernikan, 1970eko urtarrilaren 3an, azkena. Bizkaitarrek, Azpillaga eta Lopategik, irabazi zuten.

Herrialdekako bigarren bat ere antolatu zuen jarraian, Gipuzkoa, Bizkai, Lapurdi eta Nafarroaren artean. Horrek ere hiru saio izan zituen: Leitzan, 70eko apirilaren 26an; Bergaran, maiatzaren 3an; eta Gernikan, maiatzaren 10ean. Gipuzkoarrak, Lazkano eta Gorrotxategi, izan ziren garaileak.

Hortik aurrera ez zion segidarik eman. Lasak bi hipotesi aipatzen ditu Hernandorenaren erretiroa azaltzeko (Lasa: 876). “Bata, Teodorok uste sendoa edukitzea Euskaltzaindiak berehala indartuko zuela Txapelketa Nagusiaren dinamika, eta beraz, bera bezalakoen ahalegin antolatzaileak ez izatea premiazkoak. Ez zen harritzekoa Teodoro uste horretan egotea, izan ere, 1970az geroztik maiztasun handiz zabaldu ohi zen Euskaltzaindiak txapelketari berriro helduko zion zurrumurrua (…) Bigarren arrazoia, bertsolari handiak elkarrekin neurtzen ibiltzerik nahi eza litzateke, eta, beraz, trabak jarri izana Teodoro saiatuari, herrialdeen arteko txapelketaren antzekoak antola zitzan”.

Ez zen Hernandorena izan txapelketen dinamika berriro abiarazten saiatu zen bakarra. Alfontso Irigoienek ere, nola ez, egin zuen bere ahalegina. Kasu honetan traba aurrekoak baino prosaikoagoa suertatu zen: “Hainbat urte geroago, politika mundua. ETA eta abar, pilpilean zegoen, eta Lizundia etorri zitzaidan txapelketa bat egin behar genuela. Bizkaiko Garain egitea pentsatu genuen. Joan ginen eta Goardia Zibilek dena metrailetaz hartua zeukaten, eta ezin izan genuen egin” (Sarasua: 16).

Batengatik ez bazen bestearengatik, 12 urtean luzatuko da txapelketen bigarren eten hau, 1979. urtera arte.

Etenak etendakoa

Talentua soberan izan arren, behar beste zori izan ez duen txirrindulari bat erretiratzen denean, hanketan itzuli handi bat bazeukala esan ohi da. 70eko hamarkadako etenak utzitako hutsuneari erreparatuta, antzeko ariketa bat egingo dugu, bertsolaritza-fikzio pixka bat, errepaso honen amaiera gisa.

60ko hamarraldiko martxari eutsi izan balitzaio 70etan beste bost bat Euskal Herriko txapel banatu izango ziren; egungo martxan, bizpahiru.

Basarri, 68ko sariketaren salbuespena salbuespen, ofizialki erretiraturik zegoen txapelketetatik. Uztapidek bazituen jada hiru txapel, eta erretiroa ere ez zuen oso urruti. 1972ko apirilaren 30ean, Donostiako Anoeta pilotalekuan Zeruko Argia astekariaren aldeko jaialdi bat burutzen ari zelarik, mutu geratu zen jaialdi erdian, 1972ko maiatzaren 2an, Zestoan, kantatu zuen azkenekoz jendaurrean, eta handik astebetera tronbosi atake batek apartatu zuen erabat bertsogintzatik. Txapelketa horiek jokatu izan balira txapeldun berriak izango zituzten, bada, kasik seguru.

Aurreko hamarkadako bi txapeldun handiak erretiratuta edo erdi erretiratuta, txapelketa horietako gainerako sailkatuei erreparatuta ez da zaila hautagai batzuk irudikatzea.

1960ko txapelketan Basarri eta Uztapidez gain Xalbador eta Azpillaga izan ziren arratsaldekora pasa zirenak. 1962an Uztapide, Basarri, Xalbador eta Lazkao Txikik osatu zuten laukotea. 1965ekoan boskote bat pasa zen arratsaldekora: Uztapide, Lazkao Txiki, Xalbador, Mitxelena eta Mattin. 1967koan Uztapide, Xalbador, Lopategi eta Lazkao Txiki izan ziren lau onenak. Eta, azkenik, Onena Sariketan, Basarri, Xalbador eta Lasarte izan ziren arratsaldekora pasa zirenak.

Xalbador da lehen sailkatuen artean gehien ageri den izena. Badirudi 60ko bukaeran eta 70eko hasieran bera izan zitekeela indartsuena edo indartsuenetako bat.

Lazkao Txiki ere puntaren puntan zebilen. 60koan eta 68koan ez da onenen artean ageri, baina, izatez, ez dugu lehen txapelketan eta azken sariketan parte hartu zuenaren arrastorik topatu. 62an, 65ean eta 67an oso emaitza onak lortu zituen, Xalbadorren pare, eta 70eko hamarkadan plazetan izan zuen protagonismoa ikusirik esan daiteke bazuela txapel handi bat irabazteko bezainbesteko talentua.

