Nire oroitzapenak. Euxebio Igartzabal

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

2018-02-15

Nire oroitzapenak. Euxebio Igartzabal –

Bertso mundua ezagutzen edo maitatzen oso umea nintzela hasi nintzen, akordatzen naiz amak nola ekarri zidan Pernando Amezketarraren liburua Ordiziako azokatik, orduan “Villaprankako peritik”. Irakurtzen justu antzean nekiela baina bi edo hiru aldiz irakurri eta ulertzen nuenean buruz ikasi eta liburu hartako bertso eta ipuin gehienak buruan izan nituen. Hango “Pitxita, putzik botatzen al du ipurdia itxita?”

Nire oroitzapenak. Euxebio IgartzabalEdo erbirik ikusi al zuen galdetu ehiztariak eta erantzuna hamarrak aldera, gehienera ere hamaikak. “Hau eroa dek” esan eta ehiztariak alde. Handik laster Tolosan ikusi dute eta galdetu diote: “Hi tonto, zer ordu dek?” Eta Pernandoren erantzuna: “ederra zegoen, andreak eta biok jan genduan”.

Herriko apaizarekin izaten zituen hartu emanak eta hango bertsoak ere gogoan jasoak genituen hasiera hartan. Ondoren, Arantzazu aldizkarian Bernardo Alberro itsuaren bertsoak, guztiz itsua ez izan arren harek jarritako bertsoak ere ikasi genituen.Bistako ezbeharra izan eta Arantzazura erreguka joan zenekoa adibidez. Ez zegoen bertso oso ona izan beharrik guk Orduña buruan hartu eta sarri haiek kantatzeko.

Gabiriako plazan lehenengo kantatzen ikusi nituen bertsolariak, Bixente Mujika “Etxaburu” Ormaiztegikoa eta Patxi Beloki, Bidanikoa, baina Legazpin bizi zena ordurako eta oraindik ere han bizi dena. Puntutan kantatzen lehenengo aldiz orduan ikusi nituen. Handik urte batzuetara Ormaiztegiko LETAGen lanean hasi nintzen eta nor tokatuko enkargatu eta “Etxaburu” bera. Elkar ezagutu genuenetik aurrera egunero izaten genuen bertso munduaz zer esana. Behin Lazkao Txikiz esan zidana ez zait ahazten, artean Lazkao Txiki ez zen ezagutzen inongo txapelketan eta irten gabe, baina biak sarri jarduten ziren nonbait, eta horrela esan zidan: Lazkao Txiki historiara pasako den bertsolaria dek. Orduan ez dakit sinistu nion,baina geroztik bai sarri pentsatu det ze arrazoia zeukan Etxaburuk.

Astelehen batean, goizean lanean hasterako zeukan neri esateko zerbait. Bezperan bertsolariak ziren Beasainen eguerdian. Basarri, Uztapide, Lazkao txiki eta Lasarte. Fonda Urteagan zen bazkaria. Etxaburu ere tartean zen bazkaritan. Bazkalondoan hasi da bera lehenengo kantatzen eta orduan denak berari kantari. Solteroa nola zen gustoko andregairik ezin zuela aurkitu eta horrelakoak esanez. Lasartek kantatu ziona zeukan gogoan hartua:

 

                                                           Andregaia nahi luke

                                                           Bere gustokua

                                                           Ta ezin bilatu du

                                                           Neurri justokua

                                                           Ileare joan zaio

                                                           Ia kaskokua

                                                           Ezkondutare ez dago

                                                           Urte askokua

 

Goizeko zazpi eta erdiak baino lehen kontatu zidan bezperan berari kantatutako bertsoa.

Horrela izan ziren bertsoaren inguruan guk gogoan gordetzen ditugun lehengo gorabeherak. Oraindik gutxikoa ere badaukat berehala ahaztuko ez zaidana. Irujoren omenaldikoan Julio Soto bertsoa kantatzen hasi eta bideoan irudiak jarri, jendea haiei txaloka zela bertsorik ezin entzun, eta bertsoa ez entzutekotan alperrik dago han. Juliori zorionak eman nahi dizkiot giro hartan nahastu gabe bertsoa kantatzeko gai izan zelako,eta Irujori, nola ez, eman digun dena eman digulako.

Euxebio Igartzabal

Nire oroitzapenak. Euxebio Igartzabal