Izen potente gehiago ere ageri dira hor. Jon Lopategi, esaterako. 82an eta 86an txapeldunorde izan ondoren, 89an –65 urterekin–, txapela irabazteko gaitasuna erakutsi bazuen, 70eko hamarkadan, sasoi bete-betean egonda, aukera asko izango zituen. Azpillaga ere oso bertsolari indartsua zen urte haietan, sasoi betekoa. Lasartek ere jarraitzaile ugari zituen…

Hori dauka bertsolaritza-fikzioa egiteak: gertatu ez zena nola izan zitekeen asmatzeak ez du zentzu handirik, baina, aldi berean, polita da Xalbador edo Lazkao Txiki Euskal Herriko txapela buruan dutela irudikatzea, horrelako izenak txapel nagusiaren irabazle ilustreen zerrendara gehitu ahal izatea.

Pena, etena.

 

 


 

[1] Hernandorenak berak kontatzen du nola ibili zen, ikerlari pribatu baten setaz, banan bana, herriz herri, taberna, baserri eta basoetan barrena bertsolarien ehizan. Kontakizun polita da, benetan: Goiz-Argi (1975/I/08) ‘Sunbillako Ximun Ibarra bertsolariari. Iratiko basoan egindako ‘Bataioa’’, Goiz-Argi (1975/II/26) ‘Euskalerrian zear… bertsolari billa. (Iriarte’ren bidez… Xalbador)’, Goiz-Argi (1975/IV/23) ‘Euskalerrian zear… bertsolari billa. (Urruña’ra Baxurkoren arrastoan)… Xabier Lasak guztiak bildu ditu ‘Begi kolpea’ Hernandorenaren biografían.

[2] El Diario Vasco (1962/XII/28) ‘Uztapide el bersolari nos dice: “Tengo mucho respeto a los participantes del Concurso Mundial, y especialmente al campeón”’; El Diario Vasco (1965/I/02)  ‘Campeonato de bersolaris, inenarrable eliminatoria, ‘Uztapide’ conserva su título’; La Voz de España (1965/I/02) ‘Quedo subcampeón ‘Lazkao-Chiqui’, quien ofreció dura resistencia’… 

[3] RTVEk Pio Caro Barojak zuzenduriko ordu erdiko dokumentala emititu zuen. Hemen ikusgai: http://www.rtve.es/alacarta/videos/fiesta/fiesta-bertsolaris-poetas-populares-vascos/3706444/

[4] Jon Etxaidek Herrian (1967/VI/22) eta Anaitasunan (iraileko zenbakian) ‘Gure lotsagarria’, Gipuzkoatik atalean; Zeruko Argian (1967/VI/25) Entzule bat ‘Negargarria benetan’ eta Iru-Garate gisa sinatzen zuen norbaitek ‘Euskalerria’k Anoetan galdutako partidua’…

[5] DORRONSORO, J; LEKUONA, J.M (1987): Bertsolaritza modernoaren bideak. Jakin aldizkariaren 44. zenbakia, 7-34 orrialdeak.

[6] Esnal, P (2008): Juan Mari Lekuona, bertsozale eta bertsolaritzaren eragile. In LETE, X., AULESTIA, G. ET AL (2008): Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005), 81-94 orr. Oiartzungo Udala-Euskaltzaindia.

[7] ETXEZARRETA, J. M. (1993): Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak. Auspoa, Sendoa.

[8] 67ko hartan ez zuten parte hartu Agirre, Lazkano edo Lasartek, eta Uztapidek, finalean Xalbadorrekin gertaturikoa ikusi ondoren, esan zuen horrelako saltsak izatekotan hobea zela batere txapelketarik ez egitea. Basarrik 62koaren ondotik txapelketetan parte hartzeari uko egina zion. Prentsaren bidez Antonio Valverde Ayalderekin izandako polemika baten baitan adierazi zuen bere erabakia En defensa propia izenburua zeraman artikuluan, La Voz de España (1963/I/06): “Caros lectores mios, ‘Basarri’ ha finalizado su obra. No se los años que me tendrá reservados el bondadoso Dios, pero he tomado la radical determinación de no participar nunca más en un certamen o en un campeonato de bersolaris. // Siempre estaré a laborar por la unión y la confraternidad de todos los vascos, pero jamas dividirlos y enfrentarlos unos contra otros como a ocurrido en esta ocasión”.

[9] SARASUA, J (1992): Alfontso Irigoien, Euskaltzain liberala. Bertsolari aldizkariaren, 5. zenbakia, 10-16.

[10] La Voz de España (1968/II/04) ‘Los bersolaris ante el concurso de hoy’: “Dije que no me presentaría a ningún campeonato. Esto no es un campeonato, sino un concurso especial. Los que no tomaban parte se presentan a éste; ello me ha movido a presentarme”.

Txapelketen historia: 70. hamarkadako etena. Antxoka Agirre